ZAD mehatxatzen zuen aireportu proiektua bertan behera utzi du Frantziako Gobernuak

  • Asteazken eguerdian Frantziako lehen ministro Edouard Philippek jakinarazi dutenez, bertan behera utzi dute Bretainian 40 urtez Notre Damme des Landes eremuan eraiki nahi zuten aireportua. Prentsaurreko berean esan du ZAD eremua gurutzatzen duten errepideak "zirkulazio librerako" prest utzi behar dituztela, eta "legez kanpo dauden okupatzaileak joan egin behar dira udaberria baino lehen, edo kanporatuak izango dira", adierazi du.


2018ko urtarrilaren 17an - 13:54
Bizi proiektu alternatiboa eraikitzen ari dira Bretainiako ZADen.

ZADeko kideek oraindik ez dute albisteari buruzko oharrik atera. Halere, eremuan bertan poza nagusi dela ikusten den bideo hau zabaldu dute.

Bitartean, Frantzia Intsumitua alderdiak adierazi du "ZAD hustea ulertezina" izango litzatekeela.

Le Mondek aste honetan publikatu du 30 eta 40 Polizia unitate artean inguruetara mobilizatuak izan dira bertako herritarrak kanporatzeko.

Gaur 18:30ean elkarretaratzea deitua dago Baionako Herriko Etxearen aurrean.

Autobusa Euskal Herritik

Otsailaren 10ean Bretainiako Notre-Dame-des-Landesko ZADen manifestaldia deitu dute. Euskal Herria Zadista izenarekin, autobusa antolatzen ari dira Baionatik irtetako ostiral gauean, eta itzulera igande arratsaldean egiteko.

Izen emateko ondorengo emailera idatzi behar da: ehzadista@yahoo.com. 50 leku inguru daude autobusean, eta izena emanen duen jende kopuruaren arabera erreserbatuko da ala ez.

ZADeko kideek adierazia zuten milaka lagun biltzeko asmoa. Beren webgunean zintzilikatutako irakurketan, data erabakiorrak direla azpimarratu dute. Frantziako gobernuak egun horien bueltan erabaki behar du ea aireportu proiektua albo batera utziko duen, ala asmoei eutsiko dien. "Probabilitate guztien aurka, gobernuak erabakiko balu aurrera jarraitzea, asko izan behar ginateke bertan, erakusteko lanen hasieraren aurka egiteko prest gaudela eta ZADetik kanporatzea borrokatuko dugula".

Bideo hau egin dute deialdia zabaltzeko, eta azpian euskarazko itzulpena dago irakurgai.

Inoiz ez nintzen etorri hona. Inoiz! Nire makila ekarri nuen. Makil bat baizik ez zen besteen artean, lurrean sartua egun hartan. Pezoinean barna sartzen genituela, denok hitza eman genuen:

Hona itzultzea gobernua ZADeko lagunak kanporatzen saiatzen balitz.

Harrigarria zen! 40.000 lagun elkarturik ZAD eremuan. 2016ko urriaren 8a zen.

Gobernua? Inoiz ez da etorri.

Ez dute lortu honen guztiaren suntsitzen beren aireportu madarikatuaren eraikitzeko.

50 urte jendea borrokatzen dela aurka. Enegarren makina hiltzaile baten aurka, klima erretzen duena.

Baina ikusi dut -jendearen indarraz eta natur gunearen edertasunaz baino haratago- toki hori mirakuilu bitxi bat zela. Inperfektua noski, baina datozen ekaitz ilunak desegiteko indarra daukana. Berrisailei begiratzen nien: suteak oihanetan, etorkinak uretan itotzen, bankisa urtzen, bioaniztasuna gainbehera, Trump okerrenari ateak zabaltzen; gero eta horma gehiago altxatuak nonahi.

Eta krisiaren espektakuluen artetik, ZADari buruzko erreportaje bat bazegoen: “gaur, ZADeko erdigune ilun eta ezkutuko eremuan sartuko gara, zuzenbiderik gabeko eremuan!”

“Zuzenbiderik gabeko eremua!” Bai zuzenbiderik gabeko eremua da, bai!

Zuzenbide esatean: bizidunaren suntsitzeko zuzenbidea esaten baduzue; janari lurrak hormigoiz estaltzea esaten baduzue; etekina biziaren aurretik ezartzea esaten baduzue... beraz bai!

Baina beste zuzenbide batzuk badaude hemen:

ezberdina izatearena, gune batek xarmaturik uzteko zuzenbidea,

heure etxean nahi dunan moduan eraikitzeko zuzenbidea,

gure bizimoduak elkarren artean erabakitzeko zuzenbidea.

 

Makilen manifestaldi biharamunean ZADeko lagun batzuk ibilaldi batera gomitatu gintuzten.

Ikusi genituen arrabioak lohitik jalgitzen; beste batzuk aterpe berriko habeetan zizelkatzen; kantu berri bat entzun genuen Rap estudiotik airatzen.

Garagardo beltza edan genuen garagardotegian, konposta barreiatu baratze kolektiboetan, eta irin errota itzulika ari zela ogi beroa jan genuen labetik atera berria.

7 belaunaldi hauetan bertakoa den laborari batek bere behiak erakutsi zizkigun. Bera bezala, bere behiak ere “okupatzaileak” dira gauregun. Irrati Pirata hautematen zen.

Jende batzuk kalapitan entzun genituen etorkizunaz mintzo lur-sagarrak elkarrekin bereizten zituztela.

Aireportuko zaintza dorrea egin nahi zuten gunean eraiki “defentsa faro” tontorreraino igo ginen.

Rohanneko oihanean galdu.

 

Asteburu hartan ulertu nuen “komunaren” esanahia. Inarrosaldi ederra bildu nuen.

Hirira itzuli nintzelarik lanera berriro... ez dakit... arraro sentitu nintzen. Zinez arraro!

Badakin zer? Sekula heldu baditun beren aireportuaren eraikitzera, han egongo naun!

Amore ematen badute ere itzuliko naiz.

ZADaren lehertzea, halako esperientzia, itxaropena legez kanpo jartzea bezala litzateke.

 

Etorkizuna sustraitu dezagun Notre-Dame-des-Landesen

Denok ZADera otsailarean 10ean, 12:00tan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bretainia
2023-08-16 | Euskal Irratiak
Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz

220.000 biztanlek erregularki erabiltzen dute bretaindar hizkuntza. Emaitza aski arranguragarria, jakinez Bretaina historikoan 4 milioi biztanle badirela. Hori da bretaindarraren egoera gaur egun.


Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]


2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak

Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.


Iberdrolaren ontzi batek 16 kilometroko hidrokarburo isuria eragin du Bretainiako kostan

Aeolus ontziak astelehenean eman zuen isuriaren abisua. Konpondu artean, gertaturikoa ikertzen ari da fiskaltza.


Eguneraketa berriak daude