"Buztingintza transmisioa gal ez zedin katebegia izan nintzen"

  • Euskal zeramika museoa Ollerietan (Elosu, Araba). Azken buztingilearengandik jaso zuen lanbideari beste tornu bat eman guran ari da Blanca Gomez de Segura.

    Joxemiel Barandiaranek zioenez, 4.000 urte historia du eltzegintzak gurean. Iraganaren ateak zabalik, oraina eta geroa uztartu ditugu barruan…
Blanca Gomez de Segura
Blanca Gomez de SeguraDani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zer da museora datorrenari azaltzen diozun lehenengo gauza?


Lehenengorik ez dut nik esaten, eurek baino: “Ea, zer dakizue zeramikari buruz?” eta, “etxean katilu bat daukadala!”. Eta hortik abiatu eta neure diskurtsora eramaten dut bisitaria. Zeramika ez da buztina erreta baino. Buztina, berez, lehengai berezia da, arroka sedimentarioa, eta biguna, orain dela hamar mila urte zeramika sortu zenean erabiltzen zen material bera: buztina.

Lehengai hori zure eskumenetik kanpo dago Ollerietan, Legution urtegia egin zutenetik. Ez da penagarria?


Penagarriago izango zen gizakiak buztina lantzeko zuen jakituria galdu izan balitz. Lehengaia ez da galduko. Naturak ez dio sedimentuak sortzeari uzten. Mendien eta harkaitzen higadurak sedimentuak eragingo ditu eta, beraz, buztina hor izango da gero ere. Jakituria galduz gero, aldiz, akabo. Urtegiak buztina ezkutarazi zuen baina, beste alde batetik, buztinagatik egin zuten hura hemen, buztina iragazgaitza delako. Duela 50 urte Legutioko biltegia egin zutenean, bertako nekazariak lur onenak gabe geratu ziren, buztingileak buztinik gabe, errotariak errotarik gabe…

Ollerietan, buztina urpean, Kataluniatik ekartzen duzue gaur egun.


Bartzelonatik, Esparreguera herritik. Euskal Herrian ere badugu buztina, izango ez dugu bada! Baina lurpean. Problema lurrazala harrotu eta azpiko buztina ateratzea da. Horixe izan da beti hemen problema. Bartzelonan ez dute horrelakorik, han mendiak buztinezkoak direlako, besterik gabe, ez dago azala harrotzen ibili beharrik. Errazago da. Egunero egiten dut ibilalditxo bat urtegiaren inguruan. Oraintxe, behe xamar dago ura, eta beti ekartzen dut zer edo zer. Testigantza bat da, nahi baduzu, baina gure inguruko munduarekiko lotura horri eustea gustatzen zait. Eta lanerako erabiltzen dut, jakina.


Keinu horrek badu erromantizismotik, ala?


Honelako lan batean jarduteko nahitaez eduki behar duzu ukitu hori. Zertan ukatu.

Arestian esan diguzu lehengaia baino inportanteago dela tradizioari eustea, arbasoengandik datorren giza jakituria jasotzea.


Bai. Esaterako, museo honetan dauden pieza guztiak kultur ondarearen parte dira. Ondarea, dena dela, ukitzekoa ez ezik, ukitu ezin dena ere bada. Oraintxe hasi gara horretaz jabetzen. Ondare ukiezina da, eman dezagun, hizkuntza, ipuin kontalari bat, buztingile bat… Alegia, lanbidea ere ondare da, inork duen jakituria hori, galtzen bada betiko galduko dena. Ni guztiz kontziente nintzen duela hogeita hamar urte Ollerietara etorri nintzenean… Euskal Herriko buztingileen gaineko ikerketa egiten ari nintzen sasoi hartan, eta hemen bertoko azken buztingilea ezagutu nuen.


Jose Ortiz de Zarate, alegia, iaz hila.


67 urte zituen nik ezagutu nuenean. Eta 94 urte bete arte bizi izan zen. Hona etorri nintzenean, nire helburua zen berak zekiena ez galtzea. Buztingile bat baino gehiago ezagutu nituen, baina Jose niri erakusteko prest zegoen. Besteak ez… Josek, bestalde, alde izan zuen zoria. Erretiratuta zegoen, baina sasoi onean. Eta luze iraun zuen sasoian. Josek zioena: “Erretiratuta nagok, ortua ez zaidak gustatzen. Abeltzain izan nauk baina ganadutegia semearena duk eta han ez diat enbarazu baino egiten…”. Hortaz, tornua ekarri genion, labea, eta esan genion: “Hasi, Jose! Egin beti egiten jakin duzuna!”. Eta hasi zen eta, erretiratu ostean, hogeita bost urte egin zituen zeramika lantzen, bere gogoz!

Gogo onez erakutsi zizun?


Hasieran, uzkur. Ez zuen emakumerik nahi buztingintzan. Euskal Herrian gizonezkoak izan dira beti lanbide honetan, eta Jose ere horretan zegoen. Ondoren, konturatu zen erakusten ez bazidan galdu egingo zela berak zekiena. Hurrengo fasean, diskurtsoa aldatu zuen: “Ikasi nahi duten guztiei erakutsi diet, andre nahiz gizon”. Hamabost lagunek jardun genuen harekin ikasten. Zenbat geratu ginen lanbidean? Bizpahiru, eta denak emakumezkoak! Kar, kar, kar!

Zer zioen orduan Josek?


Indarraren aitzakia jartzen hasi zen. Lanbide honetan indarra behar zela, alegia, hogeita bost kiloko piezak jasotzeko eta abar. Nik indarra kanpoan baino gehiago izan dut barruan, eta izerditan baina betetzen nuen nire lana. Sarri askotan, indar fisikoa baino burua gehiago erabiliz. Horixe esaten nion nik, indar hutsa ez ezik, abildadea ere beharko zela, beharbada. Josek, zahartutakoan –ondo zahartutakoan, gero!–, aitortu zidan: “Beharbada arrazoia izango duzu!”. Jakina, bera ere zahartzen ari zen, eta gero eta indar gutxiago zeukala konturatzen zen…


Zer ikasi zenuen Joseren ondoan?


Urguilua jaten! Umildadea. Buztinak zeure tokian ipintzen zaitu egunero. Hartu buztin pusketa bat eta ekin! Buztinak beti bere aldera egin nahi du. Zuk, ostera, zeurera ekarri nahi duzu. Eta lortzen duzu. Horrek izaera bat ematen dizu. Buztingileetan horrelako jendea topatu izan dut, dela Euskal Herrian, dela atzerrian, jendea harro da egiten duen lanaz, baina, aldi berean, oso umil: “Gaur hauxe egiten ari naiz, bihar ikusiko dugu!”. Dena erlatiboa da. Lanbideok norbera asebetetzeko balio dute. Buztin zati bat hartu eta pitxar bat katilua edo dena delako pieza egitera heldu!

Sormen lana, azken finean.


Sormen lana, bai. Baina ez aldez aurreko diseinua, ondoren tornuan egiten duzun pieza baino: itxura ematea, lehen egosketa, bigarrena, margotzea… Amaitutakoan, pieza aztertu eta: “Ez, ez zaidak nik gura nuen legez atera!”, edo, alderantziz: “Zelako polita!”… Gauza horiek ikasi nituen Joserengandik.

Eta zeure gisa?


Josek gurasoengandik ikasi zuen, tradizioaren jabe zen. Nik, ikasketa akademikoak egin nituen, eta hori ere ona da, metodologia sortzen laguntzen dizu-eta. Lanpostua sortu behar izan nuen, bakarrik lan egiten trebatu… Diziplinatua izan behar duzu. Lan prozesua erabakita dago, eguneroko errutina, baina egunero sortzen dira problemak eta ustekabekoak, eta horiek gertatzen direnean, gainditzeko gaitasuna izan behar duzu.

Joserengandik ikasitakoak aparte, lanbidea beste koska bat estutu genuen: buztina hartu eta etengabe piezak egitea… lan motza izango zen. Duela hamasei urte lan honetan hasi nintzenean, atzetik datorrenari erakusteko prest hasi nintzen, eta harengandik ikasteko ere bai. Esan gura dut, sarritan datorren jende adinekoak inon jaso ez diren jakingarriak kontatzen dizkigu. “Interaktibotasuna” esaten da gaur egun, informazio teknologiari loturik. Guk, teknologia barik, pertsonen arteko interakzioa azpimarratu gura dugu.


Esparregueratik ekarri ohi duzu buztina. Buztin guztiak buztin, baina berdinak ez.


Euskal Herrian erabili ohi dena burdin-buztina izan da, hemengo buztinak burdina asko duelako; kolore gorria izan du beti, eta esmalte zuria jartzen zitzaion gero gainetik. Horrela izan da azkeneko bostehun urtean. Kolore zuria eztainuak ematen dio, baina Euskal Herrian eztainurik ez eta Ingalaterratik ekartzen zen, eta Bilboko portutik barrena buztingileei, eta beste askori, heltzen zitzaien. Hori izan da tradizioaren bidea. XVIII. mendearen amaieran zenbait industria sortu ziren Euskal Herrian bertan, toska, portzelana, gresa… lantzeko. Buztin dira denak, baina ezberdinak dituzte osagaiak, eta haien arabera, tenperatura ezberdinetan egosten dira. Arruntena, buztin gorria, mila gradutan egosten da; toska, mila eta ehun gradutan; gresa, mila eta hirurehunean; portzelana, mila eta laurehunean… Gaur egun buztin guztiak dauzkagu eskura eta, apurka-apurka, ni neu ere horiek sartzen ari naiz nire lanean.

Era askotako funtzioak bete dituzte zeramika lanek iraganean. Eta gaur egun?


Euskal zeramikaren ezaugarrietako bat izan da erabilgarritasuna. Hori galtzen bada, lanbidea bera galduko da. Inportantea da jendea horretaz jabetzea. Erabilgarritasuna bermatzeko, hala ere, materiala bera egokitu behar da. Gaur egungo ontzi-garbigailu, mikrouhin labe eta gainerakoetan sartzeko balio behar du eta, nik, halako gres bat sartu dut. Bi urte iraun duen ikerketa ere egin dute... Azkenean, oso gres sendoa lortu dut, edozein etxe nahiz jatetxetan erabiltzeko modukoa. Hori edukita ere, ordea, beste problema bat sortzen zaigu… Oso produktu lehiakorra da, hala kalitatez nola prezioz, baina Euskal Herriko artisautzan huts egiten duen arloarekin egin dugu topo: komertzializazioa.


Azokak ez dira nahiko…


Hogeita hamar urtean ibili naiz azoketan, baina hainbeste ugaritu dira, jendeak interesa galdu du! Lehen ez zegoen beste erakusleihorik, baina gaur egun, kaleko giro horrek ez du produktua dagokion lekuan ipintzen. Saltoki handian jartzekoa ez da, bada, gure produktua, eta ondorioz, bitarteko erakusleihorik gabe geratu gara. Nik neure soluzioa eman diot, baina azokarik azoka dabilen artisauak non saldu behar du produktua duintasunez?

Erakusleiho egokia behar du artisauak.


Gauza asko dago egiteko. Joan deneko bost urtean izugarrizko lana egin da egoera zehazteko asmotan: zeintzuk gara, non gaude, zertan ari gara… Kulturaren euskal planean parte hartu dut. Artisautzari buruzko ponentzia egin nuen –hari bat nondik tira, azken finean–, eta interesgarria izan da, denok bildu garelako, metodologia bat erabaki dugulako… Baina inork ez digu ezer erregalatuko, administrazioak oso motelak izaten dira. Eman beharreko pausoak ikusten dituzu, garbi, baina gauzatu arte zenbat denbora! Eta, beti diodana, gure egoera ez da denbora luzean zain egoteko. Duela hamabost bat urte-edo, baziren hamabost lagun, gazte, lanbidean. Haiekin zer edo zer egin zitekeen, aurrera begirako proiektua… Gaur egun ez dira lan honetan ari. Sei-zortzi-hamar urte lanbidea ikasten igaro, hura berreskuratzen saiatzen eta, azkenean, ezin hortik bizi! Artisautza utzi eta beste zerbait bilatu behar jendeak! Horixe da momentuan daukagun egoera. Kulturaren planak zenbait bide markatzen zituen (kalitate labela eta abar), baina bertan geratu da asmoa, lotan.


Jakin-minez, Blanca, nolako zeramika ikusten duzu gure inguruko etxe eta jatetxeetan?


Hara, hor gabiltza Euskal Herriko produktuei dagokien balioa ematen, produktu naturalak eta beste. Sukaldaritza mundua eta! Bada, sukaldari bakoitzari jarri beharko litzaioke, nahitaez, gure zeramika bere jatetxean. Zer egiten dugu Arzakekin, adibidez, ontziteria Ingalaterran erosten badu! Ez dut esango jantoki osoan gure zeramika izan behar dutenik; astunagoa ere bada eta laster dira zerbitzariak kexan, baina jatetxe guztiek izaten dituzte lagun gutxiko bazkari bereziak… Horietan xehetasun guztiak zaindu behar dira, baita mahai-zapia ere, eta zaintzen dute, horratik!

Eta zeramika?


Zeramika ere bai, baina industriala, ez eskuz egina! Urrats hori egin behar da. Hori ez da gu buztingileon lana. Administrazioak ere badu bere partea, lagundu behar digu, artisauoi oro har. Oso inportantea da eskuz egiten den lanari balio ematea. Bertan egiten da, produktuari nortasuna erantsiz. Maitasunez egiten den lana estimatzen ikasi behar dugu. Zuri ari naiz, Arzaki, Argiñanori edo besteri esateko modurik izan ez dudalako.

Erabilera behar dute zuen ontziek.


Zerri hiltzea zenean, era bateko azpila erabiltzen zen. Ur bila joan behar zela, halako suila zeramaten emakumeek buru gainean. Gaur egunean bestelakoak dira beharrak. Joserengandik lekukoa jaso nuenean, lanbidea hondoa jota zegoen. Berrogeita hamar urte ziren erreka joa zuenetik. Nork behar zuen uretara joateko suila? Buztingileek hurrengo urratsik ez zuten egina, Katalunian ez bezala. Han, turisten eskariak eutsi zion lanbideari. Egia da hein batean nortasuna galdu zutela, hautsontzi egiteari ekin baitzioten amaieran. Baina lanbideari eutsi zioten, behintzat. Hemen ez. Euskal Herrian, duralexa heldu eta akabua etorri zitzaion buztingileari. Buztinarekiko lotura kultural-emozionala galdua genuen. Berriro Kataluniara joz, hango burgesiak bertan eginiko bol bat erabiltzen zuen olibak jateko. Hemen, duralexa zen onena! Nik lekukoa jaso nuen, buztingintza transmisioa gal ez zedin katebegia izan nintzen, honaino ekarri dut lanbidea eta tradizioari eutsiz, gaurko egun eta beharretara egokitzen ahalegintzen gara.
Nortasun agiria
Blanca Gomez de Segura Pierola (Zeanuri, Bizkaia, 1952). Markinan hazi zen eta Ondarroa-Markinetan murgildu zeramika munduan. Madril, Bartzelona, Gironako (Katalunia) La Bisbal d'Emporda eta Lugoko (Galizia) Sargadelosen ikasitakoak erakutsi zituen Lea-Artibain. Ikerketak eraman zuen Ollerietako (Elosu, Araba) Jose Ortiz de Zarate azken buztingilearengana eta harekin jardun zuen lanean 1987tik 93ra. Orduan, Ortiz de Zarateren garai bateko tailerra berregokitu eta lantoki-museoak egin zituen bertan. Han da harrezkero, buztin lanean eta bisitariei harrera egiten.

www.euskalzeramika.com
OFF THE RECORD - Polikratesen eraztuna
Santikurutze Kanpezukoa zuen Gomez de Segura aita. Ioarrez bestaldeko Torraba del Riokoa, Pierola ama. Basozaina zuen aita Zeanurira destinatu zutenean. Hantxe, Zubizabalen jaio zen Blanca, sei seme-alabako familiako kide. Markinan zen bederatzi urte zituela eta hantxe igaro zituen ondoko urteak, zeharo markinartu arte. Elosuko Ollerietara eraman zuen buztingintzak eta bertan da gaur egun, jaio zen Zubizabaletik harrikada bat bidera. Urtean pare bat itzuli egiten du bertara, bizikleta gainean.

Horra Polikratesen eraztuna itxi Begoren punta behatz nagian.

Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude