Damua, gorrotoa, errukia, mendekua, samina, herra. Sentimenduak dira filmaren funtsa, baina barru-barruan gordeta dauden sentimenduak, korapilaturik, borborka, eztanda noiz egin zain. Horien menpe bizi direnak, filmeko bi protagonistak: gaztetan pertsona bat hil zuen gizon damutua eta honek eraildako mutikoaren anaia txikia. Gutxienekoa, testuingurua: Irlandako gatazka. Izan ere, zuzendariak ez du ekintzen arrazoietan sakontzen, ondorio emozionaletan baizik. Soiltasunez kontatua, istorioak hasieratik bukaerara arte mantentzen du tentsioa, protagonistak elkartzen diren arte.
Indartsu abiatzen da pelikula: aipatu hilketa gertatu eta 32 urtera, telebistan hain ohikoak diren saio negargarri horietako batean bi gizonak elkartu nahi dituzte, milaka pertsonen aurrean adiskidetzea ikuskizun bihurtzeko. Baina zirko mediatikoa ez da ondo aterako eta ikusleak itxaron egin beharko du protagonistak aurrez aurre ikusteko. Bitartean, bakoitzak bere mamuei egin beharko die aurre, erruduntasuna eta aiherra ez baitituzte gainditu. Hain zuzen, adiskidetzea ez da konponbidea (eta gainera ez da posible), bakoitzak bere mamuak ahal den neurrian aldentzea eta aurrera egitea baizik.
Bide horretan, giroa sortzeko ezinbestekoa da zuzendariaren hautua: lehorra da kontakizuna, estua, hotza. Hitzak tamainan eta lehen plano esanguratsuak. Adibidetzat, azken eszena (lasai, ez dut behar baino gehiago kontatuko): Hain sinplea, hain motza, eta aldi berean hain boteretsua.
Five minutes of heaven
Zuzendaria: Oliver Hirschbiegel
Aktoreak: Liam Neeson, James Nesbitt
90 min.
Britainia Handia-Irlanda
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus