AHTren Iruñeko estazioari alegazioak aurkezteko epea luzatu dute

  • Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak bi hilabete luzatu dute Nafarroako AHTren Etxabakoitzeko estazioaren eta hango urbanizazioaren planari alegazioak aurkezteko epea. 


2015eko abuztuaren 26an - 10:51
2014ean Etxabakoitzeko bizilagunek prentsaurrekoa egin zuten proiektuaren gainean zegoen informazio falta salatuz (argazkia: ahotsa.info)

Praktikan, Etxabakoitzeko hirigintza planaren moteltzea dakar epearen atzerapenak. Planak 9.000 etxebizitza, jarduera ekonomikorako poligono berria eta AHTren estazioa eraikitzea aurreikusten du, eta 2,3 milioi metro koadroko eremua hartzen du. Proiektuak polemika handia sortu du hasieratik eta ingurumen arloko elkarteek nahiz eragile sozialek gogor kritikatu dute.

Yolanda Barcinaren gobernuak ia publizitaterik egin gabe aldatu zuen proiektua, hauteskunde kanpainaren erdian, eta alegazioak aurkezteko bi hilabeteko epea eman zuen orduan. Egungo gobernuak adierazi duenez, proiektuaren gaineko jakinarazpen pertsonalak alegazioak aurkezteko epea bukatzear dagoenean ari dira egiten. Horregatik erabaki dute epea bi hilabetez luzatzea.

Gobernutik adierazi dute, gainera, horrelako proiektu “konplexua” sakonean aztertu beharra dagoela. “Udalak estazio berriaren eta urbanizazioaren proiektua birplanteatzeko eta hiriaren hazkundea mugatzeko aukera izanen du, baita bizilagunei informazio gehiago eskaintzeko ere”, adierazi du Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzi Joxe Abaurreak.

Gobernu berriaren AHTrekiko jarrera, lauso

AHTren inguruan ez du posizionamentu garbirik egin oraindik Nafarroako Gobernu berriak. Uztailean Sustrai Erakuntza fundazioak jarrera argiagoa hartzeko eskaera egin zion “aldaketaren gobernuari”, azpiegituren inguruko gestioan “haize berriak” nabaritu bazitezkeen ere, AHTren inguruan zehaztasun falta nabari zutelako.

Akordio programatikoaren sinatzaileekin elkartu ziren uztailean azpiegituraren oposizioko hainbat talde, eta azpimarratu zuten lau alderdiek akordioaren “anbiguotasun” berbera erakutsi zutela. Irailean Nafarroako Parlamentuan trenaren inguruko ponentzia egitea proposatu dute taldeek. Teknikariek, ikertzaileek eta mugimendu sozial eta sindikaletako kideek parte-hartuko lukete. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude