Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako Zinemaldia 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kritikak

LOS CONDENADOS. Sail Ofiziala

Esku gorritan ezin zulo handirik egin

Gorka Bereziartua

Los condenados

Victor Jarak kantatu zuen, Cochabambara bidean, gezurra zela, gerrillak ez zirela bukatu. Klaro, 1968. urtea zen. 40 urte beranduago diferentea da dena. Diferentea? Ez behintzat Isaki Lacuestaren Los condenados filmeko protagonistentzat; haien gogoan gerrilla ez da bukatu: Ezequiel burkidearen gorpua bilatzeko elkartuko dira Martin, Raul, Andrea eta Vicky. Aitzurrek eta palek, gorpua baino lehen, gauza gehiago aterako dituzte lur azpitik: aspaldiko herrak, iraganeko mamuak.

Ezagun da Lacuesta dokumentalgilea dela. Fikziozko film honetan genero dokumentaleko baliabide batzuk antzeman ditugu, paisaiak filmatzeko moduan eta elkarrizketa batzuetan (batez ere Silvia izeneko pertsonaiak Martinekin berba egiten duenean). Orokorrean ezin esan pelikula esku trebez eramana ez dagoenik, gustatu zait, baina indar pixka bat, tentsio punttu bat, “nikzerdakitpa” bat falta zaio ikuslea benetan zauritzeko. Zuloa palarekin egin ordez, eskuekin egin nahi izan balute bezala da: nekez urratzen da lurra modu horretan.

Izango da pelikulako korapilo nagusiak erraz samar askatzen direlako, eta batez ere misterio inportanteena (Ezequiel nola hil zen, zergatik, eta non dagoen lurperatua) azkar samar jakiteko modua dugulako. Gero bigarren istorioa-edo dago, gerrillari ohien seme-alabena: Pablok 22 urte ditu eta iraultza armatuan sinesten du (bitxia, “euskaldunek erresistitzen jarraitzen dute Espainian” dio pasarte batean). Silviak berriz, ez du ezer jakin nahi kontuarekin, bere ama iraultzarekin gehiago kezkatu delako berarekin baino. Baina bigarren hari hori ez da nahikoa garatzen.

Edozein modutara, pelikulak funtzionatzen du. Kontua da, bazituela aukera handiagoak. Pala ez da gure geruza sakonenetara iritsi, baina lur batzuk mugitzen asmatu du.

Los condenados

Zuzendaria: Isaki Lacuesta.

Aktoreak: Daniel Fanego, Arturo Goetz, Leonor Manso, Maria Fiorentino, Juana Hidalgo.

Herrialde Katalanak-Argentina.

104 minutu.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan