La Via Campesinaren Euskal Herriko Deia: "Borroka hau kritikoa da gizateriarentzat"

  • Euskal Herriko Deia zabalduz amaitu da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra Derion. Lau egunez eztabaidan aritu eta gero, biltzarraren ondorioak biltzen dituen adierazpena aurkeztu dute bi ordu inguruko ekitaldi hunkigarri batean. Mundu osoko 200 milioitik gora laborari ordezkatzen duen mugimendua handitzen jarraitzeko eta elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren ildoetatik borrokatzen jarraitzeko nahia agertu du La Via Campesinak.

(Arg.: Elika Herria-CC By SA)

2017ko uztailaren 22an - 20:08

Antolakundearen koordinazio batzordeko lau kidek irakurri dute adierazpena: Henry  Saragih (Indonesia), Eberto Diaz (Kolonbia), Dena Hiff (AEBak) eta Paula Gioiak (Alemania). Aurretik, nabarmendu egin dute lehenbiziko biltzarrak egin zituztenean elkarte gutxi eta bazterrekoek osatzen zutela La Via Campesina, “eta gaur egun neoliberalismoaren aurka borrokatzen ari gara mundu osoan”.  

Nekazarien aurkako erasoak areagotzen

Kapitalismoaren oldarraldia aipatu du Saragihk: “Lurra eta ura pilatzen dituzten horiek Merkataritzaren Munduko Erakundearen eta merkataritza askeko itunen bitartez ari dira gure aurka ekiten, baina baita militarki ere. Nekazarien aurkako bortizkeria areagotzen ari da”. La Via Campesinak funtsezkotzat du NBEn negoziatzen ari den nekazarien eskubideen adierazpena aurrera ateratzen, eta hala izan dadin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Euskal Herriko Deian.

“Sistema kapitalistak ez du irtenbiderik ekartzen, herriak suntsitu eta Amalurra berotu baizik ez du egiten”, gehitu du Saragihk.

“Planeta hoztu eta jendarte justuagoak eraiki”  

“Iraultza Berdea irtenbidetzat aurkeztu ziguten”, irakurri du Eberto Diasek, “baina hori ez zen iraultza izan, ezta berdea ere”. Gosea ezabatu ordez arazoak baizik ez ditu ekarri nekazaritza eredu industrialak Diasen esanetan: “Ibaiak lehortu, basoak erre, gure hazien ordez eurenak ipini… Hori dakar nekazaririk gabeko nekazaritza eredu horrek”. Gobernuek bultzatu eta diruz laguntzen duten eredua dela salatu du Biltzarraren adierazpen ofizialak.

Horren aurrean, agroekologiari eta tokian tokiko elikadura zirkuituei eusteko konpromisoa berretsi du La Via Campesinak. “Modu horretan planeta hoztu eta jendarte justuagoak eraikiko ditugu”.

Feminismoaren balioa

“La Via Campesinaren izaera feministak indartsuago egiten gaitu”, azpimarratu du Dena Hoffek, eta antolakundearen barruan nekazarien mugimendu feminista bat sortuko dela iragarri du. Era berean, gazteek nekazaritzan aritzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztela nabarmendu du Hoffek. La Via Campesinak bere erabaki guneetan gazteak egotea bermatzeko konpromisoa agertu du, hala nola nekazarientzako hezkuntza aukerak indartzekoa.  

“Eraldaketarako motorra gara”

“Gure mugimendua hazten ari da, baina kapitalismo basatiak arriskuan jartzen gaitu”, esan du Paula Gioiak. “Premiazkoa da bestelako etorkizuna eraikitzea, eta La Via Campesina eraldaketarako motorretako bat da; borroka hau kritikoa da gizateriarentzat”.

La Via Campesinan ordezkatuta dauden herrialde guztietako banderak zabaldu dituzte ekitaldiaren amaieran. (Arg.: Unai Brea)

Gioiaren esanetan, La Via Campesinak lortu egin du elikadurari eta nekazaritzari buruzko nazioarteko eztabaidetan eragitea. “Ez da berriro erabakirik hartuko nekazarien eskubideak eta elikadura burujabetza kontuan izan gabe”, aldarrikatu du txalo artean.

“Euskal Herritik, munduko herriei deitzen diegu gurekin batera borrokatzera”, esanez amaitu du Paula Gioiak biltzarraren adierazpenaren irakurketa.

Nazioarteko Koordinazio Batzorde berria

Euskal Herriko Deia zabaldu baino lehen, Biltzarra egin ahal izateko lanean aritu diren pertsonak omendu ditu La Via Campesinak. Opari bana eta txalo zaparrada handia eraman dute interpreteek –“ez da iraultzarik itzulpenik gabe!”– eta antolakuntza lanetan aritutako boluntarioek; EHNE Bizkaiako kideei ere aitortza egin diete. Azkenik, buruan txapela jantzita joan dira biltzar honen ostean La Via Campesinako Nazioarteko Koordinazio Batzordeko kide izateari utziko diotenek.

Datozen urteetarako Koordinazio Batzordea, berriz, adierazpena irakurri eta gero aurkeztu dute. Bertan jarraituko du EHNE Bizkaiako Unai Arangurenek. Hura izango da, Paula Gioiarekin batera, Europaren ordezkaria La Via Campesinan.

Manifestazioa Bilbon

Biltzarra bera amaitu bada ere, oraindik hari lotutako ekimenak izango dira beste bi egunez. Iganderako, La Via Campesinak mobilizaziora deia egin du Bilbon; manifestazioa Moyua plazatik abiatuko da 11etan, eta Plaza Barriraino iritsiko da. Han bazkaria egingo da.

Astelehenean, nazioarteko ordezkariek Bizkaiko hainbat nekazari eta abeltzainen ustiapenak bisitatuko dituzte, bertatik bertara ezagutzeko horietan egiten den lana.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: La Via Campesinaren VII Nazioarteko Biltzarra
2017-07-23 | Unai Brea
"Denentzako elikadura osasungarria bermatu behar dute politika publikoek"

Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik... [+]


2017-07-21 | Unai Brea
Deo Carrizo (Argentinako nekazari indigenen mugimendua):
"Argentinako iparraldean familia askok galdu dituzte lurrak, eta soja eremuen erdian bizi dira orain, uharte txikiak bailiran"

Argentina iparraldeko Santiago del Estero probintziatik etorri da Deolinda Deo Carrizo La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera. Nekazari indigenen eskubideen alde borrokan diharduen MNCI (Nekazari Indigenen Mugimendu Nazionala) taldeko kidea da, baita mugimendu... [+]


2017-07-21 | Unai Brea
Leticia Urretabizkaia (EHU-ko ikertzailea):
"Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten baldintzak ezartzen ari dira, nork sal dezakeen erabakitzeko"

La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena... [+]


2017-07-20 | Unai Brea
Alazne Intxauspe (EHNE Bizkaia):
"Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu"

“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra... [+]


2017-07-19 | Aritz Loiola
ARGAZKIAK: Hasi da La Via Campesinaren nazioarteko konferentzia Derion

Jendez mukuru izan da Derioko apaiztegi zaharreko eliza zena, Biltzarraren inaugurazio ekitaldian. Dantzak, kantuak eta musikak hartu dute lehenbiziko ordua, mezu politikoek bigarrena. Amaieran, azken urteetan La Via Campesinarekin bat egindako elkarte berrien aurkezpena egin... [+]


Eguneraketa berriak daude