Lantokira iritsi aurreko euskararen urratsak

  • Makina-Erremintaren Institutua (IMH) Elgoibarren (Gipuzkoa) dago, Berrikuntza Teknologikorako Zentroa eta Lanbide Heziketa eskola da. Makina-erremintaren inguruko prestakuntzaren eta zerbitzuen eskaintzan, euskara txertatzen aurrenetako zentroa izan zen.
Ikasleak eta langileak hizkuntza harremanetan, %58an euskaraz aritu dira, 2009ko neurketaren arabera.IMH
Elgoibarko eta inguruko eskualdeetako errealitate soziolinguistikoak bultzatuta sortu zen Goazen euskara plana IMHn. Aintzat hartu beharrekoa da Elgoibar, Debabarrena eta Urola-Kosta eskualde euskaldunak direla. 2003an, AEK-ko Ahize Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuaren eta IMHren arteko lankidetzari esker jarri zuten abian euskara plana. IMHn bertan euskararen erabilera sustatzea eta makina-erremintaren sektorean eragitea dira planaren helburu nagusiak. Euskara plana garatzeko zazpi programaren metodologia –erabilera, ezagutza, motibazioa, erakundetzea, komunikazioa, finantzaketa eta jarraipena– landu dute. Bezeroen eskaerak, zerbitzuaren kalitatea, norbanakoen hizkuntza eskubideak eta enpresetara iritsi arteko hizkuntza katea bermatu eta uztartu nahi ditu IMHk. Hiru hizkuntzatan, hau da, euskaran, gaztelanian eta ingelesean, oinarrizko gaitasuna izango duten teknikariak formatzea da enpresaren beste xede nagusietakoa. Era berean, prestakuntza eta zerbitzu guztiak eleaniztasunean eskaintzeko hautua egin dute enpresa honetan.

Eskolak euskaraz

IMHko 2009ko datuen arabera (3.382 ikasle-langile), zerbitzu nagusi guztietan eskaini zituzten eskolak euskaraz. Edurne Bilbao IMHko komunikazio arduradunak jakinarazi digunez, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan eta Txandakako Ingeniaritzan, urtero sortzen dira euskarazko taldeak. Ingeniaritza Eskolan Logistika, Arazoak ebazteko tresnak eta Metodoak eta Industrializazioa, besteak beste, ematen dituen irakaslearekin hitz egin dugu eskolak euskaraz nola prestatzen dituzten jakiteko. Egoitz Badiolak hamar urte daramatza IMHn irakasle, eta Ingeniaritza eskolan duela hiru bat urte hasi ziren eskolak euskaraz ematen. Ikasgaietako euskarazko terminologiarekin zer moduz moldatzen diren galdetu diogu: “Ingeniaritzan eskolak gaztelaniaz eman izan direnez eta ematen direnez, material hori euskaratzeko itzulpen eta egokitzapen lanak egiten dira. Oro har, oraindik ez da hutsetik euskarazko materialik sortu behar izan. Ez dugu arazo berezirik izan euskarazko terminologiarekin. Hitz tekniko batzuk erabiltzeko ez dugu ohiturarik oraindik, arruntagoa zaigulako hitz batzuk gaztelaniaz esatea. Hala, ikasi egin behar ditugu hitz tekniko berri horiek eta erabili; hori da normaltasunera iristeko bidea. Hau guztia pixkanaka konponduko delakoan nago”. Badiolak dituen ikasle-langile gehienak euskaldun zaharrak dira, eta horiek ere ondo moldatzen omen dira euskarazko hitz teknikoekin. Hitz batzuen aurrean, irribarre egin edota zalantza batzuk sortzen bazaizkie ere, ez dute inongo arazorik.

Edurne Bilbaok jakinarazi digunez, badira euren prestakuntza gaztelaniaz jaso duten irakasleak eta euskarazko terminologia erabiltzea kostatzen zaienak. Kasu horietan, ahozko azalpenetan gaztelaniazko eta euskarazko terminoak tartekatu ohi dituzte irakasleek. Bidenabar, noizbait gertatu izan zaie irakasgai jakin bat euskaraz emateko inor ez topatzea. Oro har, gero eta errazagoa gertatzen zaie IMHn irakasle euskaldunak aurkitzea.

%26 euskaraz

Makina-Erremintaren Institutuak plazaratu berri ditu 2009ko Goazen planaren inguruko datuak. Enpresaren ahozko lan hizkuntzaren %58 euskaraz egin zen, eta idatzizkoan %30. Azken urteetako datuei erreparatuz gero, euskararen erabilera areagotzen ari da enpresan. Enpresako langile euskaldunen %69k erabili zuten euskara ahozko harremanetan, eta %45ek idatzizko harremanetan. Formazioari dagokionez, berriz, eskaintza guztiaren %26,5 eman zen euskaraz. Hain zuzen ere, 9.863 ordu. Azken urteetako daturik onenak izan dira eurentzat.

Datozen egitasmoak

Udaberri honetan kanpaina berezia abiatuko du IMHk euskarazko prestakuntza zerbitzuak sustatzeko, bereziki, langileei zuzendutako prestakuntza iraunkorra indartzeko.

Bestalde, Hasierako Lanbide Heziketan eta Ingeniaritzan praktika moduluak euskaraz garatu nahi dituzte, eleaniztasun proiektuaren baitan. Esaterako, Edurne Bilbaok adierazi digunez, Ingeniaritzako ikasleek ikastaroko alde praktikoa euren enpresetan garatzen dute, eta enpresen hizkuntza-kudeaketa aintzat hartu behar izaten dute. Bilbaok gaineratu duenez, askotan gertatu izan zaie ikasleek ahozko lana euskaraz garatzea, eta idazterako orduan gaztelania erabiltzea. Oro har, oso ikasle gutxi animatzen da proiektuak euskaraz garatzen. Horretarako, aurten aurreikusi dute hizkuntza errefortzua eskaintzea proiektua euskaraz egiteko pausoa ematen duenari.

Heziketa Zikloetako ikasleek eleaniztasunean ikasteko aukera izaten dute, eta euskaraz eta gaztelaniaz ikasteko taldeak osatzen badira ere, ingelesez ikasteko taldeak ez dira sortzen. Hori dela eta, ikasgai batzuetako modulu jakin batzuk ingelesez garatzeko asmoa dute IMHn. Eta ikasle batek euskaraz ikasteko hautua egin badu, era berean, baliabideak eskainiko zaizkio, modulu batzuk gaztelaniaz eta ingelesez egin ahal izateko. Gauza bera gaztelania hautatu duenarekin. Eleaniztasunaren ildo honetatik jarraituko dute lanean.
makina-erremintaren institutua
Makina-Erremintaren Institutua
IMHk goi eta erdi mailako Lanbide Heziketako Ziklo Industrialak eskaintzen ditu. Hala nola, Fabrikazio Mekanikako Diseinuak, Industri Ekipoen Mantenimendua, eta Makineria eta Linea-eroanbideen Instalazio eta Matenimendu Elektro-mekanikoa. Lanbide Heziketa Iraunkorreko Ikastaroak ere eskaintzen ditu; langabeak eta lanean ari direnak eguneratzeko ikastaroak. Bestetik, IMH Ingeniaritza Eskola ere topa dezakegu eskaintzen artean; lana eta ikasketak txandakatze metodoarekin bateratzen dituen unibertsitate mailako prestakuntza. Ekinberri egitasmoak, berriz, bertako eta Europako proiektuak garatzen ditu, baita Internet bidezko formazio teknikoa ere. Enpresei, Incress egitasmoaren bitartez, langileen gaitasunen kudeaketa egokia egiteko zerbitzu integrala eskaintzen zaie.
Euskaren erabilera

Azkenak
EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan: pikete eta mobilizazioekin hasi dute eguna irakasleek

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Sara Torres. Potentzia eta desira
“Desirak ez du berezko objekturik: polimorfoa da, eta desbideratzera jotzen du”

Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


Eguneraketa berriak daude