Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako Zinemaldia 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kritikak

NON MA FILLE TU N'IRAS PAS DANSER. Sail Ofiziala

Zaila da Lena ulertzea; baita zuzendariaren erabaki batzuk ere

Gorka Bereziartua

Chiara Mastroianni

Azken aldian ikusi ditudan film frantsesen kontua izango da agian, eta orokorkeriatan ariko naiz, baina inpresioa dut familia arazoekin kezkatuta dabiltzala Frantziako zuzendari asko (tira, kasu honetan Bretainia esan beharko genuke, baina frantsesez grabatu dutenez...). Christophe Honoréren Non ma fille tu n'iras pas danser (ingelesez Making plans for Lena) ikusten hasita, berehala etorri zait burura duela bi urteko La maison, Manuel Poirier zuzendariarena. Bietan protagonista dibortziatuta dago, haurrak ditu, anai-arrebekin tirabirak, eta hiritik at bizi diren gurasoak, bizitzaren ilunabarrean. Baina antzeko osagaiak erabilita, jakia atera daiteke guria, edo apur bat errea. Bigarrena gertatu zaio Honoréri, nire ustez.

Lena (Chiara Mastroianni), filmeko protagonista, ama gazte dibortziatua da, eta aurrean jartzen zaion edozeinen gainean proiektatzen ditu bere arazoak: gurasoak, ahizpa, anaia, senar ohia... Interesgarria egin zait pertsonaia eraikitzeko modua. Lenak eta bere amak emakumetasuna ulertzeko bi modu antagoniko dituzte, eta amak, adinean aurrera egina badago ere, alabaren erabaki asko hartzen jarraitzen du. Lenak berriz, ez die aurre egin nahi arazoei, ez daki amarekin lotzen duen zilbor-hestea nola ebaki, norabidea galtzen du, eta bere buruari egiten dio kalterik handiena.

Chiara Mastroianniren lana txukuna da, baita gainontzeko aktore gehienena ere. Aurreragoko zerbaitek huts egiten du ordea: iruditzen zait istorioak hari gehiegi hasten dituela, eta gero asko ez direla behar bezala garatzen (Lenaren aitaren gaixotasuna, esaterako; edo ahizparen haurdunaldia eta dibortzioa; edo anaiaren ezkontzeko asmoa...). Bestalde, erabat lekuz kanpokoa iruditu zait  Lenaren semeak filmaren erdian kontatzen duen ipuina. Zati horrek puskatu egiten du ordura arteko estiloa, ildo folkloriko-fantastiko batekin lerratuz, baina ipuina bukatzean aurreko puntura itzultzen gara berriro, ezer gertatu ez balitz bezala. Osorik kendu zitekeen parte hori, inor ez zen konturatuko. Ematen du Honorék sartu behar zuela Bretainiako herri-literaturan ezaguna den Katell Gollet-en istorioa, nahiz eta horrekin pelikula hankaz gora jarri.

Eta gero errematea dago. Filmak abiatzen dituen hari asko bidean galdu ondoren, nagusia, Lenarena, bat-batean bukatzen da, istorioak gehiagorako emango ez balu bezala. Pertsonaiaren dekadentzia eta pelikularena paretsu doaz. Protagonistaren konplexutasuna ondo muntatu ondoren, oinarrizko gabeziek interesa kentzen diote Honoréren pelikulari.

Proiekzioa bukatzean, txistu batzuk entzun dira Antzoki Zaharrean. Domaia da, ez baitzuen batere itxura txarra hasieran.

Non ma fille tu n'iras pas danser

Zuzendaria: Christophe Honoré.

Aktoreak: Chiara Mastroianni, Marina Foïs, Marie Christine Barrault, Jean-Marc Barr.

Frantzia.

105 minutu.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan