Greenpeaceko 29 kiderentzat fidantzapeko askatasuna ebatzi du San Petersburgoko Auzitegiak

  • San Petersburgoko Auzitegiak fidantzapeko askatasuna ebatzi du Artikoko uretan atxilotutako Greenpeaceko 30 kideetatik 29rentzat, baina gutxienez beste hiru hilabetez edukiko du ziegan Colin Russell australiarra.


2013ko azaroaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Haren kideak ez bezala, Colin Russell australiarra otsailera arte preso egon beharko dela erabaki du epaileak.

Irailaren 19an, Errusiako FSBk, KGBren oinordekoak, Greenpeaceko 28 aktibista eta kazetari freelance bi atxilotu zituen, Gazprom konpainiak Ozeano Artikoan daukan petrolio-plataforman protesta ekintza bat egiteagatik. Hasiera batean pirateria egotzi zieten 30 atxilotuei. Zigorra, hamabost urtera bitarteko kartzela aldia.

Urriaren 23an errusiar justiziak salaketa leundu zuen: pirateriaren ordez, bandalismoa. Zazpi urteko zigor eskaria, petrolio-plataforma baten hormatik eskegitzearren. Edo beren burua eskegi zutenekin ontzian joatearren. Bitartean, atxilotuta segitzen zuten Greenpeaceko 28 kideek eta kazetari biek, haien aldeko elkartasun ekintzak mundu osoan egiten zirelarik.

Elkarte ekologistak gogorarazi du, bestalde, pirateria salaketa idatzizko agiri baten bidez deuseztatu behar dela, eta atxilotuen abokatuek ez dutela oraindik halakorik jaso. Halaber, adierazi dute salaketa erabaki politiko baten ondoriozkoa dela eta ez zuzenbidean oinarritutakoa.

Azaroaren 15ean, Errusiako Ikerketa Batzordeak iragarri zuen hiru hilabetez luzatuko zuela ekologisten atxiloketa, gertakariak aztertzen jarraitzeko behar beste denbora izate aldera. Ekologisten abokatuek, berriz, jakinarazi zuten fidantzapeko askatasuna eskatuko zutela.

Astelehenean hasi zen ikustaldi judiziala San Petersburgoko Auzitegian, banan-banan aztertzeko ekintzaileak giltzapean mantendu behar dituzten ala ez. Lerro hauek idazteko unean, auzitegiak erabaki du Colin Russell australiarraren atxiloaldiak gutxienez otsailera arte irautea. Haren 29 kideentzat, aldiz, fidantzapeko askatasuna ebatzi dute.

"Greenpeacen inor ez da ari albistea ospatzen", adierazi zuen Mads Christensen elkarteko bozeramaileak, lehen askatasun ebazpenak ezagutu ziren egunean. "Ezin gara ziur egon aske geratuko direnak laster etxera itzuli ahal izateaz, momentu honetan ez baitute pasaporterik [29etatik 25 ez dira errusiarrak]; bestalde, oso lege-hauste larria leporatzen diete oraindik, eta urte luzeko espetxealdiaren mehatxua daukate". 

Honezkero hamasei askatu dituzte, bakoiytzak 45.000 euroko fidantza ordainduta, eta gutxienez bati, Ana Paula Maciel brasildarrari, pasaportea itzuli diote. Greenpeeaceko iturriek ez zekiten, hau idazteko momentuan, askatutako gainerakoei ere pasaporteak emango dizkieten atzera. Oraingoz denak geratu beharko dira San Petersburgon.

Informazio gehiago:

Atxilotutako Greenpeaceko kideen kasuari buruzko xehetasun gehiago Unai Brearen Mundua ez da biribila blogeko "Artikoko piratak" artikuluan.

San Petersburgoko ikustaldi judizialaren berri jaso daiteke zuzenean lotura honetan (ingelesez)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greenpeace
2023-07-20
Hegazkinak trena baino 80 aldiz gehiago kutsatu arren, 30 aldiz merkagoa izan daiteke garraiobide hau hartzea

Hegazkinez bidaiatzeak trenean baino bi aldiz merkagoa izaten segitzen du, bataz bestean, Europan. Aldea are handiagoa da bidaia zehatz batzuentzat: Bartzelona-Londres 30 aldiz merkagoa da hegazkinez bidaiatzea; Londres-Bratislava 15,5 aldiz; Viena-Erroma 10 aldiz... [+]


2021-09-07 | ARGIA
BMW, Mercedes, Volkswagen eta Wintersahll Dea auzitara, krisi klimatikoa elikatzeagatik

Volkswagen, BMW eta Mercedes-Benz auto ekoizleen aurka egingo dute hainbat talde ekologistek. Krisi klimatikoa elikatzen dutela leporatuta, auzitara eramango dituzte, barne-errekuntzako motordun autoak 2030erako eraikitzeari utz diezaiotela eskatuz. Wintershall Dea... [+]


2021-01-19 | ARGIA
Klima aldaketaren kontra agindutakoa ez betetzeagatik auzitegietan da Frantziako Gobernua

Lau talde ekologistek duela bi urte abiaturiko prozesua auzitegietara iritsi da: joan den ostegunetik, Frantziako Gobernua epaitzen ari dira Parisko Epaitegi Administratiboan, klima aldaketari aurre egiteko agindutako neurriak ez betetzea leporatuta. Epaia hilabete... [+]


Deskonfinamendua: garraio jasangarria bultzatzeko aukera?

Konfinamendu osteko egoerari begira, garraio publikoetan jende pilaketak saihesteko asmotan auto pribatuak aukera bat direla adierazi du José Luis Ábalos Espainiako garraio ministroak. Talde ekologistak horren aurka agertu dira, Europako beste herrialde batzuen... [+]


Kartzela-zigor eskaera Bilboko portuan armen esportazioa salatu zuten ekintzaileentzat

2018ko otsailean Bahri Tabuk itsasontzi saudi arabiarraren aurkako protestan parte hartu zuten Greenpeaceko 23 ekintzailek. 200 tona arma kargatzeko asmoa zuela salatu zuten ekintzaileek, eta horietako bederatzik itsasontziaren amarretatik zintzilikatzea lortu zuten. Orain,... [+]


Eguneraketa berriak daude