Artikoko piratak
Joan den irailaren 19an, Errusiako Kostalde Guardiak Greenpeaceko 28 ekintzaile eta kameralari eta argazkilari bana atxilotu zituen, eta haiek zihoazen ontzia, Arctic Sunrise, bahitu. Elkarte ekologistako kideak protesta baketsua egiten ari ziren, Gazprom enpresak Ozeano Artikoan laster hastekoa duen petrolio ustiaketaren aurka. Atxiloketa baino apur bat lehenago, Greenpeaceko zenbait aktibista Prirazlomnaya petrolio-plataformako hormetan eskegita geratu ziren. Bai eurei bai Arctic Sunrise-n eurekin zihoazen lagunei pirateria egotzi nahi diete errusiar agintariek, Vladimir Putinek berak esan arren argi dagoela ekologistak ez direla piratak. Salaketak aurrera eginez gero, hamabosna urteko kartzela zigorra ezar diezaiekete hau idazteko unean giltzapean dauden Greenpeaceko kideei.
Hainbat atzerapenen ostean, Gazpromek 2014an abiatu nahi ditu ustiaketa lanak, eta ekologistek ohartarazi nahi dute petrolio-ihes batek oso ondorio kaltegarriak izango lituzkeela inguruan. Prirazlomnaya plataformak funtzionamendu arazo ugari izan du duela hiru urte orain dagoen lekuan paratu zutenetik –horregatik atzeratu dira lanak–; eta gogoan hartu behar da Errusiako legediak babestutako hiru erreserba natural daudela inguruan.
Bitxia da: erregai fosilak erretzearen ondorioz Artikoko izotzak izan duen atzerakadari esker, aukera dago erregai fosilak bilatzeko lehen naturak oso zail jartzen zuen lekuetan. Artikoan eskua sartzeari oldartu nahi zaio Greenpeace, eta horregatik joan dira, orain piratatzat jo nahi dituzten horiek, Prirazlomnaya plataformaraino. Izan ere, ez da lehenengo aldia: iaz antzeko ekintza bat egin zuten, baina oharkabean joan zen, eta ondorioak, bistan dena, ez ziren eurentzat hain larriak izan. Zer aldatu da?
Time aldizkariko Simon Shusterren aburuz, Greenpeacek ezin izan du une okerragorik aukeratu Prirazlomnayara bigarrenez hurreratzeko. “Irailaren 15ean, ekoaktibistak Barents-eko Itsasoan barna zihoazela, errusiar hedabide nagusiek harrabots handiz iragarri zuten beren armada ipar mugara itzuliko zela”, dio estatubatuar kazetariak urriaren 2an sinatutako kronikak. “Bandera hauek hemen izango dira betiko”, esan omen zuen orduko hartan Vladimir Korolyov almiranteak Errusiak Artikoan ezarri berri duen basetik –Sobietar Batasunaren garaitik lehena–, “hau gure lurraldea da, eta defendatu egingo dugu”. Berehala eskaini zioten hitzok betetzeko aukera, handik hiru egunera Greenpeacen ontzia Prirazlomnayako plataforma iritsi baitzen. FSBko –KGBren oinordekoa– Kostalde Guardiako mutilak beren armekin agertu ziren Errusiako lurraldea defendatzera, Arctic Sunrise ontzia, une hartan, nazioarteko uretan zegoen arren. Alegia, erasoa legez kanpokoa izan zen.
Gertatutakoak aztarna eman diezaguke, energia iturriak eskuratzeko borrokak etorkizunean ekar dezakeenaz. Errusiak ez du Artikoan base militar bat ireki apeta hutsagatik, baizik eta gure planetaren azkenaurreko muga jokaleku estrategikoa izango delako luze gabe: petrolio eta gas erreserben laurden bat bertan dagoela uste da. AEBek oso lurralde gutxi daukate munduaren ipar mutur horretan, baina Ekialde Hurbilaren zati handi bat kontrolatzeko gai badira, nola utziko dute alferrik pasatzen askoz hurbilago duten Artikoko aukera, Kanada, Norvegia edota Danimarka bezalako aliatuak eremu zabal bezain hutsen jabe izanik? Errusiak ere nahi du bere tarta zatia, ordea, eta ez du amore emango. Artikoa gero eta eskualde militarizatuagoa izango da, klima aldaketaren erruz lehen izotza zegoen tokietan bideak zabaldu ahala.
Greenpeacekoak militarizazio horren tragoxka garratza dastatzen ari dira orain. Eta pirateria beraiei leporatu nahi diete.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks