Bartzelonako zentro sozial bat hustu ondoren herritarrei eta hedabideei eraso diete Mossoek

  • Can Vies zentro sozial autogestionatua hustearen kontra milaka herritar mobilizatu ziren astelehenean Bartzelonako Sants auzoan. Esquadra Mossoak herritarren kontra oldartu ziren eta La Directa astekariaren egoitzari eraso zioten.


2014ko maiatzaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Milaka herritar bildu ditu Can Vies hustearen kontrako manifestazioak (argazkia: Victor Serri / La Directa).

4.000 lagun bildu zituen zentro sozialaren aldeko manifestazioak Santseko kaleetan La Directan irakurtzen denez. Mobilizazio laburra izan zen, Santseko plazara iristean manifestarietako batzuek eragindako istiluengatik.

Bertan zegoen Hibai Arbidek biharamunean kontatu du gertatutakoa, istiluak hasi ziren unetik gau osoan luzatu ziren korrikaldi eta jipoietara: “Auzoan haserre handia dago eta manifestariek bankuei eta manifestazioan zeuden kazetari batzuei egin zieten eraso”. Horren ondorioz, besteak beste, TV3 telebistako ibilgailu bat kiskali zen gertakarien hasieran.

Arbideren ustez, Esquadra Mossoek ez zuten espero horrelako zerbait hain azkar geratzea eta “errepresio itzela” erabili zuten kontra. “Inolako zentzurik gabe hasi ziren jipoiak ematen, jende zaharrari, gazteei… Inolako planik gabe ari ziren”. Polizia autonomikoaren oldarraldia hastearekin batera manifestazioan zegoen jendea talde ugaritan sakabanatu zen eta Mossoak atzetik zituztela, Sants auzo osora zabaldu zen tentsioa.

Arbide bera ere lurrera bota zuten une batean agenteek. “Horrela aritzen dira maiz, baina atzo errepresioaz gain irrazionaltasun handiz jokatu zuten”. Bere esanetan, istiluen hasieran kazetariek eta bankuek jasandako erasoaz gain, manifestariek beste batzuetan baino leunago jokatu zuten —azkenaldian Bartzelonako manifestazioetan istilu askoz larriagoak izan direla nabarmendu du— eta Mossoen erantzuna neurriz kanpokoa izan zen bere esanetan.

La Directa astekariaren lokalari erasoa

La Directa astekari independenteko kideak Can Viesen inguruko gertakariak jarraitzen aritu ostean, zentro sozialetik 500 metrora dagoen Riego kaleko lokalean bildu ziren erredakzio-kontseiluan. Jesus Rodriguez astekariko kazetariak kontatu duenez, soinuak entzun zituzten kalean eta irten egin ziren zer gertatzen zen ikustera.

Kalean gora Mossoen bi furgoi ikusi zituzten, baita oinez zihoazen agente ugari ere. Borrak eskuan eta hainbat pertsonari joz zihoazen aurrera eta herritarrak gertuen zeuzkaten lokaletara sartzen hasi ziren kolpeak saihesteko. Astekariko lokal parera iristean, aurrera jarraitu beharrean, Mossoak gelditu egin zirela azaldu du. Eta lokalera sartu nahian hasi zirela.

“Atea indarka zabaldu nahi zutela ikusita, sareta mekanikoa jaisten hasi ginen. Agenteek sareta puskatu zuten eta borra-kolpeka lokaleko kristala hautsi zuten”, dio Rodriguezek. Erredakzioko kide bat gertu zegoen eta kristalek aurpegian eta bularrean zauriak eragin dizkiotela azaldu du.

La Directako kideek Mossoen kontrako salaketa jarriko dutela iragarri dute eta Kataluniako kazetarien sindikatura ere joko dutela. La Ciutat Invisible proiektu kooperatiboak eta Santseko La Burxa tokiko egunkariak ere erasoak jasan dituztela informatu zuten hainbat herritarrek astelehen gauean sare sozialetan. Gertakari horien ondoren mobilizazio berriak espero dira aste honetarako.

Informazio gehiago:

Zer da Can Vies? Zentro sozialeko kideek bideo honetan azaltzen dute:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Can Vies
2018-06-07 | ARGIA
Can Vies hustearen kontrako protestetan gazte bat jipoitzeagatik, bi Mosso zigortu dituzte

Bartzelonako Auzitegiak kondena partzialarekin zigortu ditu Jesus Antonio Zoyo Rodriguez eta David Villares Yelmo poliziak.


Can Vies: nola berreraiki amets bat

Ostegunean 19:00etatik aurrera Can Vies. Única solució: Reconstrucció hitzaldia eskeiniko du zentro sozial horretako kide batek Iruñeko Katakrak gunean.


Can Vieseko istiluetan parte hartzea egotzita ia lau urte arteko kartzela zigorra

Bartzelonako epaile batek zortzi hilabete eta hiru urte eta bederatzi hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die lau gazteri. Gazte hauei 2014ko maiatzaren bukaeran Can Vies zentro sozial okupatuaren desalojoaren aurkako istiluetan parte hartzea egozten diete.


Bartzelonako Can Vies zentro sozial okupatua berreraikitzen jarraituko dute, eragozpenen gainetik

Bartzelonako Sants auzoko Can Vies zentro soziala berreraikitzen jarraituko dute, Udalak agindutakoaren aurka. Maiatzean etxe okupatua husten ahalegindu ziren eta eraikinak kalte larriak jasan zituen.


Eguneraketa berriak daude