Medikuntza euskaraz UPV/EHUn?

  • Euskal gizarteak medikuntza UPV/EHUn ikasten ari diren ikasleen egoeraren berri izan du berriki. Ikasleen berbetan “ezinezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean medikuntza euskaraz ikastea”. Egia da. Baina ez egi osoa.


2015eko maiatzaren 24an - 07:51

UPV/EHUn medikuntza euskaraz ikastea posible da baina ez karrera osoa. Hori horrela izanda, UPV/EHUko errektore taldeak aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du, orain arte egin duen bezala. Azken urteetako ibilbide horrek argi erakusten du UPV/EHUk euskararekiko duen konpromisoa sendoa.  Euskal gizarteak behar dituen profesional euskaldun trebeak hezteko estrategia zehatza eta ditugun baliabide urriak modu egokian erabili ditugu, gure ustez.

Horrela, osasun zientzietan geneukan gabezia ikusita eta gizartearekin bat eginez, hau da, osasun zerbitzu ona eta euskaraz emateko beharrari erantzun nahian, neurriak zehaztu eta erabakiak hartu genituen unibertsitateko Euskararen I. Plan Gidarian. Osasun zientzietan 2006. urtean arduraldi osoko irakasle eta ikertzaile elebidunen portzentajea %23,53koa zen, 2013an, aldiz, %38,30. Hamabost puntuko igoera hau bakarrik arlo zientifiko honetan gertatu da.

Erabaki hauei esker Medikuntzaren lehen zikloa euskaraz ematea lortu dugu. Bigarren zikloan, hau da, ospitaleetan ematen dugun dozentzian, daude arazoak, egoera oso desberdina delako. Hain zuzen ere, ziklo horretan eskolak emateko Osakidetzan dauden azpiegituren eta profesionalen beharra daukagulako eta soluzioak denon artean, UPV/EHU eta Osakidetzaren artean, diseinatu eta ezarri behar ditugulako. Gauzak horrela, bigarren ziklo osoa euskaraz ezin izan dugu eman orain arte. Baina hori esaten dugun bezala, gure estrategiari eutsiz, bigarren zikloan dugun irakats eskaintza eta irakasle euskaldunen kopurua handitzen joan gara etengabe. Datuak oso adierazgarriak dira, gure ustez. 2000. urtean ospitaleetan geneukan irakasle elebidunen kopurua %2,1 zen. 2014. urtean, berriz, %26; hau da, 13 aldiz handiagoa. Nahiz eta aurrerapauso horiek eman helburua ez dugu bete oraindik. Horregatik, kontratazio politikari dagokionez, ospitaletako irakasleen erretiroak gertatzen direnean, salbuespenak salbuespen, plazak elebidunak ateratzeko konpromiso irmoa dugu; eta horren ondorioz eskaintza handitzen ari gara etengabe. Horrez gain, aurrekoetan egin zen bezala, indarrean dagoen Euskararen II. Plan Gidarian, neurriak aurreikusten dira karrera euskalduntzen jarraitzeko. Planaren amaieran, hau da, 2017. urtean, arduraldi osoko irakasleen %52 gutxienez elebiduna izatea onartu dugu, eta arlo zientifiko guztietan gutxienezko %45era heltzea. Hau da, osasun zientzien arloko 2013ko datuekin alderatuz 7 puntuko igoera lortu behar dugu.

Bestalde, azpimarratzekoa da medikuntzan helburuak lortzeko, UPV/EHUren eta Osakidetzaren artean dugun hitzarmenak Euskararen II. Plan Gidariaren helburuak eta irizpideak bere baitan jaso behar dituela. Instituzio biok helburua argi daukagu eta, beraz, elkarlanean jarraituko dugu tinko. Noski, ibilbide honetan komunitate unibertsiotarioa eta haren proposamenak bidaide behar ditugu.

Unibertsitate baten helburua, baina, ez da eskolak ematera mugatu behar; ikerkuntza ere bultzatzen dugu euskaraz, eta bereziki materialek duten garrantzia aipatzea gustatuko litzaidake. UPV/EHU da une honetan euskaraz unibertsitate-mailako ikasliburu eta argitalpen gehien egiten duen instituzioa, baita osasun zientzietan ere. Hor dugu adibide bezala pasa den urtean argitaratu genuen “Giza Anatomiako Atlasa” izeneko liburua medikuntza arloan euskaraz dagoen lanik garrantzitsuena.

Osasun arloan, euskararen erabilpenaren normalizazioaren bidean UPV/EHUk bere biziko papera du. Era berean Osakidetzaren ekarpenak funtsezkoak dira. Osakidetza euskalduntzen den neurrian  gure unibertsitateak errazago izango du eskolak euskaraz eskaintzea eta, alderantziz, UPV/EHUk mediku euskaldunak hezten dituen neurrian Osakidetzak errazago izango du osasun zerbitzu oro euskaraz ematea. Biok autoelikatzen gara eta bakoitzak bestearen beharra du. Denbora kontua da, beraz, eta ez oso luzea, ikasleek aldarrikatzen duten helburua eta guk konpartitzen duguna lortzea. Bitartean, bakoitzak bere lana egiten jarraitu behar du. Ikasleak ekarpenak egiten eta guk UPV/EHUn Euskara Plana tinko garatzen ahalegin guztiak egingo ditugu. Hor dago gure konpromisoa, hor dago gure borondatea, orain arte fruituak eman dituztenak. Jarrai dezagun pausoak ematen.

 Agian, justizia, hezkuntza eta osasun arloak euskalduntzea da euskal gizartearen kezkarik handiena. Hiru arlo horietan unibertsitatea gakoa da, baina ez da soluzio bakarra. Gure politika jarraituz, asko dira eman ditugun pausoak, asko gelditzen dira emateke. Kalitatezko euskal profesionalak, ikertzaileak, langileak, prestatzeko UPV/EHUk, azken urteotako ildotik jarraituz, irakasle doktore elebidun kualifikatuak lehenesteko politikarekin jarraituko du, gizarteak hala eskatzen digulako, gizartearen zerbitzura gaudelako.

* UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordea

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude