Niri ere I came from Busan ez zait pelikula itzela iruditu, baina Radio Euskadiko Felix Linaresen kritika entzunda, zer edo zer salbatu behar dudala uste dut. Linaresek esan duenez, atera dituen ondorio bakarrak honakoak izan dira: Busango portua zikina dela, korearrek asko edaten dutela eta maiz elkar joka aritzen direla (“Baina hori banekien, hango parlamentuko irudiak ikusita” isatsarekin bukatu du esaldia; to, no). Ez naiz ni izango pelikulak defenestratzearen kontra azalduko dena. Baina arrazoiren bat ematea eskatu behar zaio kritikariari; eta, gehiegi eskatzea ez bada, sakontasun pixka bat.
Jeon Soo-il zuzendariaren filmeko protagonista nerabea da: haur batez erditu eta adopzioan eman du. Hortik aitzinera, filmak neskaren eguneroko bizimodua erakusten digu. Eta bai, alkohola dago; bai, portua zikina da; bai, zaplasteko, muturreko, ostiko asko dago. Neskak ez du lanik lortzen, eta haurra berreskuratu nahian ospitalera joango da. Behin, eta beste behin, eta beste behin... Busango portuko koadroa margotzen den partea (ia film osoa, alegia), luzea egiten da, ia ez dago elkarrizketarik eta protagonistaren jarrera hieratikoak aspergarri egiten du.
Baina kontua da, filmaren bukaeran Frantziako mendialdera bidaiatzen duela protagonistak, adopzioan emandako umearen bila. Guraso frantsesekin topo egitean amaitzen da istorioa. Neskak nondik datorren esan nahi dio ingelesez, baina ez hitzik jaiotzen. Zer esan nahi duen horrek? Nire ustez, badagoela Busango portuko (edo Koreako) erretratu marginala egiteaz gainerako asmorik. Aipatutako azken eszena hori, “errealaren” agerpen gisa uler daiteke: europarrek ume korearrak hartzen dituzte adopzioan, umea nahi dutelako, bistan da; baina baita nolabaiteko jarrera “humanitario” batengatik ere. Film honek berriz, horren atzean dagoena azaleratu gura du: zergatik datozen ume horiek handik, noren seme-alaba diren, zergatik utzi zituzten besteren eskuetan. Erantzuna, bakarra, Clintonen kanpaina hartan bikain formulatu zen: “Ekonomia da, ergela!”.
I came from Busaneko azken eszenan haurraren ama biologikoa eta adopziozkoa aurrez aurre jartzen direlarik, Jeon Soo-ilek lortzen du Europa aberatseko etxe atariraino ekartzea kapitalismo globalaren kontraesanak. “Etorri naiz” dio ama biologikoak azkenean. “Banaiz” esan zezakeen, “existitzen naiz”. Eta existitze hutsak gatazka eragingo du, ziur. Ataka horretan amaitzen da istorioa.
Egon adi toposari ere: mendi elurtu eta ia isolatuan bizi da adopziozko ama; Heidiren marrazkietatik ateratakoa dirudi. Ez al du kontraste handia egiten Busango portu zikin horrekin? Ez al da Busango portua mendi horren zabortegia? Eta batez ere, zergatik salbatzen dira haurrak zabortegitik, baina ez haien amak? Gabeziak gabezi, filmak zer pentsatua eman dezakeela alegia, mendi tontorretik jaistera animatuz gero behintzat.
I came from Busan
Zuzendaria: Jeon Soo-il
Aktoreak: Park Ha-seon, Kim Jung-tae.
Hego Korea.
83 minutu.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus