Iraunkortasunerako Kultura gure etxe komuna zaintzeko

  • Pariseko Akordioa pausu garrantzitsu bat izan daiteke, baina bakarrik hori, beste pausu bat. Etorkizuna izango da, iraunkorra baldin bada. Iraunkortasunaren kultura hedatuz, agian, ez dugu etorkizun hori bermatuko, baina bederen ez dugu porrota ziurtatuko.

Mundua Parisera begira, klima aldaketari begira egon da pasa den abenduaren hasieran nazioarteko gailurra zela eta, klima aldaketaren gaineko COP21 goi bilera burutu baitzen bertan. COP21 bilkura osatu duten herrialdeek lau urte pasatu dituzte negoziatzen, hitzarmen bat —Pariseko Akordioa— adostu eta sinatu arte.

Baina, klima aldaketa ez da gizakiaren jarduera traketsak ekarri duen arazo bakarra. Ozono geruzaren suntsipena, nekazal lurren galera, basamortuen hedapena, basoen hondamendia, bioaniztasunaren galera, ozeanoen kutsadura, hondakin kantitate handien pilaketa... eta arazo horiekin lotuta baliabideen agortzea (baliabide energetiko ez berriztagarriena barne) dira, besteak beste, gaur egun munduak dituen ingurugiro arazo larrienak. Bestalde, horiekin batera ikaragarrizko gizarte arazoak agertzen dira: aberats eta txiroen arteko polarizazioa handitzea, gudak eta beren ondorioak, iparralde-hegoalde arteko erlazio desorekatua, eta abar.

Ez gaude elkarren artean loturarik ez duten arazo multzo baten aurrean, arazo sistemiko handi baten aurrean baizik. Beraz, klima aldaketa eta beste arazoak sintomak besterik ez dira, arazoaren sustraia mendebaldeko bizitza estiloan dago, bere balioetan: dirua, lehia, boterea, segurtasuna, beldurra... Gaurko ekonomiak ez ditu betetzen biosferaren legeak, eta ez dago munduko gizarte osoaren zerbitzura. Dirua irabaztea beste faktore guztien gainetik jartzearen ondorioz, esfera ekonomikoak esfera morala alboratu egin du eta, ondorioz, gizarteen gainbehera ekarri du. Krisia ez da naturarena, krisia ezagueraren krisia eta balio etikoena da, gure zibilizazioaren krisia da.

Beste balio batzuei begira jartzea erraza ez bada ere, hori da erronka: logika kapitalistatik bultzatutako etika antropozentrikoa gainditzea eta etika berri bat hartzea. Ildo horretatik aurreko mendeko 60ko hamarkadan sortu zen “garapen iraunkorra” kontzeptua nabarmendu behar da, batez ere 1987an argitaratutako Brundtland Txostenak bere interpretazioa ezagutaraztera eman zuenetik zabaldu zen ikuspegia: “Garapen iraunkorra hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko ahalmena murriztu gabe, garaiko belaunaldiaren beharrak asetzen dituen garapena da”. Kontzeptu honen zehaztasun eza handia bada ere, ezaugarri hauetan oinarritzen den filosofia bat bultzatzen du:

  • Errekurtso naturalak iraunarazi beharra dago.
  • Mugagabeko hazkundea ezinezkoa bihurtzen duten muga fisikoak daude.
  • Gizarte helburuen lorpena beharrezkoa da eta gizarte helburuen lorpena azpimarratzen du, ez ordea indibidualena.
  • Belaunaldi barruko eta belaunaldien arteko elkartasuna ezinbestekoa da.

Iraunkortasunaren definizio bat baino gehiago daude, hori ulertzeko modu teoriko eta politiko desberdinak daudelako. Hala ere, badago gune komun bat, non topo egiten duten garapen ekonomikoaren berbideraketak eta beronen lotura estuak sozio-ingurumen arazoekin (ekologikoak, sozialak, kulturalak eta abar). Bestalde, gizarte aberatsetan eta behartsuetan ez du esanahi berdina.

Honen arabera, garapen iraunkorra, hau da, iraunkortasuna ez da bakarrik lortuko soluzio teknologiko, araudi politiko edo finantza tresnei esker. Iraunkortasuna lortzeko, pentsamoldeetan funtsezko aldaketak egin behar dira, iraunkortasunaren kultura gure egin behar dugu, eta horrek aldaketa praktikorako bidean ipiniko gaitu.

Iraunkortasunerako Hezkuntzak (IH) arlo ekologikoen zein sozialen arteko interdependentzia eta interakzioa aldarrikatzen duenez gero, kultura aldaketa hori bultza dezake. Gainera, IHk garapen iraunkorraren aldeko politika eta neurriak garatzen lagun dezake eta horrela mundu, lurralde, nazio eta tokiko komunitateetako beharrei erantzun diezaieke.

Iraunkortasuna da gure planetako biziaren etorkizunerako giltza. Eta ingurumen-hezkuntza ezinbestekoa da iraunkortasuneranzko bidea egiteko; Iraunkortasunaren Kulturarekin (IK) aurre egingo dio gizadiak jasanezintasunari, gizarte-injustiziari, zuzentasun edo ekitate-faltari... gobernantza demokratiko globala, zuzentasuna eta abar sustatuko dituen aldaketa sozialarekin mundua eraldatzeko.

Kultura kontzeptuak gizakiak garatutako sormen material eta espiritual osora garamatza, emaitza zein prozesu bezala ulertuta, eta izaera unibertsala du. Kultura kontzeptu hau integrala eta holistikoa izanik, iraunkortasunaren garapenerako proposamenarekin bat egindakoan zabaldu egiten da bere esanahia, ezagutza zientifikoak, beharrak, helburuak, balioak, alderdi juridikoak, borondate ekonomiko eta politikoa, ikuspegi filosofikoa eta iraunkortasuneranzko bidea ahalbidetzen duten faktore teknologikoak barneratzen dituenean. Baina, batez ere, kontzepzio etiko eta moral berriaren kutsua ematen dio aurreko lerroetan aipatutako guztiari.

Horregatik, Iraunkortasunaren Kulturak (IK) gizakien behar eta planetaren mugen arteko dikotomia, ekonomia eta ekologiaren artekoa, eta kulturaren lorpen eta naturaren arteko dikotomia gainditzen ditu. Iraunkortasunak honako alderdiak birpentsatzen laguntzen du: natura baliabide edo tresnatzat hartzea, gizakiak natura menperatzeko duen jokabidea, gizartearen eta ekologiaren arteko bazterketa-erlazioaren ideia; elementu horiek guztiak sendoki errotuta daude modernitatean, eta ondorio bezala kontsumismo amorratua eta lehen izan ez den bezalako sozio-ingurumen krisia dauzkagu.

Kolapsora garamatzan ingurumen-krisiaren arrazoia gizakiaren eta munduaren arteko harremana ulertzeko era batetik datorrela aitortzen badugu, onartuko dugu arrazoi hori funtsean etikoa dela. Ondorioz, IKk proposatu eta garatuko duen aldaketak etikaren eskutik etorri behar du nahitaez. Etika bat baliorik handiena eta gogoeta ororen eta ekintzaren gune bezala bizia eta biziaren sarea jarriko dituena. Pentsaera konplexuan oinarritutako etika bat, pentsaera konplexuak, Morinek dioen bezala, elkartasunaren etikara garamatzalako, eta jakitea beharrizanarekin lotuko duena. Ekintzan oinarritutako etika, ekintza hori izan, jakin, bizi eta jarduteko modu bezala ulerturik.

Ezagutzak eta informazioak afektibitatearekin lotuta egon behar dute, balioak hausnartuak izateaz gain sentituak ere izateko. Ekintza positibora zuzenduta egon behar dute.

Iraunkortasunaren Kulturak lehen begirada batean sakrifizio bezala ikusi daitezkeen jokabideak era positiboan aurkeztuko ditu, alde “negatiboaren” atzean ezkutatuta egon daitekeen alderdi “positiboa” lehen planora ekarriz (erresilientzia).

Zoriontasuna “ongizate subjektiboa” dela onartuz gero, ongizate hau islatzen duen bizi-kalitatea modu integratuan diharduten baldintza ekologiko, sozio-ekonomiko eta kultural multzo bezala ulertu daiteke, giza komunitate baten existentzia markoa konfiguratzen duen ehundura bezala, alegia.

Ondorengoak dira Iraunkortasunaren Kultura eraikitzeko etikaren garapenean lagunduko duten elementuak:

• Ekozentrismoa edo biozentrismoa. Gaurko fokatze antropozentrista gaindituz bizia erdi-erdian jarriko duen ikuspuntua onartzea, bizia, bere izaera anitzetan, berez baliotsua dela ulertuz. Gizakia naturarekiko independentea delakoan dago, baina ideia hau okerra da. Izaki bizidun guztiak, gizakiak barne, interdependenteak eta ekodependenteak gara.

• Pentsaera konplexua. Erredukzionismoak gainditzea. Biosfera sistema bezala ulertzen duen ikuspegia geure egitea, errealitatearen dimentsio desberdinak elkar lotzen dituena, hauek holistikoki, dialogikoki eta interdiziplinarki aztertzeko.

• Zuhurtasun-printzipioa aplikatzea ezinbestekoa da, ziurgabetasun zientifiko egoera batean ingurumen-kalte larri edo itzulezin baten arriskua aurretik ikusten bada.

• Diziplinartekotasuna. IHrako ezinbestekoa da diziplinartekotasuna: diziplinak ingurumen-arazoak ulertzeko eta ebazteko tresna bezala erabiliko dira. Oso beharrezkoak dira eragileen arteko koordinazioa eta kolaborazioa.

• Zuzentasuna edo ekitatea. Berdintasunaren ideian oinarritutako eredu etiko zaharra gainditzea. Ekitatea ondorengo ebidentzia honetan oinarritzen da: ez dago injustizia handiagorik desberdinak direnak berdinak balira bezala tratatzea baino.

• Ekonomia ekologikoa. Merkataritzan oinarritutako ekonomia gainditzea bizian oinarritutako ekonomia baten bidez. Giza-premiak asetzen dituen ekonomia, baina ekologiari lotua, planetaren mugei kasu eginez.

• Pentsamolde planetarioa sustatu behar du: denok, gizakiak eta gainerako bizidunak, planeta bera partekatzen dugula sentitzen lagundu, urrutiko arazoak (globalak) gertuko bezala (lokalak) sumatzera iritsi, denon premiak norberarenekin batera aintzakoz hartu.

• Elkartasun sinkronikoa eta diakronikoa. Mundu osoko egungo biztanleriaren barne-zuzentasunaren eta etorkizuneko belaunaldiei baliabideak segurtatzearen aldekoa.

• Giza-zientziak eta Teknologiak. Merkataritzaren logika gainditzea. Teknologia eta zientzia ez dira neutroak, sustatzaileen lehentasunek baldintzatzen dituztelako eta erabiltzaileak ere baldintzatuta geratzen direlako.

• Ekintza. Pentsamendua ekintza bihurtzea, izateko, jakiteko, bizitzeko eta aritzeko era bezala. Ingurumen-krisiaren jatorria auzitan jartzea, gatazka lantzea, erabakiak hartu eta ekintza sozialki eraldatzaile, egiazko eta esanguratsu bihurtzea.

• Ebaluazioa eta kritika. Ingurumen-arazoak baliabideak erabiltzerakoan dauden interes desberdinen arteko gatazkek baldintzaturik daudenez gero, arazo sozial bezala ikusi beharko lirateke. Hortaz, interes-gatazkak eta horiek gure etorkizunari nola eragiten dioten identifikatu eta aztertu beharko lituzke.

• Partaidetza. Iraunkortasunerako Hezkuntzak (IH) ez du bakarrik natur ingurunea babestera zuzenduta egon behar, baita partaidetza kritikora eta ingurune natural, sozial, kultural eta ekonomikoari dagozkien erabaki eta ekintzen ardura hartzera ere. Ekintzarako gaitasunak garatu behar ditu, hau da, erabakiak hartzeko eta ekintzak aukeratzeko irizpide propioak izateko gaitu behar du.

Partaidetzarako hezi behar du, hau da, parte hartzeko, ardurak konpartitzeko eta ekintza komunetan inplikatzeko; hortaz, partaidetza kontzeptua estuki dago lotuta demokrazia kontzeptuarekin.

• Koherentzia. IHko ekintzek koherenteak izan behar dute; bat etorri behar dira mezua eta ekintza, helburua eta bitartekoa, eta metodologiek ere bat etorri behar dute oinarri etikoekin.

Iraunkortasun Kulturaren garapenak “hemen elkarrekin bizi” printzipioa erdian jarrita munduarekin erlazionatzeko era berri bat sustatzen du, erlazio kontestualizatu eta kokatu bat, gizakia parte den sistemarekiko guztion ardura exijitzen duena, eta egite-politiken dinamiketan modu eraginkorrean txertatzeko kontzeptuak behar dituena, ekohiritartasunaren eraikuntzan lagunduz.

Pariseko Akordioa pausu garrantzitsu bat izan daiteke, baina bakarrik hori, beste pausu bat. Etorkizuna izango da, iraunkorra baldin bada. Iraunkortasunaren kultura hedatuz, agian, ez dugu etorkizun hori bermatuko, baina bederen ez dugu porrota ziurtatuko.

(Artikulu hau Eusko Newsetik ekarri da CC-NC-SA lizentzia baliatuta)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude