"Denentzako elikadura osasungarria bermatu behar dute politika publikoek"

  • Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik bezperan aurkeztutako Euskal Herriko Deia agiria irakurri dute berriro, eta Europako La Via Campesinak biltzarrean egindako hausnarketa plazaratu du.

Unai Brea @unaibrea
2017ko uztailaren 23a
Davine Witbooi hegoafrikarra izan da Euskal Herriko Deia irakurri dutenetako bat (Arg.: Aritz Loiola)

Davine Witbooi hegoafrikarrak, Eberto Dias kolonbiarrak eta Rilma Román kubatarrak irakurri dute konferentziaren adierazpen ofiziala, eta ondoren EHNE Bizkaia sindikatuko Andoni Garciak hitz egin du Europako La Via Campesinaren izenean. Europar Batasunaren nekazaritza politika (NPB) kritikatu du Garciak: “Nekazarion produktuen salmenta prezioak amiltzea eragiten ari dira, Europa barruan eta kanpoan, munduko merkataritzan nagusi izateko gerran”.

Nekazariak “desagerpenerantz” daramatzan politikaren aurka

Eberto Dias (Kolonbia): "Lurra gaixotzen duen eredu kapitalistari aurre egiteko indartuta atera gara biltzar honetatik". (Arg.: Aritz Loiola)

Gaur egungo prezioek nekazari eta abeltzainen lanari baliorik eman ez diotela esan du Garciak, eta onartezintzat jo du hori. NPBren bitarteko diru-laguntza sistema tranpa dela ere adierazi du Karrantzako abeltzainak: “Nekazariok apurka desagertzea dakarte”.

Politika publikoek elikagaiekin espekulatzea eragotzi, merkatua erregulatu eta pertsona guztiek elikadura osasungarria eskuratzeko eskubidea bermatu beharko luketela adierazi du Garciak. Era berean, genero-diskriminazioa ezabatu eta gazteak nekazaritzan sartzea ahalbidetzeko eskatu du –“ez daitezela eslogan hutsa izan”–, sektorea gero eta zaharrago bilakatzen ari den eta gero eta langile gutxiago duen Europan: “Ezin dugu nekazari gehiagorik galdu”.

Ustiapenak esku gutxitan pilatzea eragozteko politiken alde egin du EHNE Bizkaiako kideak, eta nekazari txikien jarduna oztopatzen duten arau sanitarioak “errealitatera egokitzeko” eskatu du.

“Eskerrak, bereziki, Euskal Herriko baserritarrei”

"Derioko Biltzarrean 'nekazarien feminismoa' kontzeptua indartu da", esan digu Rilma Román kubatarrak. (Arg.: Aritz Loiola)

Garciaren ondoren, Alazne Intxauspek hartu du hitza EHNE Bizkaiaren izenean, astebetez Nazioarteko Konferentzia eta hari lotutako gainerako ekimenak ahalbidetu dituzten 300dik gora boluntarioen lana eskertzeko, eta biltzarra Euskal Herrian egin izana sindikatuarentzat oso mugarri garrantzitsua dela esanez.

“Gaur bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Herriko baserrietan haziak gordetzen ari diren amona, ama eta alabei; egunero itsasora ateratzen diren arrantzaleei; abeltzainei…”, gaineratu du Intxauspek, eta honako aldarriarekin amaitu du bere hitzaldia: “Mundu hobea merezi dugu eta lor dezakegula frogatu dugu”.

Astelehenean Bizkaiko hainbat ustiapenetara egingo diren bisitekin amaituko da La Via Campesinaren Nazioarteko Konferentziari lotutako egitaraua.

Ia 2.000 pertsona izan dira La Via Campesinak Bilbon egindako manifestazioan. Pankartan mugimenduko eskualde guztietako ordezkari bana izan da, EHNE Bizkaiako hainbat kiderekin batera. (Arg.: Aritz Loiola)

 


La Via Campesinaren VII Nazioarteko Biltzarra kanaletik interesatuko zaizu...
2017-07-22 | Unai Brea
La Via Campesinaren Euskal Herriko Deia: "Borroka hau kritikoa da gizateriarentzat"

Euskal Herriko Deia zabalduz amaitu da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra Derion. Lau egunez eztabaidan aritu eta gero, biltzarraren ondorioak biltzen dituen adierazpena aurkeztu dute bi ordu inguruko ekitaldi hunkigarri batean. Mundu osoko 200 milioitik gora laborari ordezkatzen duen mugimendua handitzen jarraitzeko eta elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren ildoetatik borrokatzen jarraitzeko nahia agertu du La Via Campesinak.


2017-07-21 | Unai Brea
"Argentinako iparraldean familia askok galdu dituzte lurrak, eta soja eremuen erdian bizi dira orain, uharte txikiak bailiran"

Argentina iparraldeko Santiago del Estero probintziatik etorri da Deolinda Deo Carrizo La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera. Nekazari indigenen eskubideen alde borrokan diharduen MNCI (Nekazari Indigenen Mugimendu Nazionala) taldeko kidea da, baita mugimendu probintzialekoa ere.


2017-07-21 | Unai Brea
"Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten baldintzak ezartzen ari dira, nork sal dezakeen erabakitzeko"

La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena egin baino lehentxoago.   


2017-07-20 | Unai Brea
"Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu"

“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra inauguratu eta ordu gutxira. “Elikadura osasungarria denon eskubidea da”, azaldu du Intxauspek, “eta herri bakoitzak zer elikadura nahi duen erabakitzeko eskubidearen jabe izan behar du”.


2017-07-19 | Aritz Loiola
ARGAZKIAK: Hasi da La Via Campesinaren nazioarteko konferentzia Derion

Jendez mukuru izan da Derioko apaiztegi zaharreko eliza zena, Biltzarraren inaugurazio ekitaldian. Dantzak, kantuak eta musikak hartu dute lehenbiziko ordua, mezu politikoek bigarrena. Amaieran, azken urteetan La Via Campesinarekin bat egindako elkarte berrien aurkezpena egin da. Gogorarazi dutenez, 200 milioi laborari baino gehiago ordezkatzen ditu antolakundeak dagoeneko, 70 herrialde baino gehiagotan. Aritz Loiolaren argazkiak segidan.


2017-07-19 | Unai Brea
Mundua elikatuz mundua aldatu; abian da nekazari txikien biltzar erraldoia

Pertsonak elikatzeko nekazarien beharra du munduak. Eta modu egoki eta jasangarrian egiteko, edozein ereduk ez du balio. Hala aldarrikatu du Miguel Blancok, Espainiako Estatuko nekazari elkarteen COAG federazioko idazkari nagusi eta hizlari kementsuak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrari hasiera ofiziala emateko egindako ekitaldiaren amaieran. Datozen egunetan eredu horren aldeko estrategiak finkatzen saiatuko dira mundu osotik Euskal Herrira etorritako ehunka ordezkariak.


2017-07-19 | Unai Brea
"Elikadura txarra Espainiako Estatuko osasun publiko arazorik handiena da, baina ez da neurririk hartzen"

Javier Guzman VSF (Elikadura Justizia Globala) elkarteko zuzendaria da. Derion izan da, La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren ekimen osagarrietako batean. Hain zuzen, bere elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Dame veneno (Emadazu pozoia) kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu.


2017-07-19 | Unai Brea
"Lehen aldiz hitz egin dugu nekazarien feminismoaz, eta hori historikoa da"

Derion egin berri den La Via Campesinako V. Emakumeen Biltzarra historikotzat jo du Sandra Moreno Cadena antolatzaileetako batek. Moreno kolonbiarra da jatorriz, baina Espainian bizi da. Andaluziako Langileen Sindikatuko kidea da, eta zehazkiago Landa-eremuko Langileen Sindikatukoa. Haren ahotik jaso dugu Emakumeen Biltzarrak emandakoaren berri.


2017-07-18 | Unai Brea
Nekazari gazteen biltzarra: lanerako baliabide eta jakintza premia

Nekazari gazteen nazioarteko laugarren asanblada izan da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarraren lehen urratsa. Egun eta erdiko bilkurak emandakoa azaldu digu Paula Gioiak, La Via Campesinaren koordinazio batzordean Europak dituen ordezkarietako batek.


2017-07-18 | Unai Brea
"Herrialde askotan nekazariek zailtasunak dituzte lurrak eskuratzeko, baina ez Palestinan adina"

Arafat Jaradat, Palestinako UAWC nekazari-antolakundeko kidea, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrean parte hartzen ari den 500 inguru pertsonetako bat da. Hebronen bizi da, Zisjordanian. Israelen erasoak direla-eta palestinar nekazariek eguneroko lana egiteko dituzten zailtasun izugarrien berri eman nahi du Jaradatek Derion.


Eguneraketa berriak daude