Txaloak eta txistuak entzun dira prentsarentzako emanaldi amaieran. Bietatik du pelikulak. Izan ere, istorioa nahiko ondo kontatua dagoen arren, ezaguna (ezagunegia) zaigu drama: mundu guztiarengandik baztertua sentitzen den neska gaztea, irakasle ezohiko batek erreskatatua.
Emakumea, beltza eta oso lodia da Precious, gizartearen estandarretatik urrun. Gainera, bigarren umea izatear da, aitak bortxatu ostean. Panorama horrekin abiatzen da filma, eta zaila badirudi ere, okerrera egiten du egoerak, eszena ugaritan familia desegituratu baten miseriak gordinki ageriaz. Halabaina, eskola berezi bati (eta batez ere irakasle berezi bati) esker, aurrera aterako da Precious, irakurtzen ikasiko du, idazten, eta bere bizitza zuzentzeko (edo behintzat okerrera ez egiteko) erabakiak hartzen. Eskema horren baitan, nahitaezkoa da klixeetan erortzea: familia gaiztoa da oso, irakaslea on puska, Precious azkarra… Istorio gogorra da eta errealismoz kontatu nahi izan du Lee Daniels zuzendariak, baina Dangerous Minds pelikularen fotokopia ugarien antza gehiegi du pasarte askotan.
Onena, Preciousen ama zital eta bihozgabearen papera egiten duen aktorea: Mo’Nique. Okerrena, Mariah Carey (bai, Mariah Carey!) antzezle lanetan ikusi behar izana, zer eta gizarte-laguntzaile sentibera eta ulerkor baten paperean (Lenny Kravitz abeslaria ere ausartu da, erizain gisa, baina batik bat kreditutan bere izena agertzeko, papera txikia baita oso).
Precious
Zuzendaria: Lee Daniels
Aktoreak: Gabourey Sidibe, Mo’Nique, Paula Patton, Mariah Carey, Sherri Shepherd.
109 min.
AEB
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus