Iñaki Errazkin, diputatu-ohia: "Harro egoteko moduko erabakia hartu genuen, ez naiz egindakoaz damutzen"

  • Gipuzkoa Zutik plataformak sustatutako Angula Ustelak elkartasun biraren barruan, hitzaldia eskaini zuten Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrak, Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohiak eta Igor Meltxor kazetariak Sanagustin kulturgunean. Zubietako errauste plantaren afera izan zuten hizpide ia hiru ordu iraun zuen solasaldian. Bihar, ostirala, Errazkini babesa erakusteko argazkia aterako dute, Elkar-ekinek deituta. 

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 15an - 12:46
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu-ohia Azpeitiako hitzaldian Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxorrekin. (Argazkia: Uztarria)

2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak, apirilaren 12an. "Afera horren atzean ezkutatzen diren xehetasunak azaltzeko eta gizartaratzeko" jarri zuten martxan Angula Ustelak egitasmoa. Euskal Herriko 35 herri baino gehiago igaroko ditu elkartasun birak. Azpeitian joan den astelehenean egin zuen geldialdia. 

Igor Meltxor Kazetari Kanaia proiektuaren zuzendariak ireki zuen Angula Ustelak izenburupean eskainitako solasaldia. Melchorrek hizpide izan zituen, besteak beste, Gipuzkoan abiatutako zenbait ustelkeria kasu eta horien aurrean komunikabideek nahiz politikariek erakutsitako jarrera. Kazetariaren esanetan, "kartel juridiko-mediatiko-enpresarial bat dago Zubietako errauste plantaren aferan baitan". Hori agerian uztea xede, bere aburuz Gipuzkoako hainbat enpresekin "zerikusia" duten ustelkeria kasuez mintzatu zen Meltxor Sanagustinen. Datu zehatzak eman zituen kazetariak, eta aipatu zituen enpresen artean daude Urbaser eta Altuna y Uria enpresak. Hain zuzen, Azpeitiko eraikuntza enpresako goi kargu bati egotzitako kasu baten inguruan solastu zen kazetaria, pertsona horren izen-abizenak argi adierazita. Meltxorren hitzetan, "enpresari hura zen Zubietako erraustegiaren kontratua sinatzearen arduraduna". Bestalde, politikari eta hedabide jakin batzuek egindako "hizkuntzaren erabilera okerraz eta nahasgarriaz" hitz egin zuen Kazetari Kanaiaren zuzendariak. Adibide batzuk ere jarri zizkien Sanagustinera bertaratu ziren herritarrei: "Haiek ez dute errausten; erabiltzen dituzten adierazpideen arabera, energiari balioa ematen diote berriro. Ez dituzte erraustegiak egiten; beren lengoaian, ingurumen-azpiegiturak eraikitzen dituzte". Amaitzeko, Intxaurrandieta eta biak Zubietako erraustegiaren aferaz liburu bat idazten ari direla aipatu zuen Meltxorrek. Liburua "amaitzear" dute jada. 

Errazinek eta Intxaurrandietak erraustegiaren proiektua gelditzeagatik hainbat enpresari 8,2 milioi euro ordaindu zizkiotela-eta, aldundiak eskatu die erraustegiaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beren gain har dezatela: diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek. 

[Irakurri artikulua osorik, Ainhoa Intxaurrandietak esandakoak barne, Uztarria-eusen]

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrak salatu zuen EAJren eta PS-EEren erabakia –bi alderdi horiek eman zuten epaiketaren aldeko boza– beraien kontrako "mendekua" zela: "Nik uste dut hau ez dela zigor bat izan, eskarmentzeko ikasgai bat baizik. Orain gehiago ezagutzen dugu zein den beren jokoa. Ikusi dugu nola kontrolatu ditzaketen instituzioetara iristen diren eragile politikoak eta nola behartzen dituzten beren menpekoak izatera. Gu ez ginen joko horretan erori. Horrek eragin zuen gai honekiko sortu duten zalaparta soziala. EH Bilduren alternatiba jipoitzera joan dira, Gobernuan bageunden ere, kontraboterea ginelako".  

Sanagustinera bertaratu ziren herritarrek galderak egin zizkieten bi hizlariei, eta aho bizarrik gabe gainera. "Gobernuan edo instituzioetan egonda ere zueon alternatibak aurrera eramatea oztopatzen dutela ikusi da. Aurrera begira posible izango al da politika horiek instituzioetara eramatea?" zioen batek. Hala erantzun zuen errazkinek: "Instituzioetan borrokan jarraitzen ez badugu, zer egin? Hori bai, politikan eragiteko beharrezkoa da indar soziala, politikoa eta mediatikoa izatea, instituzioetan gehiengoa izateaz gain. Indar ekonomikoa eta judiziala izatea zailagoa da".

Beste herritar batek galdetu zien ea egindako zerbaitetaz damutzen diren edo damutzen diren egin ez duten zerbaitetaz. Errazkinek argi erantzun zuen: "Harro egoteko moduko erabakia hartu genuela pentsatzen dut; ez naiz egindakoaz damutzen". Erantzun horrekin bat egin zuen Intxaurrandietak ere. Txalo zaparrada batek hartu zuen kulturgunea orduan. Solasaldia bukatzear zela, gaia gizarteratzen jarraitzeko grina erakutsi zuten hiru hizlariek.

Albiste hau Uztarriak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude