Intxaurrandieta eta Errazkini babesa erakutsi die LABek: "PNVk frogatu nahi du bere negozioak ukiezinak direla"

  • Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako epaiketaren atarian, EAJren jokabidea salatzen eta erraustegia arbuiatzen duen idatzia kaleratu du Gipuzkoako Udal eta Foru Aldundiko LABeko Sail Sindikalak. Udal eta Aldundiko langile guztiei banatu die segidan irakur dezakezuen idatzia (guztira 3.000 langile baino gehiago).


2018ko apirilaren 11n - 14:42

“2013an Donostialdeko erraustegia gelditu zuten Ainhoa Intxaurrandieta (GHKko lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkin (Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia) 2018ko apirilaren 12tik aurrera Madrilen epaituko dituztela-eta, zera adierazi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak:

Erraustegiaren aurkako Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolatutako Angula ustelak izeneko biran Intxaurrandietak eta Errazkinen Gipuzkoan eskaini dituzten dozenaka hitzaldietan argi geratu denez, bi agintariek herritarrengandik jasotako agindua bete baino ez dute egin eta horretan ez dago deliturik, batzuen negozioa oztopatzen bada ere. Jokoan dagoena, gure osasuna da eta ez gutxi batzuen negozioa.

Hitzaldi sortan bi auzipetuek adierazi dutenez, kasu benetan larria da errauskailuarena eta Euskal Herri osoari ohartarazi nahi die zer dagoen jokoan. Izan ere, une hauetan EAEko erakunde nagusi guztietan agintzen duen PNVren jokabidea nolakoa den oso ondo adierazten baitu Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasuak. Epaiketa honetan, PNVk bere negozioak babesteko noraino joateko prest dagoen erakutsi baitu, herritarren osasuna jokoan badago ere.

Gipuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta Donostialdeko milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den erraustegia gelditzeagatik epaitu nahi dituzte Intxaurrandieta eta Errazkin. Zigor eskaera izugarria da: ondasun pertsonaletatik 100.000.000 euro eskatzen dizkiete. Erabat onartezina da. Langile Batzordearen ustez, epaiketa mugarria izango da etorkizunari begira eta Gipuzkoa eta hondakinen gaia gaindituko du erabat.

PNVk epaiketa honekin lortu nahi duena da, berak zuzentzen duen lurraldean bere proiektu estrategikoen aurka jotzen dutenek ausardia larrutik pagatuko dutela frogatzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin. PNVren betiko lagunei negozioak oztopatzen dizkietenak bortizki zigortu nahi dituzte, baita modu pertsonalean eraso eginez ere eta guztion osasunaren kaltean.

PNVk ez du bere jendarte eredua zalantzan jartzen duen ekimenik onartuko. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ukiezinak direla frogatu nahi du. Hori da epaiketa honen benetako helburua.

Helburu hori lortzeko, bide guztiak balio dute PNVrentzat: ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun, lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu zentzugabea, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiak normalean erabili izan duen jokamoldea da.

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurkako epaiketa, herritarron interes orokorren aurka ari diren politikarien aurkako epaiketa bihurtu behar dugu.

Erraustegirik ez, ez hemen, ez inon”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude