Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako Zinemaldia 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kritikak

NO ONE KNOWS ABOUT PERSIAN CATS. Zabaltegi

Musika itxaropen

Mikel Garcia

Kurdistango landa eremua utzi eta bere azken filmean Irango hiriburura egin du salto Bahman Ghobadi Zinemaldiko zuzendari kuttunak (bitan irabazi du Urrezko Maskorra, Dortokek ere hegan egiten dute eta Half Moon filmengatik). Aurten ez da Sail Ofizialean lehiatzen, baina maila mantendu du, zalantzarik gabe: Teheran kaotikoa eta goitik behera arautua erakutsi digu, bizitzaz eta heriotzaz betea, kontrastez josia, eta agintarien tiraniaren menpe, zirrikitu txikia (oso txikia) ireki dio esperantzari.

Halakoak izaten baitira Ghobadiren filmak: egoera anker eta latzenetan ere, itxaropena darie, baikortasuna, eta protagonistek ametsak dituzte, bizimodua aldatzeko gogoa… Baina aldi berean, tragikoak dira, edozein esperantza grinari azken unean errealitateak ateak itxiko balizkio bezala. Ziurrenik, zerikusia izango du zuzendaria bera etsita egoteak Irango Gobernuaren jarrerarekin, elkarrizketatu genuenean esan zigunez (gune honetan bertan ikus dezakezue elkarrizketa). Klandestinitatean filmatu behar izan zuen pelikula, estreinatu aurretik jada zentsuratua eta debekatua, baina hala ere maisutasunez filmatu du musika debekatua jotzen duten eta kontzertuak eskaintzeko herrialdetik alde egin nahi duten gazteen istorioa.

Musika da pelikularen oinarria. Pop, rock, indie, folk, rap, heavy metal… Estilo anitzek osatzen dute soinu banda, eta taldeek jo bitartean, Teherango bizilagunak (anitzak baita ere) erakusten dizkigu pelikulak, pertsonek zakur eta katuek baino balio gutxiago duten hirian. Pertsonaia tragikomikoek Ghobadiren ukitua ematen diote istorioari, umorea eta kritika uztartuz.

Protagonistek dagoeneko esan zuten Cannesen: ez dira Iranera gehiago itzuliko. Bahmanek ez zigun ziurtatu itzuliko zenik, denbora batean ez behintzat, baina espero dugu etorkizunean Donostiara berriz etortzea, aurtengoaren moduko pelikula indartsu eta itzelarekin.

 

No one knows about persian cats

Zuzendaria eta gidoilaria: Bahman Ghobadi

Aktoreak: Hamed Dehdad, Ashkan Koshanejad, Negar Shaghaghi

106 min.

Iran



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan