Jaurlaritzak Burgosen hidrokarburo prospekzioak egitearen kontra agertu dira Bilbon

  • Burgos iparraldeko frackingaren aurkako taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute azaroaren 21ean Bilbon, SHESA enpresa publikoaren egoitzaren aurrean. SHESAk, AEBetako Petrichor eta Cambriarekin batera, Angosto-1 izeneko eremuan hidrokarburoak bilatzeko baimena du. Mobilizazioaren deitzaileen esanetan, proiektua nahikoa aurreratuta dago, eta laster hasi behar omen dira zulatzen Loma de Montija herrian –Euskal Herritik 30en bat kilometrora–, Angosto-A izeneko zundaketa-gunean.


2015eko azaroaren 19an - 12:19
"Frackinga ez hemen, ez inon" aldarrikatu dute bildutako 150 inguru lagunek (Arg.: Fracking Ez).

Inguru horretan haustura hidraulikoa erabiltzeak Bilbo urez hornitzen duen Ordunteko urtegia –Bilboko Udalak kudeatua– kutsatzeko arriskua dakar. Joan den otsailean EH Bilduk prentsaurrekoa eman zuen, zundaketek 400.000 bizkaitarrek hartzen duten uraren kalitateari dakarkioten mehatxua salatzeko. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak bat egin zuen salaketa horrekin; halaber, azaroaren 21erako Burgosko frackingaren aurkakoek deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dute.

Fracking Ez plataformak ere deialdia babestu zdu. Prentsa ohar batean adierazi dute Angosto-A eremuan frackinga erabiltzeak, Ordunte arriskuan jartzeaz gain, Cadagua eta Ebro ibaietan isurketa toxikoak gertatzeko arriskua dakarrela.

Bilbo urez hornitzen duen Ordunteko urtegiari mehatxu egiten dio prospekzioak, Burgos iparraldeko frackingaren aurkako taldearen esanetan.

EAEko legearen aurka joatea aurpegiratu diote Jaurlaritzari

Gainera, ekainean EAEko Legebiltzarrak onartutako frackingaren aurkako legearekiko Jaurlaritzak orain arte izandako jokabidea salatu dute. Besteak beste, aipatu egin dute 2016rako aurrekontu proposamenean sei milioi euroko gastua aurreikusten dela frackingarekin lotutako eginbideetarako.

Era berean, SHESAk Burgosen haustura hidraulikoa erabiltzea EAEn frackinga eragozteko legea babestu duen gehiengo sozial zabalari iruzur egitea dela iritzi dio Fracking Ez-ek. Gogoan hartu behar da, Eusko Jaurlaritza dela SHESAren jabe bakarra, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez.

Jaurlaritzak ez du gezurtatu urri amaieran Maria del Carmen Lopez de Ocariz PPko kideak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean egindako salaketa larria. Lopez de Ocarizek EAJri leporatu zion Espainiako Gobernuari frackingaren aurkako EAEko legeari helegitea jartzeko eskatu izana. Joan den azaroaren 13ko osoko bilkuran Lakuako bozeramaile Josu Erkorekari itaundu zioten horretaz, baina hark ez zuen erantzun argirik eman, Gara-k hurrengo egunean argitaratu zuenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude