Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

‘Boltxebike maitemindua’: panfleto arrosa bat

Gutun bat iritsi da Ukrainako Oberih aldizkarira: “Erredakzio estimatua, interesa dakizuekeen zerbait dela-eta idazten dizuet”. Funtzionario bat da idazten duena, Antsyxkin I. V. delakoa, eta aurkikuntza handi bat egin duenaren poz eta urduritasunarekin idazten du. Egun, aldizkariaren izena googleatuz gero, “Ukrainako gerrak kaltetutako jendearentzat dirua biltzeko argitalpena” dela ageri da, baina gutuna jasotzen duten unean 1993a da, Sobietar Batasuna erori eta urte gutxira, beraz –gutunak “urriko kolpea” aipatzen du, sektore antisobietarrek erabili ohi duten izendapena–. “Nikopoleko Lurralde-Etnografia Museoko zaintzaile arduraduna naiz”, dio gutunaren idazleak. “Egunkari zahar batzuk errebisatzen nenbilela, arreta eman didan testu batekin egin dut topo. Neronek ere grinaz bildumatzen ditut zientzia fikziozko testuak, eta horregatik erreakzionatu dut berehala”.

Kasik ikusi egin daiteke funtzionario ukrainarra: bere lan aspergarri baina kuttunean murgilduta, laneko ordutegiz kanpo bere buru soildua nola makurtzen duen artxiboko orrietara, eta isilik nola irekitzen dituen begiak betaurrekoen aurrean testua topatzen duenean, eta nola pasatzen zaion une labur batez burutik une horrexegatik hartu zuela behinola bere lana. “Nire irudiko, garai sobietarrean Ukrainako lurraldean argitaratu zen lehenengo zientzia fikziozko kontakizunaren testua topatu dut”. Testu hori Aleksandra Kollontairen Aurki (48 urte barru) kontakizuna da.

Jorge Luis Borgesek maite zuen artxibogile figura: liburutegi zaharretako langile xume eta nekagaitzarena, liburu ahaztuetan muturra sartu eta, batere espero gabe, altxor galduak topatzen dituena. Hala imajinatu zuen Kixotearen bestelako autore ezezaguna, eman zituen argitara existitzen ote diren jakiterik ez dagoen aldizkari ezezagunetako ohar eta komentarioak, inork inon topatu ez dituen literaturako gailurrak. Finean, Borgesentzat artxibogilea irakurlea da eta, beraz, idazlea ere bai –hura ere irakurlea baino ez den heinean–. Giza historia osoko literatura artxibo alimaleko bat da, eta irakurlea haren apaletatik paseatzen da, zer topatuko, haietan dagoen guztia sekula santan irakurtzera iritsiko ez dela ohartzen ez denaren inozentziaz. Ikuspegi horretatik, literatura ez da urrezko liburu kanonikoen multzoa, ahanztura handi bat baizik. Testu guztiak, ezagutzen ez ditugun gehienak ere, elkarri lotuta daude modu nahitaezkoan, eta lotura horretan existitzen dira, nolabait. Ahaztuta egon arren, badira: itzalpean daude zain, irakurle distraituren batek, kasualitatez, noiz topatuko eta berreskuratuko.

Hasierako pasadizoko irudiak zerbait argigarria esan nahi digulakoan nago: funtzionario ukrainar aspergarri eta antikomunista bat da literatura iraultzailearen existentzia berreskuratzen duen figura.

Aspalditik pentsatzen dut literatur tradizio iraultzailean azterka dabilenak artxibogile borgestarraren bertsio partikularra osatuko lukeela. Aitortzen dut, gainera, ideia hori nabarmen indartu zitzaidala irakurri nuenean Stalini, bere izaera hotz eta eraginkorragatik, ingurukoek “burkide artxibogile” deitzen omen ziotela. Izan ere, literatura oro har baldin bada ahanztura eta itzalpea, zer ahaztuago eta itzalpekoago literatura iraultzailea baino? Milioika orri eta liburu argitaratu da iraultzaren egitekoagatik, etengabe zulo beltzera kondenatu dituzte, argudiatuz baliorik ez dutela, zaharkituta gelditu direla edo gainditu egin ditugula. Hala ere, aldiro haietara itzultzen dira belaunaldi berriak, beren garairako balioko dien zerbaiten bila. Eta artxibogile onenek bezala, aldiro topatzen dute balio dien zerbait.

Kollontairen testuak izan dira belaunaldi berriek aldiro berreskuratu dituzten horietako batzuk. 1872an San Petersburgon jaioa, komunista izan zen Kollontai bizitza osoan zehar. Boltxebikeen aldera batu zen, alderdiko komite zentraleko kide izan zen Urriko Iraultzaren bezperetan eta, ostean, ministro egin zutenean, halako postu bat zeukan historiako lehenengo emakumea izan zen. Indar egin zuen bereziki emakume langilearen auzian, eta ekarpen teoriko eta politiko garrantzitsuak egin zituen oso. Beste askorekin batera, berari zor zaio emakume langilearen ahalegin politiko bikoitza: alde batetik, mugimendu sozialistan bertan auziak benetan zeukan garrantzia hartu zezan egin zuen lan, eta bestetik, feminismo interklasistaren aurka egin zuen, emakume langilearen askapena klase askapenari eta gizarte sozialistaren eraikuntzari lotuta.

Hainbat testu idatzi zituen auzi horien argigarri, eta haren kasuan interesgarria da nola baliatu zituen fikzioa eta idazketa literarioa ere asmo ber horietarako. Kollontai idazlea ezezagunagoa da Kollontai politikaria baino eta, hala ere, argitaratutako garaian masiboki irakurriak izan ziren haren kontakizunak eta nobelak; besteak beste, arestian aipatu dugun Aurki (48 urte barru) kontakizuna, Mnemosyne editorialak argitaratua eta sareetan dohainik ipinia, Erle langileen amodioak bilduma, Aroa Uhartek itzuli zuenetik euskaraz irakur daitekeena, edo aipagai dugun Boltxebike maitemindua, 1927an argitaratua lehenengoz.

Vassilissa emakume boltxebike gaztearen istorioa kontatzen digu nobelak, eta Vladimirrekin daukan bikote-harremanarena. Genero-desberdintasunak erabat determinatutako harreman kaskarraren kontakizun bizi eta argiaren bitartez, Vassilissaren askatasuneranzko bidea ematen digu Kollontaik eredu gisa. Baina gehiago ere ematen digu: elkartasunean oinarritutako maitasunari buruzko hausnarketak, borrokari eta konpromisoari buruzkoak, gizarte berriari buruzko ideiak ere ematen dizkigu. Eta hala bihurtzen da liburua, batere lotsarik gabe, nobela arrosaren eta panfletoaren arteko zerbait: panfleto arrosa bat.

Hain justu, bi izendapen horiekin baliogabetu nahi izan zuen kritikak Kollontairen literatura. Alde batetik, andrazko protagonistak zituzten amodiozko istorioak idazteagatik, “emakumeen gaitzat” hartuta, nobela arrosatzat hartu zituzten haren liburuak. Bestetik, asmo politikoak ere kritikatu zizkioten. “Propaganda-panfletoak idatziko bazenitu, gauza handiak lortzera iritsiko zinateke. Literaturan dohain gutxiago duzu”, idatzi zion kritikari batek XIX. mende amaieran.

Konstante bat da literatura establezituak sistematikoki baliogabetzea izaera militanteko idazketa, emakume-kondiziotik eginikoa bezalaxe. Annie Ernaux, bere Idazketa labana bat da ederrean, antzeko zerbaitez ari da “obszenitate bikoitza” aipatzen duenean. Gai sozialez eta sexualez idazten duenean aurpegiratzen diotenaz ari da, “estigmatizazio bikoitz bat, klase eta literatura popularrera itzularazten nauena”.

Dena dela, testuak izaera militantea badu, izan. Boltxebike maitemindua nobelan, etengabe hitz egiten da militante politikoaren maitatzeko moduaz, eguneroko egiteko politikoek maitasunerako uzten duten tarte urriaz, horren nekeaz eta frustrazioaz. Idazteaz ere honela mintzo zen Kollontai: “Pena bakarra dut, ez dudala idazteko denborarik. Egun osoa joaten zait lanean, topaketa ofizialetan, hitzaldiak idazten eta abar. Eta nire idazketa bere horretan dago, geldirik… Baina, izan, horixe dut maiteena”. Arreta ematen du bi gaiei heltzeko modu bertsuak, maitasuna eta idazketa eguneroko eginbeharretatik aldentzen den gauza ber baten bi aurpegi balira bezala.

Izan ere, idazketa militanteak izaera partikularra du ez bere asmoagatik soilik, ezpada idazten duenaren bizimoduagatik ere. Ez da berdin idazten horretan bakarrik aritzeko aukera izanda ala bilera politiko batetik bueltan, gauez, biharamuneko lan eguna atezuan dagoela. Ernaux berriro ere: “Konbentzituta nago gure historiaren produktuak garela eta hori presente dagoela beti idazketan. Beraz, baldintzatzen dute familiako narrazioak, jatorri sozialak, kultur eraginek eta baita, jakina, sexutik eratorritako kondizioak ere. Emakume historia da nirea, zergatik desagertuko da, ba, magikoki bezala nire idazmahaian, idazle purua soilik utzita?”. Eta ni, hark dioenarekin batera, konbentzituta nago militantearen idazketak ere desagertzen ez den zerbait lagatzen duela presente testuan.

Horregatik, liburu zaharrotara itzultzen den artxibogileak borrokarako grina topatuko du, asmoz eta izatez, testuan. Borrokari emandako bizitza bat presente. Topatuko du, Aurki kontakizunean, protagonista gaztea oihuka: “Bizitza borrokan dago, bilaketa beti-errebeldean!”. Topatuko du, Boltxebike maitemindua nobelaren amaieran, Vassilissaren poza eta askatasuna, bere lagunari esanez:  “Bizi gaitezen, Gruxa, bizi gaitezen!”. Eta artxibogileak, agian, balio dion zerbait berreskuratu ahal izango du ahaztuta egon arren badiren testuotatik. 


You are interested in the channel: Gerotik gerora
by Arnaut Oihernart

Now that everyone has become more Franciscan than the Pope, it’s worth remembering our unsurpassed classics. There was one in the 17th century, his grace was Arnaut Oienart. And since we can’t immerse ourselves in all his works, today we will praise O.ten youth in... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Pedro Ignazio Barrutia
‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]


Natalia Ginzburg
‘Gure atzo guztiak’: ausardiaren posibilitatea

Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean,... [+]


Jon Tartas
'The way to kill Ontsa': the neurotic priest hidden with the gun

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - date of unknown death) is not one of the most famous writers in the history of our letters and yet we discover good things in this “mendre piece” whose title, let us admit it from the beginning, is probably not the most commercial of the titles... [+]


Nikolai Chernyxevski
What to do? ': big questions and dreams

Thinking about literary classics necessarily means thinking from today. It is precisely the classical name that is conditioned to the fact that these works have come to this day, so to think about them is to think about how and why those works have come to us, to ask how and for... [+]


'Gero': the future of the past

Let's talk clearly, bluntly, without having to move later to say what I had to say: this game, which consists of putting together the letters in Basque, happened to Axular. Almost as soon as the game is invented, in such a way that in most of Gero's pages the author gives the... [+]


Eguneraketa berriak daude