35.000 lagun dantzan, euskaldunen Far Westean

  • Bi aste barru egingo da Boisen euskal diasporako ekitaldi jendetsuena, Jaialdi. Bost urtean behin egiten da ospakizuna eta 2005eko edizioan 32.000 kroketa zerbitzatu ziren. Baina Jaialdi ez da kroketak eta dantzak bakarrik, hiltzen ari den AEBetako euskal komunitateari arnasa ematen dion festa berezia baizik.
Dave Eiguren Jaialdiko zuzendaria pozik agertu zen duela bost urteko edizioaren ostean Euskal Etxeak aldizkariari eskainitako elkarrizketan: “Gauzak ondo egiten ari garenaren sentsazioa dugu (...) Jaialdi etengabe antolatzen den zerbait da. Bihar bertan hasiko gara hurrengorako lanean”. Ez da harritzekoa Eigurenen poza, inoiz baino jende gehiago bildu zen 2005ean, 35.000 inguru. Boiseko Euzkaldunak Inc. elkarteko hamahiru laguneko lan taldearen eta 900 bolondresen zereginari esker, arrakastatsua suertatu zen diasporako euskal festa handiena, 1987an sortu zenetik izan duen goranzko joerari eutsiz.

Beraz, lanean jardun dira urte hauetan, eta seigarren edizioaren egitaraua pronto dute. Uztailaren 27an egingo diote Jaialdiri ongi etorria Basque Blocken, euskal jatetxe ugari, euskal etxea, museoa, frontoia, euskal kultur taldeen egoitzak, merkatua... biltzen dituen koadroa. Hura da AEBetako euskal komunitatearen zentro neuralgikoa, nolabait. Jakiak eta edariak izango dira bertan, musika eta dantza, aspaldiko lagunak eta berriketa... Hurrengo egunetan ekitaldi ugari burutuko dute. Bat nabarmentzearren, Festara emanaldia aipa liteke: Euskal Herritik joandako bi dantza talde, jadanik ibilbide luzea duen Boiseko Oinkari dantza taldeak, bertsolariak eta Trey McIntyre Proyect balleta ikusteko parada izango da. Azkeneko hau Boiseko kultur enbaxadore prestigiosoa da, lan horretarako subentzionatu zuen David Bieter alkateak, eta euskal kulturarekin erlazionaturiko koreografia prestatu du Jaialdin estreinatzeko. Boiseko udalak kalkulatu duenez, kultur ekitaldietan inbertitzen den dolar bakoitzeko zazpi dolar jasotzen ditu hiriak bueltan, eta Jaialdi bezalako ospakizunen inpaktu ekonomikoa oso handia da –aurtengo edizioan 50.000 pertsona erakartzeko erronka omen dute, 200.000 biztanle inguru dituen hirira–. Jaialdi 2010eko esponsorren artean enpresa ezagunak daude: OficceMax, Budweiser, KeyBank...

Ospakizuneko beste zita garrantzitsua Fairgrounds edo feria gunean izaten da. Dantzari mordoa bilduko da aurten bertan, Mendebaldeko sei estatutatik etorritako 36 dantza talde, hain zuzen.

Interneteko sare sozialak oso baliagarri suertatzen ari dira Jaialdi promozionatzeko. Esaterako, festa hiriko esparru askotara zabalduko da, eta Euskalkazeta.com webguneak leku horiek kokatzeko mapa interaktiboa sortu du Google-n. Bertan azaltzen dira ospakizunak, jatetxeak eta hotelak. Antolakuntzak prezio bereziak hitzartu ditu zenbait hotelekin, eta horietako askotan lekurik ez da geratzen jadanik. Bestalde, Twitterren eta Facebooken ere ari dira Jaialdi zabaltzen, eta bertara joango direnen iritziak irakur daitezke: “Zer duzu gogokoen Jaialditik?” dio eztabaidaguneko galderak: “Nire kultura euskaldunak ez diren lagunekin ospatzea, guztiek nahi dute izan euskaldun, kosta ala kosta!” dio Heatherek; “Momenturik emozionanteena izan zen ikustea nola nire aitak topo egin zuen haurra zeneko lagun batekin” Janetek; “Jaialditik gehien gustatzen zaidana da Euzkadiko lagunak ikusi eta lagun berriak ezagutzea. Ezin dute gehiago itxaron!” Anniek; “Dantza egin, abestu, jan eta edan!” egiten du garrasi Dianek.
 
Jaialdiren eginkizuna

Jaialdi kalimotxoa baina zerbait gehiago da ordea, AEBetako euskaldunei balio baitie beren nortasuna agertarazteko: “Talde etniko asko dagoen herrialdeak dira host country horiek, eta besteengandik bereizi beharra dago. Zein da biderik errazena? Kultur adierazpide bisualak erabiltzea, erraz ikusteko modukoak”, idatzi du Euskonewsen Benan Oregi Eusko Jaurlaritzako diaspora gaietako teknikariak.

Diasporan, euskal nortasuna mantentzeko, dantza eta gisa bereko espresioei heldu zaie. Ez hainbeste euskarari. Erreportaje honetako hurrengo orrialdeetan Miel A. Elustondok adierazi bezala, Nevada, Idaho, Kalifornia eta beste zenbait lekutako lehen belaunaldiko euskal hiztunak hiltzen ari dira azken urteetan barra-barra: “Zerrenda handiagoa osatzen dute hildako euskaldunek, bizi direnek baino AEBetako Mendebalde honetan” dio Elustondok.

Hala ere, saiatzen ari dira gazteenek euskara ikas dezaten. Gloria Totoricagüena adituaren arabera, Jaialdi bakoitzaren ondoren, Euzkaldunak Incorporated euskal etxeak bazkide berri ugari izaten ditu –egun 800 inguru dira–, eta ospakizunak AEBetako euskal komunitatearen ekintzak finantzatzeko balio du; tartean daude Boiseko ikastola eta Udaleku proiektua, besteak beste haurren euskalduntzea bultzatzeko sortuak.

Lehen Jaialdiren asmoa zen   “holiday festival” bakarra egitea San Ignazio egunarekin. Miren Artiach, Idahoko Estatu Idazkari Pete Cenarrusaren idazkaria, aritu zen hasiera hartan antolatzen. Bere esanetan helburua zen euskal nortasuna –“harrotasuna”– Boiseko gainerako herritarrekin partekatzea. Ondoren, 1990ean, Idahoko Estatuaren lehen mendeurrena zela-eta, Gobernadoreak euskaldunei beste Jaialdi bat  ospatzeko eskatu zien, eta hala egin zen. Harrera ederra izan zuen bigarren edizioak eta bost urtetik behin egingo zela erabaki zen. Pixkanaka sona hartu duen ekitaldia izan da, bai Idahon eta baita nazioartean ere.

Patxi Lopez lehendakaria euskal diasporen aurrean lehen aldiz

Aurreko Jaialditan bezala, aurten ere makina bat lagun hurbilduko da Boisera Euskal Herritik, nola dantza talde, bertsolari, herri kirolari edota musikariak, hala oporretan doazen bidaiariak. Politikari eta ordezkari instituzionalak ere ez dira faltako Jaialdin.
Antolakuntzak Patxi Lopez lehendakaria gonbidatu du, eta azken orduko ustekaberik ez badago, han izango dela konfirmatu du. Albisteak interesa piztu du, lehendakari izendatu zutenetik ez baitu diasporara izaera horretako bisitarik egin. Lopezen Gobernuak errezelo handia aurkitu du Ibarretxek asko zaindu zuen Amerikako euskal kolektibitatean, eta Idahoko bidaia hori “benetako proba” bezala ulertu du askok. Hori gutxi balitz, duela aste batzuk polemika piztu zen, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao (EAJ) Jaialdira bere kabuz joango dela jakin zenean. Aldunditik adierazi dute Bilbaoren bidaia aurrez prestatuta zegoela, baina sozialistek lehendakariari “itzala egiteko” estrategia ikusi dute atzean. Gipuzkoako Aldundiko kanpo harremanetarako diputatu Iñaki Galdos (H1!) ere bertan izango da, beste delegazio batekin.

Idaho Statesman Boiseko erreferentziazko egunkariak artikulua plazaratu zuen “Politikak muturra sar dezake Jaialdin” izenburupean. Artikuluan, Euzkadunak Inc.-eko arduradunek diote hura ez dela “ekitaldi politikoa”, kulturala baizik, eta ez dute inolako zalapartarik egotea espero. Euskal jatorriko Idahoko  politikari ezagunak ere iritzi berekoak dira: “Gehiengoak  kultura ospatu eta gozatu nahi du, besterik gabe”, dio John Bieter, alkatearen anaiak.   
Heriotza Renon
Gero eta gutxiago dira lehen belaunaldiko euskaldunak bizirik AEBetan.

Hilabete darama hetsirik Renotik ekarri dudan gutunazalak. Badakit zer dudan zain bertan. Hildakoen oroitzapen mingarria. Hildako gehiegi denbora gutxian. Biziak hila du zor, jakinekoa da erranairua. Hori bezain topikoa ez, Orixek idatzia, William A. Douglassen Death in Murelaga liburu azal guztiz beltzaren gaztelaniazko bertsioari Eduardo Estrade itzultzaileak ezarri ziona: Jaio nintzen hiltzeko / denbora oroz noa hiltzen / hildakoan erabat / hasiko naiz bizitzen. Bertsoaren ederragatik ere, kontsolagarri eskasa.

Heriotza usaina dakart Renotik, heriotza herriko Zazpiak Bat euskal klubaren buletinean. “Damu gara hainbat euskaldunen heriotzaren berri eman beharra. Gure doluminak hildakoen senide eta lagunei”. Hila da Alvida “Al” Josephine Hafford, Mary Barnetche eta Urbano Pedroarena Pete Arena euskaldunen alaba. Hila da Lola B. Olaciregui. Hila, Lolaren neba Ray Barainca. Hila, Peter Dominique Mick Laxalt. Hila Raymond Gabica. Hila Joseph Joe Mendive. Hila, Bruce Laxalt… Horiek denak aurtengo udaberrian joanak, berrikitan hilak, baina aski izan duzu telefonoa hartu, adiskide zaharrei deiadarra jo eta berehala jakiteko. Inazio Olarreagak esan dizu: “Bai. Asko hil dira denbora gutxian. Eta Frantzisko Aranda, hil zen gizajoa. Gure laguna. Eta Ramon Jaioren anaia ere hil dela entzun dut. Luis Jaio. Euskaldunak, hildako asko izan dira Renon oso denbora gutxian”. Gero zer etorriko den, kezka. “Oraingo euskaldunak hiltzen direnean, akabo! Gazteek ez dute interesik”. Xanti Basterretxeak ez du besterik esango. “Txato Gerrikabeitia? Hil zen. Hortaz, jakin duzu Ramonen anaia ere lurperatu duguna… Hemen euskaldunak bagoaz”.

Eta hartu autoa eta ihes egin diozu Renori. Ihes heriotzari, Bagdadeko merkataria gogoan harturik. Hegoalderantz jo duzu, Minden-Gardnervillera. Nevadan oraindik, baina Kaliforniako mugari buruz. Han, Juan Leonisen heriotzaren berri eman dizute biziek.

Eta hartu autoa eta ipar-ekialdera abiatu zara orduan, Reno saihetsetik iragan eta Winnemuccarantz. Bertan, hila da Migel Olano. Jerry Etcheverryk esan dizu, bigarren belaunaldiko euskaradunak. Badu jakituria, badu ezagutza. Winnemucca eta herriko euskaldunak bertatik bertara ezagutzen ditu. "Dozena erdi dira lehenbiziko generazioko euskaldunak Winnemuccan. Sei. Joanak dira gainerako guziak". Eta izendatu ere dizkizu banan-banan jaso ez duzun elkarrizketa informalean. “Pete Salla, Nekane, Estanis, Isidro… Sei”.

Eta hartu autoa eta heriotzari ihesi oraindik, Winnemuccatik iparralderago. Iragan duzu Orovadako Basque Blvd bide-seinalea McDermitt herrira bidean. Iragan dituzu Lasa eta Albisu kale izenak McDermitt sarreran. Hain zuzen, Albisutar baten etxea duzu jomuga. Orain dela lau urte ageri zuen amerikar banderarik ez du erakusten. Ilintia da abertzaletasunaren sua, nonbait... Jo duzu kax-kax. Inor ez bertan. Jo duzu ezagutzen duzun beste euskaldun baten etxea. Atariko belarretan, ohol zurian beltz: 130 Basque Home. Ate gainean, Alcorta's zenuen duela bost urte; joana da hori ere. Jo duzu, dena den. Inor ez, isiltasuna besterik. Jo duzu Etchart. Inor ez. Jo duzu… Jo duzu hilerrira, badakizu han euskaldunak beti dituzuna zain, bakardadean, haizearen hegaletan espiritu… Hala ere, ez ohiko mugimendua McDermitteko hilerrian. Langileak, hura apain dotoretzen. Memorial Day dute laster, hildakoen eguna. Bizirik ez duzu euskaldunik ikusi. Hildakoekin ari zara, hilobien argazkiak bata bestearen ondoren egiten. Lasa, Albisu, Jaca, Arruti, Echave, Bengochea, Ruiz, Yraguen, Babiola, Achaval, Ansotegui, Alcorta, Arrien…

–Senideren baten bila? –diost langile koadrila zuzentzen duen adinekoak.

–Euskaldunen bila!

–O, ikusten dut! Mordoxka duzu hilerri alderdi honetan… Bernardo Alcorta, diozu? Iaz hil zen. Arbolape hartan duzu ehortzirik, hilarria jarri gabe oraindik. Andrea ez, andrea bizirik da. Gorraizeak jota dago eta horregatik ez zizun irekiko. Adin handikoa bai, baina bizirik… John Albisu? Winnemuccara joan direla uste dut, sendagilearenena. Bizi da hura ere. Anaia hil zitzaion, Jim. Gaitzak hartu zuen, minbizi suerte batek, eta airean joan zen. Ez duzu haren hilobirik ez aztarnarik hemen, hilerrian. Erre zuten eta mendi magalean haizatu zituzten haren errautsak. Haiek denak ezagutu nituen, haiekin joan nintzen eskolara, hemen, McDermitten. Jende ona. Oraindik badituzu batzuk hemen, baina ez garai batean bezainbeste. Ez gara betiko. Hil ziren…

–Nola duzu izena?

–George Wilkinson, beste alderdi horretan dituzu nire senideak lurpean –eta euskaldun gehiagoren aztarna eman dizu, hilak batzuk, biziak beste batzuk.

Ezbairik gabe, askoz ere zerrenda handiagoa osatzen dizute hildako euskaldunek, bizi direnek baino AEBetako Mendebalde honetan. Kalifornian, Nevadan, Idahon, Wyomingeko herrietan, badoaz lehen belaunaldiko euskaldunak. 1975ekoa bide da Renon denik eta lehenbiziko generazioko azken euskalduna. Juan Braña aizkolaria da. Eraikuntzan bertan ere, Nevadan hainbat eta hainbat euskaldunek jardun duten lanbidean bertan ere, bakarra da. Erretiraturik bizi dira gainerako guztiak.

Kito da aspaldi immigrazioa. Ez dago euskaldun berririk, Jaialdi eta gisako festaren hotsetara bazter hartara jotzen duen bisitari turista besterik.

Mundu baten akabua. Bestelako baten hasiera, itzulerarik gabeko bidean.

- Ikusi Miel A. Elustondok AEBetako Mendebaldera egindako bidaiaren diaporama.
“Begi bistan gordeta”: Ellis Irlatik Boiseko Jaialdira
Begi bistan gordeta: horrela egon gara urte luzez euskaldunak AEBetan eta izenburu horren pean aurkeztu da New Yorkeko Ellis Irlan otsailaren 7tik maiatzaren 9ra euskaldunen inguruko erakusketa. Bertan, 104 urteko Luciana Aboitizek ongi-etorria eman du hiru hilabetez Lekeitioko berbaroan. Lucianaren bizitzak laburbiltzen du gaztetan jaioterria utzi eta urte luzez AEBetan bizitakoen historia.

Boiseko Basque Museum eta Cultural Center-ak, Idaho Humanities Council eta Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, antolatu dute erakusketa hau Ellis Irlako immigrazio museoan. Baina irla honek ez die beti ongi-etorri abegikorrik egin bisitariei. Eraikin honetako azken solairuko sei gela erabili dira erakusketa honetarako: hain zuzen, AEBetan onartuak izateko itxaropena zuten etorkin askoren itxaron gelak izan ziren haiek.

Ellis Irla New Yorkeko ikonorik famatuenaren ondoan dago. Hainbat herrialdetatik itsasontziz luze bidaiatutakoek gogotsu ikusiko zuten amestutako Statue of Liberty. Joandako askok bilatzen zuten American Dream-a eta batzuek amets hau betetzea lortu zuten; beste batzuek aldiz emigrazio frogak eta tramiteak pasatu ez, eta atsekabetuta berriz bueltatu behar izan zuten jaioterrira. Horrelako historiak bizi izan zituzten Euskal Herritik joandako askok ere.

Ellis Irla erakusketa honetarako espazio estrategikoa izan da. Alde batetik, urtero bertaratzen diren milaka bisitariengatik. Bestaldetik, AEBetara 1892-1954 bitartean joan zirenek bertatik pasatu behar izaten zutelako beraien ametsak betetzeko aukera izan aurretik. Marie Mingo Aberasturik kontatzen du Ellis Irlara heldu eta bertan ofizial bat galderak egin eta egin aritu zitzaiola gaztelaniaz. Mariek ez zion tutik ulertzen eta, beldurtuta, ez zion ezer erantzuten. Ama urduri jartzen hasi eta Marieri esan zion zerbait esateko, bestela berriz bueltan bidaliko zituztela eta ez zutela aita sekula berriro ikusiko. Marie negar zotinka hasi eta azkenean ofizialak pasatzen utzi zien. Mariek dioen bezala, mutua izan balitz ez zieten pasatzen utziko.

Ellis Irlako frogak pasatakoek egin zuten, beraz, AEBetako Euskal Herriko historia. Askok Mendebalderantz jo zuten trenez. Batzuk Kaliforniara joan ziren, beste batzuk Idahora eta Nevadara, eta badaude Oregon eta Washingtonera joandakoak ere, besteak beste.

Zaila da zehatz jakitea zenbat euskaldun joan zen AEBetara, orduan espainiar edo frantziar bezala erregistratzen baitziren. Asko aitarekin edo senarrarekin elkartzeko asmoz joandako sendiak ziren. Baziren emakume gazteak ere euskal hoteletan lan egiteko asmoz joandakoak.

Erakusketa hau Euskal Herria kokatzeko ere lagungarria izan da. Horretarako gure herriari buruzko informazio orokorra eta lehenaldiko eta orainaldiko argazkiak egon dira, izan garena eta garena irudikatuaz. Hobetzekoen artean, Euskal Herria eta Euskadi terminoak ez dira beti modu egokian erabili eta EAEri emandako informazioak ere ez ditu etorkin guztiak osotasunean errepresentatu.

Historian atzera egin eta Cristobal Colonen espedizioan parte hartutako euskaldunek edota Juan de Oñate bezalako esploratzaileek, orduko euskal merkatariek eta bale arrantzaleek hasierako emigrazio mota errepresentatu dute erakusketan.
Bitxikerien artean, adibidez, John Adamsek, AEBetako bigarren presidenteak eta AEBen fundatzaileak, 1979an Bizkaia bisitatu eta euskal gobernu demokratikoaren inguruan adierazitako miresmena. Alabaina, euskaldunek Bigarren Mundu Gerran euskara erabiltzea kodigo gisa.

AEBetako politikarien atalean Paul Laxalt, Pete T. Cenarrusa, Anthony “Tony” Yturri eta John Garamendi nabarmendu dira; baita Jose Antonio Agirreren erbestealdia ere. Gernikako arbola, baserriak, kostako eta barnealdeko herriak, hasierako industria, Gernikako bonbardaketa eta Gerrate Zibila ere presente egon dira. Gela berean, iskintxo batean, ETAren historiari buruzko informazio orokorra.

Lauburua, ikurrina, euskal dantza eta kirolei ere eman zaie tartea. AEBetako euskal Hotelak, pelota, frontoiak, AEBetako euskal jatetxeak eta euskal etxeak ere izan dira bisitaren parte.

Ikus-entzunezko euskarrien bidez euskaldunek AEBetako paisaian izandako eragina jaso da: euskal motelen seinaleak edota euskal izenak daramatzaten auto-matrikulak, esate baterako. Paisaiarekin lotuta, Earle Swope eta Amy Nack artisten eskutik euskal artzainek Idahoko mendietako lertxunetan egindako marrazki eta idatzien (arborglyphs) interpretazioa egin da.

Euskal artzainek ere izan dute merezitako gunea. Jose Bengoechea eta Juan Achabal (John Archabal) amerikar ametsa bete izanaren eredu dira . Bigarren Mundu Gerraren ostean eskulana behar zen eta ondorioz euskaldun asko joan zen AEBetara, gehienak artzain lanak egitera. 70. hamarkadan emigrazioak beherakada nabarmena egin zuen, besteak beste, Euskal Herriko egoera ekonomikoaren hobekuntzagatik. Garai hau euskal emigrazioaren bukaeratzat jotzen da sarri. Ordutik aurrera hego-amerikarrak aritu izan dira AEBetan artzain.

Ezin ditugu ahaztu AEBetara joandako milaka pertsonak, eta bertan bizitza berri bat hasteko gelditu ziren ehunka lagunak. Erakusketa honek aurpegia eta izen-abizenak ipini dizkie pertsona hauei. Gogor lan eginda gero, lur berrian erein zuten hazia. Orain, hurrengo belaunaldikoen esku dago beraien aiton-amonen hazia ernaltzea. Horretan ari dira, adibidez, Jaialdi antolatzen buru-belarri dihardutenak; eta ahalegin horren eredu dira baita ere erakusketan aipatzen diren Boiseko Ikastola, North American Basque Organization, Basque Museum & Cultural Center, Boise State Universityko Basque Studies Program edota Reno Unibertsitateko Center for Basque Studies.

Ellis Irlako erakusketa ez da oso handia izan, baina bai esanguratsua. Berau ikusterik izan ez dutenek, badute oraindik aukera. Nahiz eta ez osorik, erakusketa hau Boiseko 2010eko Jaialdin izango da. Ondoren, irailetik aurrera, bertako euskal museoan egongo da gure historiaren testigantza lana egiteko asmoz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude