Polita izaten da denborapasa pelikula bat ikustera joaten zarenetan, eta filmak aurreikuspen eskasen gainetik salto egiten duenean. Sail Ofizialaren azken egunotako erdipurdikerian, sorpresa polita izan da Javier Rebolloren La mujer sin piano. Uste nuen etxekoandre espainiar baten bizimodu kutrea enegarrenez kontatuko zidatela. “Bestre dramatzar bat” pentsatzen sartu naiz. Baina ez, keba: hiriko konbentzio absurduei buruzko lan txukuna paratu du Rebollok ekranean, fabularen eta komediaren artean dabilen filma.
Gauza batzuek huts egiten dute, egia da. Nabarmenena, istorioa luzeegia dela kontatu behar denerako. Film labur batetik hurbilago dago pelikularen hezurdura, ordu eta erdiko zerbaitetik baino: klase baxuko etxekoandrea (Carmen Machi, nola ez) aspertuta dago bere bizimoduarekin, eta gau batez ihes egitea erabakitzen du. Jantzi du ileordea eta abiatu da autobus geltokira. Han, gizaseme poloniar bat (Jan Budar) aurkituko du, eta elkarrekin ibiliko dira gauean harat-honat. Eguna argitu bitartekoa da kontatzeko dagoena. Tarte horretan bi protagonistak hiriaren kontra ariko dira. Hiriak debekuak jartzen ditu (“hemen ezin da erre”, “taberna itxita dago”, “geltokia hustu behar dugu”, “telefono hau itzalita edo estalduraz kanpo dago”...); protagonistek ihes egiteko gogoa.
Musika ere, nire gusturako, ez dago sobera ondo aukeratua; ez dator bat filmaren tonuarekin.
Baina sarreran esan dudanez, sorpresa polita eman dit filmak. Zergatik? Ba, batetik, lau pintzelkada trebe erabilita berehala jabetzen garelako protagonistaren abiapuntuaz. Horri esker asko arintzen dira hasierako minutuak. Bestetik, pertsonaia estereotipatuen bidez (postako langilea, hotelekoa, zerbitzaria) giza-harremanen absurduari irribarrez begiratzeko gonbita luzatzen duelako. Eta, baliabide sinple-sinpleak erabiliz, kontakizuna ondo eramaten asmatzen duelako. Machiren pertsonaiak egiten dituen telefono deiak, erretzeko debekua, poloniarraren esaldi errepikakorrak... Filma konpaktatzen laguntzen dute.
Errematea ere ona da: film osoan atzeko planoan geratzen den istorioak (etxekoandreak senarrarekin duen harremana) hartzen du protagonismoa, ihesaren ordez, arazoei aurre egitea lehenetsiz.
Funtsean, Rebollok erabaki batzuk hartu ditu (beste zuzendari askok ez bezala), eta horri esker modu eraginkorrean kontatu digu istorio bat, berez nahiko kuriosoa. Formak ondo zizelkatuta dauzka lanak: film bat da, ez bi, ezta hiru ere; badaki zer kontatu nahi duen, eta kontatu egiten du. Beste batzuek aurtengo Sail Ofizialean esan dezaketena baino gehiago da hori.
La mujer sin piano
Zuzendaria: Javier Rebollo.
Aktoreak: Carmen Machi, Jan Budar, Pep Ricart, Nadia de Santiago.
Espainia.
95 minutu.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus