Frackinga debekatzea, helburu zaila

  • Joan den martxotik abian dago haustura hidraulikoa EAE osoan debekatzeko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) sinadura bilketa. Fracking Ez plataformako kideek maiatzaren 14an emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, kanpaina ongi doa baina lan nekeza da plataforma osatzen duten talde txikientzat. Horregatik, ekaina hasieran izenpeak batzeko epea bi hilabetez luzatzea eskatuko dute, legeak aurreikusten duen moduan.


2014ko maiatzaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
HELaren aldeko sinadura bilketa ongi doala baina lan nekeza dela adierazi zuten Fracking Ez plataformako kideek (Argazkia: Fracking Ez).

“Espero dugu luzapena emango digutela, orain arte eskatu duten HEL guztiei eman izan zaie eta”, adierazi zuten Fracking Ez taldeko ordezkariek. 30.000 sinadura bildu beharko dituzte HELa Legebiltzarrera iritsi dadin, baina ez zuten argitu zenbat jaso duten orain arte.

Halaber, nabarmendu egin zuten azken hilabeteotan Bizkaian eta Gipuzkoan frackingaren aurkako taldeak sortu izana, “hau ez baita, askok uste duten bezala, Arabako arazoa bakarrik”. Bereziki Gipuzkoako kasua aipatu zuten: “Apurka-apurka ulertarazten ari gara frackinga zer den: mehatxu bat lurralde horren %40rentzat”.    

Bai Nafarroak, bai EAEk aldamenean dituen Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego bik, Kantabriak eta Errioxak, haustura hidraulikoa debekatzen duten legeak promulgatu dituzte azken urtebetean. Alta, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi ditu azkeneko biak, Madrilgo Gobernuaren helegiteak aintzat hartuz. Nafarroakoa ez dute oraindik Auzitegira eraman, baina denbora kontua da. Industria Ministerioak dioenez, erkidegoek ezarritako lege debekatzaileak Espainiako Hidrokarburo Legearen aurkakoak dira; zehazki, hidrokarburoei dagozkien lan baimenak eman ditzakeen bakarra estatua dela dioen puntuarekin ez dute bat egiten (baimenari dagokion eremuak erkidego bat baino gehiagoko lurrak hartzen baditu).

Esan gabe doa EAEn frackinga debekatzeko lege batek bide bera hartuko lukeela. Beste kontu bat da legea jaioko ote den. EH Bildu eta PPren jarrerak argi samar daudenez –lehena frackingaren aurka, bigarrena alde–, gakoa da beste hiru alderdiek zer bide hartuko duten. Eta hori ez dago hain garbi.

Oposizioa izatea egokitu zitzaienean, jeltzaleak garbi mintzatu ziren Patxi Lopezen asmoen kontra, Portugaletekoak frackingaren miraria salduz beste hondamendi batzuk ezkutatu nahi izan zituenean. EAJ Lakuara itzuli bezain laster, ordea, haustura hidraulikoarekiko diskurtsoa leunduz joan zen, ñabardurak eginez han-hemenka.

Une honetan, EAJren jarrera “ez dezagun aterik itxi” esaldiarekin laburbildu daiteke. Frackinga eztabaidagarria eta arazoz betea dela onartzen dute, baina arazook konponduko diren itxaropena agertzen dute. Teknologia aurrera doa eta noizbait frackinga segurua izango da. Eta gainera, gasaren aldeko apustua egin behar da datozen hamarkadetarako, horixe izango baita karbono gabeko aroranzko trantsizioa egoteko tresna egokiena. Ildo horretan doaz Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk egindako adierazpenak, edota berriki ARGIAri Izaskun Bilbaok esandakoak, edo LARRUN honetan Javier Zarraonandiak Energia eta Meategi zuzendariak adierazitakoak.  

Ez da zaila igartzea EAJ ez dagoela frackinga debekatzeko konpromisoa publikoki agertu duten Espainiako Estatuko hogei alderdi politikoen artean. Bitxiena da PSOE dela horietako bat. PSEk EAEn izandako jarrerarekin kontraesana agerikoa da. Gasteizen legebiltzarkide den Natalia Rojok, berbarako, Berriari egindako adierazpenetan esan du ezin dela debeku orokorrik jarri, eta frackingaren bideragarritasunaz ikertzen jarraitu behar dela, hesirik ezarri gabe.

Oso litekeena da, beraz, EAJ, PSE eta PPren botoek bidea ixtea frackinga debekatu nahi duen HELari. Alabaina, sozialistek azkenean Madrilgo haizeari men egin eta HELaren alde agertuko balira –nahiz ez dirudien batere erraza–, 37nako berdinketa legoke. Hala, UPDren boto bakarrak erabakiko luke afera. Eta hori aurreikustea benetan zaila da. Estatuan frackingaren aldeko agertu da UPD; EAEn, aldiz, teknika horren aurkarienganako hurbilpen saiotxoak egin izan ditu, orain arte kontu honekiko ez atzera eta ez aurrera ibili den Gorka Maneirok.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude