Hasi baino lehen, aitortu nahi dut ez dudala Anjel Lertxundiren liburua irakurri, eta beraz ezin konparaketarik egin. Agian hobeto, aurreiritzirik gabe ikusi baitute istorioa nire begiek, eta ona da ikusi dutena. Egia esan, bestelako aurreiritzirik banuen, gehienetan diskurtso moralistez betetako istorio sinesgabeak eskaini baitizkigute, gaia jorratu izan dutenak. Baina oraingoan ez da hala, eta poztekoa da: argumentu konplikatua izan arren, zuzendariak jakin du filma bide onetik eramaten.
erantzunak (2) guztia irakurriNiri ere I came from Busan ez zait pelikula itzela iruditu, baina Radio Euskadiko Felix Linaresen kritika entzunda, zer edo zer salbatu behar dudala uste dut. Linaresek esan duenez, atera dituen ondorio bakarrak honakoak izan dira: Busango portua zikina dela, korearrek asko edaten dutela eta maiz elkar joka aritzen direla (“Baina hori banekien, hango parlamentuko irudiak ikusita” isatsarekin bukatu du esaldia; to, no). Ez naiz ni izango pelikulak defenestratzearen kontra azalduko dena. Baina arrazoiren bat ematea eskatu behar zaio kritikariari; eta, gehiegi eskatzea ez bada, sakontasun pixka bat.
guztia irakurriMunduko hiririk kosmopolitenetakoan, Londonen, kulturalki oso urrun dauden bi pertsona harremanetan jarriko dira, egoerak behartuta: biak ere, emakume ingeles, zuri eta protestantea batetik, gizon afrikar, beltz eta musulmana bestetik, helburu berak batzen ditu: desagertutako seme-alaba topatzea. Kezkaz eta angustiaz inguratutako bilaketa etsigarrian, zuzendariak modu interesgarrian sakondu du aurreiritziz betetako harreman bitxi eta zintzoan.
guztia irakurriVictor Jarak kantatu zuen, Cochabambara bidean, gezurra zela, gerrillak ez zirela bukatu. Klaro, 1968. urtea zen. 40 urte beranduago diferentea da dena. Diferentea? Ez behintzat Isaki Lacuestaren Los condenados filmeko protagonistentzat; haien gogoan gerrilla ez da bukatu: Ezequiel burkidearen gorpua bilatzeko elkartuko dira Martin, Raul, Andrea eta Vicky. Aitzurrek eta palek, gorpua baino lehen, gauza gehiago aterako dituzte lur azpitik: aspaldiko herrak, iraganeko mamuak.
guztia irakurriDamua, gorrotoa, errukia, mendekua, samina, herra. Sentimenduak dira filmaren funtsa, baina barru-barruan gordeta dauden sentimenduak, korapilaturik, borborka, eztanda noiz egin zain. Horien menpe bizi direnak, filmeko bi protagonistak: gaztetan pertsona bat hil zuen gizon damutua eta honek eraildako mutikoaren anaia txikia. Gutxienekoa, testuingurua: Irlandako gatazka. Izan ere, zuzendariak ez du ekintzen arrazoietan sakontzen, ondorio emozionaletan baizik. Soiltasunez kontatua, istorioak hasieratik bukaerara arte mantentzen du tentsioa, protagonistak elkartzen diren arte.
guztia irakurriPolita izaten da denborapasa pelikula bat ikustera joaten zarenetan, eta filmak aurreikuspen eskasen gainetik salto egiten duenean. Sail Ofizialaren azken egunotako erdipurdikerian, sorpresa polita izan da Javier Rebolloren La mujer sin piano. Uste nuen etxekoandre espainiar baten bizimodu kutrea enegarrenez kontatuko zidatela. “Bestre dramatzar bat” pentsatzen sartu naiz. Baina ez, keba: hiriko konbentzio absurduei buruzko lan txukuna paratu du Rebollok ekranean, fabularen eta komediaren artean dabilen filma.
guztia irakurriBenetako eskola da kartzela: inuzente sartu eta puta-seme bilakatuta ateratzeko aproposa. Hala gertatuko zaio Malik gizajoari. Gizajo istorio hasieran, bukaerarako asko ikasiko baitu traizioaz, biziraupenaz, heriotzaz. Kartzela-generoan bete-betean murgildu da Jacques Audiard zuzendari frantziarra, baina ikuspegi berri bat gaineratu dio, protagonistaren bilakaera zirraragarrian zentratuta. Zenbateraino usteldu dezake pertsona bat espetxeak?
guztia irakurriBaietz, ulertu dudala, protagonista moja izateko ikasten ari dela. Benetan, ez zen beharrezkoa neskak Jainkoa maite duela hainbestetan errepikatzea. Eta Islama sartzearen kontu hori, zer? Tira, ez diogu denari su emango lehen parrafoan, baina Bruno Dumonten Hadewijch ikusi ondoren denbora alferrik galdu izanaren sentsazioa besterik ez zait geratu.
guztia irakurriKurdistango landa eremua utzi eta bere azken filmean Irango hiriburura egin du salto Bahman Ghobadi Zinemaldiko zuzendari kuttunak (bitan irabazi du Urrezko Maskorra, Dortokek ere hegan egiten dute eta Half Moon filmengatik). Aurten ez da Sail Ofizialean lehiatzen, baina maila mantendu du, zalantzarik gabe: Teheran kaotikoa eta goitik behera arautua erakutsi digu, bizitzaz eta heriotzaz betea, kontrastez josia, eta agintarien tiraniaren menpe, zirrikitu txikia (oso txikia) ireki dio esperantzari.
guztia irakurri1937an, Japoniako soldaduek Txinako Nanjing hiria odolustu eta umiliatu zuten: 300.000 lagun hil zituzten; 20.000 eta 80.000 artean dabil emakume bortxatuen kopurua (bai, badakit, alde handia dago batetik bestera; edozein modutara, zenbaki txikiena ere ikaragarria da, kontuan izanda “Nanjingo masakrea” sei asteko tartean gertatu zela). Izugarrikeria hura hartu du Lu Txuan zuzendariak City of Life and Death filmeko ardatz gisa.
erantzunak (1) guztia irakurriFipresci saria irabazi duela jakinda, igandeko nire kritika Michael Haneke zuzendari austriarraren Das Weisse Band filmarena izango zelakoan nengoen. Baina eguneko emanaldien artean beste lan batek hunkitu nau, ezkutuagoan pasako dena, eta zalantzarik gabe gomendagarria: Huit fois debout. Drama bat kontatzen digu, baina dramak kontatu behar diren gisan: artifiziorik gabe, errazkeriatik eta tragediatik urrun, baina komedian erori barik.
guztia irakurriAzken aldian ikusi ditudan film frantsesen kontua izango da agian, eta orokorkeriatan ariko naiz, baina inpresioa dut familia arazoekin kezkatuta dabiltzala Frantziako zuzendari asko (tira, kasu honetan Bretainia esan beharko genuke, baina frantsesez grabatu dutenez...). Christophe Honoréren Non ma fille tu n'iras pas danser (ingelesez Making plans for Lena) ikusten hasita, berehala etorri zait burura duela bi urteko La maison, Manuel Poirier zuzendariarena. Bietan protagonista dibortziatuta dago, haurrak ditu, anai-arrebekin tirabirak, eta hiritik at bizi diren gurasoak, bizitzaren ilunabarrean. Baina antzeko osagaiak erabilita, jakia atera daiteke guria, edo apur bat errea. Bigarrena gertatu zaio Honoréri, nire ustez.
guztia irakurriBatzuk, askok, gehiegik (ia denek?) Bidasoari begiratzen diote, eta ibaiaren ordez muga ikusten dute. Horren erruz ez dut jakin, Victoria Eugenian filma ikustera eseri naizen arte, François Ozonen Le refuge-eko eszena asko Euskal Herrian grabatuak zirenik, Getarian (Lapurdikoan, bistan da).
guztia irakurriTxaloak eta txistuak entzun dira prentsarentzako emanaldi amaieran. Bietatik du pelikulak. Izan ere, istorioa nahiko ondo kontatua dagoen arren, ezaguna (ezagunegia) zaigu drama: mundu guztiarengandik baztertua sentitzen den neska gaztea, irakasle ezohiko batek erreskatatua.
guztia irakurriOhikoa bihurtzen ari da Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaltzeko kalitate-komertzialtasun oreka bilatzen duten lanak programatzea. Aurten, festibalak aurrekontu apalagoa badu ere, lehen filma hautatzeko irizpideari eutsi diote. Atom Egoyanek zuzendutako Chloek bi aktore ezagun ditu protagonista, Julianne Moore eta Liam Neeson; filma, produktu anglosaxoia, 2003ko Nathalie frantsesaren remake bat da (Fanny Ardant eta Gerard Depardieu ziren protagonista jatorrizkoan).
erantzunak (1) guztia irakurri60 milioi pertsona akabatu zituzten Bigarren Mundu Gerran. Ez dira askoz gutxiago pelikulan hiltzen ikusi ditugunak; kasik ez da inor onik irten Quentin Tarantinoren azkeneko lanean. Oraingoan ere bere estiloa eta marka mantendu duela, alegia. Eta horregatik, Kill Bill epopeiaren bi zatien miresle garenok gustura ikusi dugu harrikada odoltsu bezain dibertigarri hau.
guztia irakurri© 2009 ARGIA.eus