Puerto III: oraindik hamabi euskal preso daude Espainiako espetxerik gaiztoenean

  • Ez da kasualitatea Puerto de Santa Mariako Puerto III espetxean gertatu izana. Xabier Reyk ustez bere buruaz beste egin duen presondegia famatua da bere erregimen izugarri gogorragatik. 2013an Europako Kontseiluaren Torturaren Aurkako Batzordeak ikerlan batean nabarmendu zuenez, espetxeko funtzionarioek tratu txarrak ematen dizkiete bertako presoei.


2018ko martxoaren 08an - 10:37

Gertatzen da, nahiz eta ez gehiegitan, Madrilgo norbaitek memoria hobea edukitzea euskal presoen kontrako zanpaketaz euskaldunok baino. Kaosenlared hedabideari eskertu behar diogu herritarrei gogorarazi izana 2013an Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiako gobernua ohartarazi zuela Puerto III espetxean gertatzen diren oinarrizko eskubideen urraketaz.

2013 hartan Andalucía Informaciónek zabaldu zuen Europako Kontseiluaren batzordearen txostenaz APDHA Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak egindako agiria, besteren artean hau zioena espetxe honetaz:

"Puerto III-n egoera bereziki kezkagarria da. Nabarmen antzeman zitekeen han dagoen tentsioa eta Batzordeak elkarrizketatutako preso batzuek adierazi zuten funtzionarioek egin ziezazkieketen errepresalien beldur zirela, batzordeko kideekin hitz egite soilagatik. Batzordearen ordezkaritzak ia modulo guztietan bisitatu zituen presoek adierazi zuten jasan zituztela funtzionarioen tratu txarrak, antza denez gertatzen direnak modulo bakoitzeko beheko solairuan kontsulta mendikuaren ondoan dauden saletan, horiek dira telebista zirkuitu itxirik ez daukaten gune bakarrak. (...) Badirudi modulo berezian -15- bereziki problematikoak direla tratu txarrak, batez ere gauetan, disziplina arazoengatik edo ustez taldeko bizimodura ez egokitzeagatik isolamendu erregimenean dauden presoekiko".

Hain zuzen Puerto III-ko modulo berezi hori aipatzen du gaur Garak elkarrizketatu duen Txema Matanzas abokatuak. Matanzasek ondo ezagutzen du, 18-98 auzian kondenatuta bertan pasatu dituelako urte luzeak, besteren artean Xabier Rey hil berriarekin batera. Espetxe horretako gogortasunaren erdian bizirauteko botika ansiolitikoen beharra izan zuela aitortu du Matanzasek. Arantza Zulueta abokatua ere bertan eduki zuten, hiru urtez isolamendu osoan. 

Espainiako espetxerik suntsitzaileena den Puerto III-n hamabi euskal preso politikok segitzen dute gaur bertan, albiste honen lehenbiziko idazketan esan arren bederatzi zirela eta beranduago hamar. Etxerat elkarteak bere zerrendan dauzkanak eta Naiz hedabideak aipatutako bi gehiago batuta, hona zerrenda osoa:

Agirrebarrena Beldarrain, Aitor
Barreras Diaz, Oskar
Beobide Arza, Ibai
Bienzobas, Jon
Bilbao, Iñaki
Castro Zabaleta, Manex
Cotano Sinde, Aitor
Dorronsoro Malaxetxebarria, J.M
Enbeita Ortuondo, Joseba
Etxeberrria Garaikoetxea, J Mari
Parot Navarro, Unai
Pastor, Dani

Puerto de Santa Maria eta Algecirasko espetxeetara bisitan zihoaze senide eta lagunek argazki hau zabaldu zuten martxoaren 10ean: atzen ageri da Puerto III espetxea.

[2018-03-12an editatua]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude