"Bost urtez ur eta argi gabe eduki nau eta atea blindatu dit Kutxabankek, etxetik botatzea lortu duen arte"

  • Kutxabankek etxetik kaleratu zuen arren, bertan bizitzen jarraitu du Juan Carlos Infante irundarrak. Bankuak du etxearen jabetza, baina justiziak ebatzi du pisuan bizitzen segi dezakeela Infantek eta negoziatzera derrigortu du Kutxabank. Hala ere, bankuak ez duela negoziatu nahi, Kutxabanken aginduz urik eta argindarrik gabe eman dituela bost urte eta ateko sarraila bost aldiz aldatu diotela kontatu digu irundarrak. Pasa den urtarrilean, etxean ate blindatua jarri zion bankuak eta amore eman du azkenean, ezin du gehiago, pisuaren ordainetan diru gehiago ez ordaintzea du orain helburu, interes abusiboak gehituta 160.000 euro eskatzen baitizkio Kutxabankek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2017ko otsailaren 06a
Hilero, %30eko berandutze-interesak gehitzen joan zaizkio zorrari eta uneotan 160.000 euro baino gehiago eskatzen dizkio bankuak, \"etxea kasik ordainduta nuenean, 20 urte nituenetik daramat ordaintzen!\". Irudian, hogei urtez bizitoki izan duen pisu

Etxean ez sartu ahal izateko ate blindatua jarri zioten urtarrilaren 3an, eta ordutik arropa berarekin eta poltsikoan zituen 20 euroekin hilabete eman du Juan Carlos Infantek, bere gauza guztiak etxe barruan dituela. Aurretik, salaketa bat ere jarri zion bankuak bide penaletik; espetxean amaitu zezakeen irundarrak. “Mafioso hutsak dira”, dio. Baina kontatu dezagun hasieratik, Infanteren kalbarioa hobeto ulertzeko.

“Min handia egin zien komunikabideetan nire kasuak halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten. Mafioso hutsak dira”

41 urte ditu Infantek eta 19-20 zituenean pisu txikia eta zaharra erosi zuen; hogei urtetik gora eman ditu bertan bizitzen. Lanik gabe geratu zen eta langabezia eta subsidioa kobratu bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu zuen, baina biak bukatu zitzaizkionean orduko Kutxarekin akordioa lortzen saiatu zen; “haien erantzuna izan zen ez-ordaintze prozesua behin hasita ez zegoela geratzerik”, eta 2010 inguruan bankuak etxearen jabetza eskuratu eta kaleratu egin zuten. “‘Mesede bezala ordu erdi emango dizugu gauza guztiak hartzeko’ esan zidaten, eta uko egin nuenez, gauzak han nire borondatez utzi nituela zioen orria eman zidaten sinatzeko”. Horren ordez, hurrengo egunean etxea okupatu zuen Infantek, ondoren Kaleratzeak Stop plataformarekin jarri zen harremanetan eta alokairu soziala negoziatzen saiatu ziren, “baina ezer ez”. Hedabideetan dezenteko oihartzuna izan zuen bere kasuak eta Kutxabankek begiz jo zuela uste du kaltetuak: “Hedabideetako zurrunbiloaren ondorioz Irungo sukurtsaleko langile batzuk kaleratuko zituztela eta nire errua zela esan zidaten, erasokor; gaizkile baten gisa tratatu naute. Min handia egin zien komunikabideetan halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten, espetxean amaitu nezan, baina epaileak prozesua gelditu zuen”. Ebazpen judizialak, izan ere, etxean jarraitzeko baimena eman zion irundarrari, eta negoziatu zezatela agindu zuen. Etxearen jabegoa, ordea, bankuak du, eta muturreko jokaerak sortu ditu egoera horrek.

“Inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi”

“Inoiz ez gara negoziatzera eseri –dio Infantek–, Kaleratzeak Stop plataformako abokatuak eta biok eskutitzak bidali dizkiegu, alokairu soziala proposatu diegu, eta inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi”. Jada, ordea, irundarrak berak ere ez du etxean segitu nahi: “Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, bost urte eman ditut Kutxabanken aginduz argirik eta urik gabe bizitzen eta baldintza jasanezinak dira”. Iberdrolara ordainketa egitera joan zenean halaxe adierazi zioten, Kutxabankek agindua emana zuela, argindarrik ez emateko. Denboraldi batez, lana lortu zuen gasolindegi batean, eta nominatik zuzenean portzentaje bat kentzen zion bankuak. Atearen sarraila bost aldiz aldatu ostean, ate blindatua jarri eta helburua lortu zuten: ordutik ez da pisura itzuli Infante, gizarte zerbitzuek ordaindutako ostatu batean dago. “Ate blindatua jartzeko denbora dezente behar da eta juxtu egun osoa kanpoan eman nuen egunean egin zuten. Kasualitate handia, ezta? Ez ote ninduten zelatatu...”.

“Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, baldintza jasanezinak dira”

“Etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute”

“Gogorra da hainbeste urteren ostean etxea galtzea, baina pisuaren ordainetan zorra kitatzea da orain helburua”. Hilero, %30eko berandutze-interesak gehitzen joan zaizkio zorrari eta uneotan 160.000 euro baino gehiago eskatzen dizkio bankuak, “etxea kasik ordainduta nuenean; imajinatu, 20 urte nituenetik daramat ordaintzen! Bi etxebizitza adina ari zaizkit eskatzen, tasazioa kontuan hartuta. Abusiboa da erabat, eta hileroko gurpil zoro horretan murgilduta egotea sufrikarioa da, lana bilatzeko ere eragiten dizu eta ez dizu aurrera egiten uzten, etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute, kateatuta zauzkate”.

Udaleko atea jo du Infantek eta Irungo alkatea prest agertu da bitartekari lana egiteko eta bankuarekin hitz egiteko, etxearen ordainetan diru gehiago eskatu ez dezan. Luzerako prozesua izango dela uste du irundarrak, eta orain pisu txiki bat alokairuan lortzea da bere lehentasuna. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta balia dezake alokairurako eta gizarte zerbitzuek ordainduko diote sarrera. Dena oso motel doala dio, izapide eta burokrazia andana tarteko. Berarekin hitz egin eta bi egunera lortu ditu, azkenean, pisu berriko giltzak.

“Kaleratuko zaituztela esaten duzun momentutik administrazioak protokolorik ez izatea, mekanismorik martxan ez jartzea hutsegitea iruditzen zait. Ostatuan, nirekin batera, etxetik bota dituzten bost laguneko familia bat dago, baita kaleratua izan den beste ama bakar bat ere, ezintasunak dituen haurrarekin, eta Udalak larrialditarako pisuak ditu hutsik, bete gabe. Ez dut ulertzen”.

“Ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzea”

“Azkenean erokeriaren bat egingo dut”

Istorio korapilatsua entzun eta galdera inozoa egin dugu: bankuarentzat ez al da sinpleagoa negoziatzea, egoera honetara iristea baino? “Bai, baina ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzerik nahi. Batzuekin tratua lortzen dute bankuek, etxea lehenbailehen utzi dezaten eta ez dezaten publiko egin, bestela beste batek jokaldia errepikatzea eskatuko du, horren beldur dira. Izan ere, gaur egun oraindik kaleratze asko eta asko egiten dira, baita alokairuan daudenenak ere”.

Gurekin kafea bukatu eta zuzenean udaletxera joan da Juan Carlos Infante, zeregin eta buruhauste askori egin behar die aurre oraindik, eta ilun ikusten du etorkizuna. “Muga-mugan nago, psikologikoki jota. Denbora asko daramat lo egin gabe eta azkenean erokeriaren bat egingo dut, eztanda egingo dut”.

Kanal hauetan artxibatua: Etxegabetzeak  |  Kutxabank  |  Pobrezia

Etxegabetzeak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-13 | Lander Arbelaitz
Etxetik bota ondoren ospitalera eraman behar izan dute 84 urteko Patxi Zubiarre Donostian

Ohatilan atera dute Patxi Zubiaurre 40 urtez bere etxea izan den lekutik. Asteazken goizean kaleratu du Abacredit mailegu enpresak, 2014ko maiatzean ezin izan baitzion 104.000 euroko hipotekari aurre egin.


2017-12-12 | ARGIA
Bertan behera utzi dute gaur kaleratzekoa den Patxi Zubiaurreren aldeko elkarretaratzea, berak hala eskatuta

Etxe Kaleratzeak Stop! taldeak deituta gaur goizean Donostian egitekoa zen elkarretaratzea bertan behera geratu da, Patxi Zubiaurrek, etxegabetu nahi duten 84 urteko gizonak, hala eskatuta.


Etxe kaleratze bat geldiarazi dute Iru˝eko Arrosadia auzoan

Goizeko zortzietan zegoen aurreikusia Santander Bankuan Martha izeneko emakume bat eta bere familia bizi zen etxea hutsaraztea. Elkarretaratzea egin dute Etxe Kaleratzeen Kontrako plataformakoek eta epaile batek momentuz geldiarazi egin du kaleratze hori. 


2017-12-01 | Miren Osa Galdona
Gasteizko Santo Domingo kaleko bizilagunek konponbiderik gabe jarraitzen dute

Hilabete pasa da, Udalaren aginduz, Gasteizko Alde Zaharreko Santo Domingo kaletik bederatzi familia euren etxeetatik irtenarazi zituztenetik. Santo Domingo Bizirik plataformak jakitera eman duenez, familia batzuei lau aldiz aldarazi diote etxez eta gehienak egoera “tamalgarrian” bizi dira. Udalaren jarrera “utzikeria hutsa” dela diote bizilagunek. Larunbatean kazelorada egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean.


Iru˝eko artzapezpikuak etxegabetu nahi izan du 87 urteko emakume bat Lizoainen, baina ez du lortu

 Jende ugari hurbildu da herrira emakumezkoari babes emateko asmoz. Agoiz eta Lizoaingo alkateak ere han dira. "Artzapezpikuak ezin du lasai lo egin, nik ezinen nuke", adierazi du Felicia Itoizek, eta negarrari ezin eutsita, eskerrak eman dizkie han bildutakoei: "88 urte beteko ditut abenduan, eta orain hasi naiz fedea galtzen".


2017-08-30 | Xalba Ramirez
Bankuak hipoteka bereziak eskaintzen ari dira, etxegabetuen pisuak azkarrago saltzeko

Banketxeak hipoteka bereziak eskaintzen ari dira saldu ahal izateko finantza krisian eragin zituzten etxegabetzeen bidez lortutako pisuak.


2017-08-25 | Axier Lopez
Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu die sei laguni etxegabetze baten aurkako protestan parte hartzeagatik

Iazko irailean Anastasia eta bere bi semeak etxegabetu zituen Ertzaintzak, Alokabidek Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak hala aginduta. Hainbat lagun etxe atarian bildu ziren etxegabetzea eragozteko eta, urtebete ostean, protesta horretan parte hartu zuten Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri 602 euroko isun bana ezarri diete Mozal Legea aplikatuz.


2017-08-07 | Topatu.eus
"Harrera Aurrera", etxebizitza eskubidea eta migranteen harrera uztartzen dituen ekimena

Harrera Aurrera ekimenaren aurkezpena egin dute Iruñean, abuztu osoan Iruñerrian garatuko duten egitarauaren berri ematearekin batera. Etxebizitza eskubidea eta etorkinen harrera uztartzen dituen eztabaida, aisialdi eta borrokarako espazioak sortuko dituzte.


Egiaren gentrifikazioari stop!

Azkenaldian modan jarri den kontzeptu bat da “Gentrifikazioa”. Horrek ez du esan nahi ordea, Gentrifikazioaz izendatzen den prozesu eraldatzaile hori, orain bizitzen hasi garenik. Prozesu hori, oso ondo ikusi dezakegu Egian. Urte gutxitan, Tabakalera birmoldatu egin dute, auzoko sarreraren birmoldaketa eraginez eta zentro-periferia lerroa hautsiz.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude