"Bertso ona edo txarra berdin txalotzeak ematen dit amorraziorik gehien"

  • Kasta gogorreko gizona, "Rusoa" krisi garaietan egin zen bertsolari: neska laguntzan lanik ez zutenek, saioa bertsotan egin behar. Ixilik gelditzea desondra, bertso on batek ez du txalorik merezi, erantzuna baizik. Gaur Joxe baino azkarragorik ez da izango horretan, denborari ere aurrea hartzen baitio: inork ezer esan aurretik botako dio erantzuna, bada ezpada. Momentuan botatzen ez bada, usoak azkar eta ondo hegan aldegiten baitu.

2000ko azaroaren 12an
Kalean jaio eta baserrian hazi zinen. Bertsotan giro ezberdina al zegoen kalean eta baserrian?

Kalean ez zen bertsotarako ilusio handirik. Garai hartan "aldeanos" gisa hartzen zituzten bertsolariak. Baserri giroan ez, giro ona zen. Nik ziur asko jaio nintzen tokian hazteko suertea izan banu ez nintzen bertsolari izango.
Baserrian ez zen beste dibertsiorik: jai arratsalde edo ilunabar aldera erromerian elkarrengana juntatu beharra izaten zen. Ilundu arte batzuk neskekin dantzan eta besteak neskei begira egoten ginen eta ilunduta alde egiten zuen ahal zuenak ahal zuen tokira. Eta geratzen ginenak bertsotan aritzen ginen nola-hala, 8-10 bat lagun. Hori zen gure kirola.

Etxean nolako giroa zegoen?


Bertso zaharrak kantatzen ziren. Nire izebak-eta bertso zaharrak zekizkiten, zure magnetofono horrek hartuko lituzkeenak baino gehiago.
Osabak eta aitonak ferira joaten zirenean bertso paperak ekartzen zituzten. Hura zen gure diploma. Haiek ikasteko desiratzen egoten ginen. Gaur baino buru hobea genuen, bigarren aldiz irakurtzerako 2-3 bertso hartzen genituen gogoan. Baita bertsoak entzutera joanda ere: Basarri, Uztapide... entzutera joaten ginenean 4-5 bertso ekartzen genituen buruan.

Nola hasi zinen?

Ez dakit, berezkoa izango da. Dendan erositakoa behintzat ez zen.

Gerrak zer ondorio ekarri zizkion bertsolaritzari?


Gerrak ez zion bentaja gehiegi egin. Orduan denak frankisten aldekoak ziren udaletxeetan eta aginpide pixka bat zegoen leku denetan. Leku askotan tradizioa zela eta jartzen zituzten bertsolariak, baina "hemen zuei asko gustatzen zaizuen hori ezta aipatu ere!" eta horrelakoak esaten zizkiguten. Makina bat aldiz bai, irten balkoira eta bertsoa ahoraino iritsi, eta hura irentsi eta ostera beste zerbait bota behar.
Horretan buru izugarria Uztapide zenak zuen. Harek pertsonari antzemango zion "eeepa, hau gutarra dek, edo ez..." Horretan zen polizia, baina latza! Iruditzen bazitzaion "hau gurekin ibiltzeko modukoa dek", iluntzera arte lagun. Baina ez bazuen eskuineko begitik hartzen egin beharrekoak egin, eta disimuluan alde egingo zuen.

Ez zen erraza izango politikaz kantatzea...


Edozer txorakeriagatik koartelera eramaten gintuzten... Aspergarria zen. Baten batek denuntzia jarri zuela esaten ziguten, baina guardia zibilak berak denuntziatzen gintuela uste dut. Gainera haiei ezin zitzaien bertsotako ezer esplikatu, esanda ere ez baitzuten sinesten. Lazkao Txiki zena eta biok joan ginen behin Getariara San Anton egun batean. Saio koskor bat egin, bazkaldu eta arratsaldeko saioa egitera. Bertako eskola nazionaleko maistrari omenaldia egin zioten. Gobernadorea ere han zen eta omenaldia egiteko udaletxeko salara igo ginenean; hango polizia! Barrura sartzera gindoazela: "íQué, a donde van ustedes!" "pues a cantar los bersos". "¿Pero, qué es lo que van a cantar?" eta Lazkao Txikik "Pues no sabemos". Eta andaluz itxi-itxia izango zen harek "ípue vaya cantaore de lo cojone!"
Haiei esplika iezaiezu bertsoa zer den!

Zuk ere koartela probatu duzu. Zer aitzakiarekin eraman zintuzten?

Behin behintzat Amezketan San Bartolome egun batean gertatu zen. Agirre eta biok pasa genuen eguna, eta hurrengo domekan itxura denez Gaztediaren Eguna zen, eta Mendizabal eta Zeberio ziren han kantari. Ez dakit haiek errege-erreginarengatik jardun zutela, edo... Alkateak zer egin zuen? Denuntzia sartu. Lehenbizi ni eraman ninduten, eta Agirre bi egunetara edo. Ni iristerako han zeuden Mendizabal eta Zeberio, haiek gainera denbora dezente egin zuten (3-4 hilabete). Guardia zibilek esaten zuten denuntzia jarri zutela, baina niri ez zait hori buruan sartzen. Niri ere esan zidaten "si, usted estuvo allØ en Zizurkil, dØa tal... ademßs usted no, pero su compañero terminó un berso diciendo guardia civil". Eta nire artean "no, guardia civil, no. No puede ser." Guardia zibil errimarekin bertsoa bukatzeko nik ezagutzen dudan baino bertsolari hobea izan behar du! Edo bestela bertsoa txarra izango zen, bitatik bat! Guardia zibil hori zebilkidan zer aterako...

Garai hartan nolakoa zen bertsolariaren ibilera?

Orduan ez zen oraingo konturik. Orain sartu kotxean eta denbora gutxian Euskal Herria puntatik puntara pasatzen duzu. Orduan goizeko 6:00-6:30etako trena edo autobusa hartu beharra zenuen iristeko. Gainera leku askotara ez zenuen konbinaziorik egunean bertan eta bezperan irten beharra izaten zen. Orain iluntzerako bukatzen duzu, orduan goizean joan eta hurrengo goizera arte izaten zen. Bizimodu kaxkarra. Ez nintzen bertsolari atera etxean bultza zidatelako. "Bai, habealdi berria pronto erantsiko diogu etxeari zurekin!" esaten zidaten (Habealdia esaten zitzaion etxeari puska bat berria eransteari eta hori baserria ongi zihoanaren seinale zen). Etxean bertsolariak ez zituzten gogoko, gero bai, hara eta hona hasi ginenean, baina...

Mikrofono askorik gabe ibiliak zarete.

Eztarri hutsez jarduten genuen. Taberna barruetan-eta tira, baina udaletxeko balkoitik eta jarduteko... Ni gehiena harritzen naiz Lezoko saioekin: 2. edo 3. pisutik aritu behar izaten zen, eta Erniotik Azpeitira bezala entzuten zen. Nik neuk garbo pixka bat izan nuen baina Txapel zaharrak oso ahots polita zuen baina baxua. Jendea isil-isilik eta gertuago egoten zen. Orain berriz deiadar handian, bozgorailu eta guzti aritzen gara, eta ixilik begira hamar egongo dira baina besteak han jardungo dira berriketan.

Doinu eta neurriak ere asko aldatu dira.

Orduan doinuetan zortziko txiki bat, handi bat eta hamarreko handi bat ibiltzen ziren, horiexek, 3-4 doinu, eta bakoitzak bere jiroa ematen zion. Orain doinu piloa darabilte, baina bertsotan ahotik ahora jarduteko niretzat balio edo merezi ez dutenak (tartean puntu motzak sartu eta...). Bertso ikasi eta paperekoetarako, instrumentuen laguntzaz bai, baina jardun luzerako... Habanera doinuan bertsotan bai, egin egiten duzu, baina hori izaten da zimaur piloa botatzea, ona edo txarra hor doa. Niretzat bertsoari grazia kendu egiten diote.

Zuk gairik gabe eta gaiekin kantatu izan diren bi boladak ezagutu dituzu...


Lehen ez zen gairik, norberak bilatu behar izaten zuen zerbait. Elkarrizketa bat bezala: pertsona batekin topo egiten duzu eta hasten zara zerbaitetaz hizketan, eta horixe zen. Gai kontua txapelketatik atzera hasi zen. Orain, berriz, gairik gabe ez da kantatzen.
Baina gehienetan zeuk sentitzen ez duzun gai bat jartzen dizute. Eta sentitzen ez baduzu, bertso hura halamoduzkoa izaten da, hotza behintzat.
Gai kontu horrek gainera zera du: jaiki eta bi bertso orain, halako gaiari. Atzera eseri eta handik hogei minutura berriz altxa. Hori niretzat txarra da. Behin hasten zarenean motorra berotu eta segi, baina ez altxa eta jarri, altxa eta jarri.

Zein entzule mota izaten zen orduan?


Entzule ona zen, baina orain adina txalo ez, e! Plazako saioa egin (ordu erdi edo hiru ordu laurdeneko hori) eta agurtzerakoan txalo jotzen bazuten, buenoo! Txaloa oso garestia zen orduan. Orain berriz txaloa kasi ez da jotzen bertsoa ona zelako, ixiltzen zarelako baizik. Niri amorraziorik gehiena ematen didana da zenbait lekutan bertso ona edo txarra kantatu txalo berdin berdina jotzen dutela. Hori seinale txarra da. Txistu jotzea ere ez da ederra izango, horixe ez zait tokatu, baina alferrikako txalo asko bai. Horiek ez dira sinistekoak.

Basarri-Uztapide bikotea nolakoa zen?

Uztapide azeria zen, bizkorra. Aurpegia gehiago zuen harek tontoarena beste ezer baino. Batzuk zioten Basarri harroa zela, niretzat hura ez zen gizon harroa izan. Bere izaera horixe zuen, garbo handikoa. Basarri bera izaten zen edozein lekutan hasten, eta gainera balio zuen horretarako. Ez zen gai bati bertso asko kantatzeko horietakoa: 3-4 gai bati, gero berak aldatuko zuen gaia... Horretan bizkorra zen, eta bertsolari ona gainera. Horixe joango zen mundu honetatik bertso txarrik kantatu gabe. Ez kantuan bakarrik, paperean ere bai. Ez nion behinere alderik bilatu hari paperetik ahora eta ahotik paperera. Asko dira paperetik oso onak eta ahotik ahora balio ez dutenak, eta beste asko, tartean Uztapide bera ahotik ahora onak, baina paperekoak ez direnak. Paperekoa erraz esaten da, baina nik neuk ordubetean egon edo hirutan egon, edo hiru segundotan, berdintsu. Nik hiru segundutan egiten ez badut hura ez dut hiru ordutan hobetuko.

Magnetofoiekin bertsoak grabatzen hasi zirenean nola hartu zenuten hori bertsolariek?

Uztapidek ez zuen gogoko bertsoak grabatzea. Mujika delako bat bertsoak biltzen aritzen zen magnetofoiarekin (orain irratian botatzen ditu). Harekin gaizki moldatzen zen. Ni neu ere, zer nahi duzu esatea, lehendik kantatzearekin nahikoa ez duzula, gainera, aurrean mikrofono edo artaburu horiek jartzen dizkizute eta orduan sentitzen duzu "bueno, nik ez dakit publiko eta egoera honetarako bakarrik edo norako ari naizen". Irrati eta telebistatik joaten den jendearekin berdin. Gainera esaten dizute bertsolaritzaren onerako ari omen direla! Bertsolaritzarentzat ona izango ahal da, bertsolarientzat ez dakit bentaja ikaragarria den! Lehen "poto huan, ez, ez huan..." gaur ez dago horrelakorik, poto bazen, poto.

Grabadorarik ez zen garaian aukera gehiago egongo zen Bizkaian kantatutakoa Iparraldean berriro botatzeko...


Bertso bera? Nik uste igual samarra leku askotan esana izango genuela. Bertso iguala ez zen izango dena, baina igual samarra bai. Gaur ez daukazu hori egiterik. Errimaren bat edo buruan geratzen bazaizu ixiltzen naiz, baina bestela nik baino artxibo hobea behar du gaur hemen kantatutakoa bihar han errepikatzeko.

Bertso eskolek beste bertsokera bat ekarri dute.


Herrian ere badira gazte batzuek, eta ongi moldatzen naiz haiekin. Bertsotan egin egiten dute gainera arraio horiek! Eskolan ikasiak edo, beste formula bat daukate bertsoak egiteko. Horiek bertsoa egin egiten dute eta gero hasten dira kantatzen. Nik ez dut horretarako balio. Ni bestea isiltzerako hasten ez banaiz seinale txarra. Bukaera bai, pentsatzen dugu. Baina guk bagenuen lagun bat, Mitxelena zena eta harek bertsoa hasi eta zetorren bezala osatzen zuen, bukaerarik ere pentsatu gabe. Azkoitiko euskal festa batzuetan apaiz goiherritar batek esan zion "Mitxelena, bertsolari gehienei tankera ematen diet nik bigarren punturako zerekin bukatu behar duen. Hirugarrenerako seguru behintzat. Eta zuri ez dizut antzematen". "Ez, baina besteek esaten dute azkena pentsatuta hasten direla, baina ni ez naiz horrela jarduten!" eta apaizak begira-begira jarrita "ez duzu egia esango, bestela ez zara bertsolari ona".

Etxean kantatzeko orain hiru bazarete...

Etxean? Sekula ez nuen kantatuko nik. Ezta ezkongai nintzela ere! Arrebak familia izanda bataioko bazkaritara joan ginen Azpillaga eta biok. Bazkalondoan bertsotan egin behar eta ama zenak "hara motel, batean eta bestean banekien jarduten hintzela, irratitik eta noizean behin entzun ere bai, baina ez hintuan behin ere ikusi". Hortik kontuak atera etxean zenbat jarduten genuen!

Pelikuletan parte hartu izan duzu. Zer moduzko esperientzia da hori?

 "Jaun eta jabe"ko atal bat grabatzera joan ginen Azpillaga eta biok. Neska koskor bat bazen, eta grabatzen hasi eta batean azkarregi pasa zela, bestean ez dakit zer egin zuela... behintzat hamar aldiz bai, errepikatu arazi ziguten. Hainbeste txorakeria ibiltzen dute horiek grabatzeko! Madrildar bat zegoen buru eta "bertso bera kantatu behar duzu!" esaten zigun (gazteleraz). Nik zer zekiat, ba, zer esan dudan! Lau edo bost aldiz, denak ezberdinak bota genituen. Eskerrak ulertzen ez zuen, bestela bidaliko ninduen etxera.
"Urte ilunak"ekin gauza bera. Pasadizo bat ederra zen: nik filmean aitonarena egiten nuen eta hil egiten nintzen. Makilatzaileak larri ibili ziren. Hildakoen kolorea eman nahi zidaten eta ezin. Pintura denekin ere koloreak ezin zuritu. Horiek denak pasa dira, eta kaja prestatu zuten gorputzarentzako eta kajan kabitzen ez! Kaja berriaren bila joan behar izan zuten.
Lantegi txarra da hori, niretzat behintzat. Han badakizu zer pazientzia behar den ezer ez egiteko? Dena hogei aldiz errepikatzen dute. Beste bideo batzuk sikiera zuzenean grabatzen dira, ongi edo gaizki atera, martxa!
Bertsoa
Doinua: Bogart eta Bilintx Danbatekua bizkar gainean

"Kaixo Joxe, hemen hago!"
Kea ta biak ditu seinale
zein baino zein bereago
txaloa zer den apenas dakin
semeak baino gehiago
bertsolaritan azkar hasteko
fama irabazia dago
baita bi bota ere, zenbaitek
bakarra baino lehenago.

Jexux Mari Irazu
Bizitzaren pasartea
Azkoititik Eletzura bide berria egin zutenean egin dugu saioa Basarrik eta biok. Bazkaldu, eta kontuak egiten hasi ginenean "beno, zurea zenbat da, gazte!" esan zidan alkateak. "Ez dakit, bada, beste horrek zenbat kobratu dizun, edo..." erantzun nion. "Zu, baina hori Basarri da gero, e!" barru barrutik. "Basarri? Badakit hori Basarri dena. Horrek erraz egiten du bertsotan, eta nire aldean merke ibili behar luke horrek, niri bere aldean askoz gehiago kostatzen zait bertsoa egitea!" Bioi berdin ordaindu zigun. Niri ere gazteren batekin kantatzea tokatzen zaidanean berdin ordaintzea gustatzen zait, eta kito. Zertarako apartatu behar duzu hura?
Bere hitzetan
"Bertsotarako bertso onak botatzea ez da nahikoa. Saio kaxkar baten ondoren buelta ematen eta goiari eusten jakin behar du". (Euskaldunon Egunkaria, 1994-3-20)

 "Gazte ginenean bata isildu eta bestea hasten ez bazen desondra zen". (Euskaldunon Egunkaria, 1997-7-22)

 "Saioa baju antxean doanean eta, antzerki pixka bat egiten, aktore izaten ere jakin behar du (bertsolariak)". (Euskaldunon Egunkaria, 1994-3-20)

 "Bolada batean politika historia horiek gora eta behera, Amnistia, edo Gora Euskadi edo zirt edo zart bukatuz gero dena egina zegoen. Eta hori egiten duen bertsolaria edozein da, edozein". (Argia, 1984-11-8)

 "Neretzat kontrariorik txarrenak hainbeste denbora bertsoa hasteko egiten dutenak dira. Hor hago erbia noiz ertengo zain eta...ez ote dik honek hasteko asmorik, galdetzen diok eure buruari. Nekatu egiten naiz holakotan. Zenbat eta denbora gehiago mikrofono aurrean isilik, hainbat eta beltzago ikusten diat neure burua". (Deia, 1986-3-30)

 "Bertso neurriek zenbat silaba dituzten... oraindik ere ez dakit. Doinuak berak erakusten du luzeegi edo motzegi eginez gero. Nahiago nuke silaba zer den baneki". (Euskaldunon Egunkaria, 1994-3-20 )
Curriculuma
- Jaio: Azpeitian, 1927an.
- Hazi: Txillarramendi bailarako Salaberri baserrian.
- Bertsolaria eta elektrizista izana.
- Bertso lagunak: Hasierakoak Txapel, Bixko, Zepai eta Loidisaletxe, besteak beste. Beranduago Uztapide eta Basarrirekin aritu zen. Gero Lazkao Txiki, Xalbador eta Joxe Agirrerekin, eta gaur egungo belaunaldi denekin ari da plazatan orain.
- Lehen saioa: 16-17 urterekin Azpeitiako Arana auzoan Txapel eta Mandiolatzarekin. Lehen saio garrantzitsua Irungo Bentasen egin zuen Zepairekin, Uztapideren ordez joanda, hark zintzurra gaizki zuela eta.
- Omenaldiak: 1977an Donostian. 1990ean Azpeitiako Udalak herriko zazpi bertsolariak omendu zituen, tartean Joxe Lizaso. 1992an Azpeitian Lagun Onak kirol elkarteak bere omena eskaini zion.
- Antzerkia: "Jaun eta jabe" Euskal Telebistako telesaileko atal batean aritu zen. "Urte ilunak" (Arantxa Lazkanok egina, 1993an) filmean aitonaren papera egin zuen.
Argazki Zaharra
1974ko martxoaren 10ean. Aurpegi ezagunak, batzuek mito bihurtu direnak. Beste askok gaurko bertsolari izaten jarraitzen dute.

Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude