Baietz, ulertu dudala, protagonista moja izateko ikasten ari dela. Benetan, ez zen beharrezkoa neskak Jainkoa maite duela hainbestetan errepikatzea. Eta Islama sartzearen kontu hori, zer? Tira, ez diogu denari su emango lehen parrafoan, baina Bruno Dumonten Hadewijch ikusi ondoren denbora alferrik galdu izanaren sentsazioa besterik ez zait geratu.
Céline, ministro baten alaba, teologia ikaslea da eta komentu batean dago. Baina hainbeste-hainbeste maite du Jainkoa, bere burua hain estu hartzen du debozioaren debozioz, Ama Nagusiak esango diola beste norabait joateko. Eta kanpoan Yassine ezagutuko du, Parisko banlieue batean bizi den gaztea. Logikoa denez (frantziar gizartea oso interklasista baita) lagun handiak egingo dira familia onegiko neska eta jatorri pobreegiko mutila, nahiz eta Yassinek zer edo zer gehiago nahiko duen, bekatari arraio horrek. Eskerrak bere anaia tartean sartuko den, neskari erakusteko musulman zintzoen bidea ez dagoela Jesusen urratsetatik hain urrun. Eta horrela, neska hartu, Palestinara (uste dut) eraman, hango buruzagi erradikal batzuekin hitz egin, eta neskak bere burua lehertuko du Parisko metroan. Kito.
Ikusten denez, parrafo batean egin zitekeen, baina Dumontek eskuak garbitu, eta ordu eta hiru laurden hartu ditu, inora ez doan istorioa kontatzeko. Ez dago inolako espeleologiarik fede itsu horren barrunbeetara (hori ere ez zitzaidan interesatuko, baina filma justifikatuko zuen agian). Pelikulak ez du borondaterik gutxieneko egiantzekotasuna duen ezer kontatzeko. Baina ez du ildo fantastikorik hartzen ere. Eta ez du... Bueno, ez dut segiko.
Ezerez horretan, Célinek behin eta berriz negar egiten du Jainkoa maite duelako, eta ikuslea galdezka hasten da kalbarioa noiz bukatuko den. Gurutzea astunagotzeko, ezertarako balio ez duten plano luzeak erabili ditu Dumontek nonahi. Pontziok aretotik ateratzen utzi digunean (Ecce homo!) ondorio bakarra atera dugu filmetik: fanatismo erlijiosoa, izan kristaua ala musulmana, txarra dela, eta izugarrikeria berak egiten ahal direla Kristoren edo Alaren izenean. Hau da, topiko bat, katedralaren tamainakoa.
Behintzat mezu ateoa da, esango du pelikula nonbaitetik salbatu nahi duenak. Bai, baina... konturatu al zarete musulmanak direla Céline “kristau-fanatiko-baina-zintzoa” terrorismora bideratzen dutenak?
Erlijio guztiak berdinak baitira; baina, batzuk besteak baino “berdinagoak” oraindik, zuzendari europarren filmetan.
Hadewijch.
Zuzendaria: Bruno Dumont.
Aktoreak: Julie Sokolowski, David Dewaele, Yassine Salim, Karl Sarafidis.
Frantzia.
105 minutu.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus