Azpirozko Muturrean Bi Itsu Baserri Lanean


1982ko azaroaren 21an
Jexux Zubiri eta Agustin Zubiri anai itsuei elkarrizketa

Azpirozko Muturrean Bi Itsu Baserri Lanean
Urriaren 3l n Azpirozko herriak Zubiri anaiak omendu zituen. Zubiri anaiak, bata Agustin eta bestea Jexux, ez dira jaiotzez Azpiroztarrak, baina bertako semeak haina, eta nire ustetan askoz gehiago estimatzen ditu herriak. Hamaika aldiz gure herrian gertatu da bista ona eta ezin ikusia. Azpirotzen alderantziz frogatu dut: Bi anaiak itsuak dira, elkar asko maitatzen dute, baina itsuek herrikoak asko maitatzen dituzte eta alderantziz herrikoek ere oso asko.
Omenaldi jator eta herrikoia izan zen Azpirozko gaztediak antolatu zuena. Goizean goiz txistulariak herria esnatzeko, hamaiketan herri meza, hamabitan herri kirolak: aizkolariak, harrijasotzaileak, oilarrak, ahari jokoak, eta bertsolariak. Ondoren lagunarteko bazkaria, bazkal ondoan berriz bertsolariak eta ilunabarrean dantzatzeko musika.
Zubiri anai hauek nolakoak ziren eta nola bizi ziren galdetzean harriturik gelditu nintzen. Iluntasunean hain argi eta hain libre mugitzen dira...
Erreportaje hau biharamunean egin nien. "Benito-enea" baserrira iritsi nintzenean, mailu hotsak entzun nituen... han ari zen Jexux ikuiluan txerrama umeengandik bereizteko leku berriko maratila josten. Hiltzea danga, danga jotzen zuen hutsik egin gabe. Ondoren txerrama han eraman zuen inolako problemarik gabe. Benetan harrigarria...
Ukuiluko lanak bukatu ondoren, patxaran jarri ginenean, Jexuxekin hasi ginen solasean.
Argia: Zenbat urte dituzu?
Jexuxek: Nik hirurogei kunplituko ditut abenduaren azkeneko egunean, San Silbestre egunean.
A.: Non jaio zinen?
J.: Ni Erasunen jaioa naiz.
A.: Noiz etorri zinen Azpirotza?
J.: Azpirotza etorri nintzen hogeitalau urtetan. Morroi etorri nintzen.
A.: Soldaduzka egin eta gero?
J.: Soldaduzkarik ez nuen egin. Bista bajua bait nuen.
A.: Eta nola etorri zinen honera morroi?
J.: Erasunen zegoen hemengo semea parroko, eta hark ekarri ninduen honera. Han ez genuen ia lanik. Saldu genituen azkenerako, eta horrela etorri nintzen gero honera. Ongi hartu ninduten eta ongi pasatu nituen haiekin hogeitahiru urte, eta gero tokatu zitzaien haiei Ameriketara joatea. Mutil zahar bat etxe honetako semea, ia zahartua zegoen eta harengana joan ziren hemengo familikoak. Gero hemen gelditu nintzen bost behi, txekorrak, txerriak, eta aziendakin bakarrik...
A.: Eta artean bistarik bai al zenuen?
J.: Gutxi, artean piskat bai, baina gero joan egin zitzaidan raso. Gero haiek joanez gero suma egin dut... Makina bat belar ekarri eta makina bat lan bai! Artean belardiak barratu justujustu egiten nituen.
A.: Gero noski bakarrik gelditu zinen baserrian...
J.: Bai hala da.
A.: Eta nola moldatzen zinen bakarrik?
J.: Animoso, animoso. Iadanik bistarik gabe lan egiten ikasi nuen eta manejatzen nintzen. Makina bat aldiz ekarri dut argitzerako karga belarra. Batek baino gehiagok kontatzen du herrian, goizean goiz atea zabaldu eta ni ikusi nautela kargakin. Makina bat karga ekartzen zuen eta oraindik ekartzen du asto gaixoak.
A.: Asto honek berak?
J.: Bai, bai, asto honek berak. Asto batekin ibili naiz etxe honetan. Ni etorri nintzenean astorik ez zen hemen, eta ni akostumbratua astoarekin Erasunen eta erreparoan nengoen, asto baten deseoan. Hau "Pastai" deitzen diogun etxe batean jaioa da, izugarrizko asto polita zen eta esan nion etxeko semeari: "asto horixe ekarri behar dugu, nolabait ere egin ezazu tratoa..." Badakizu garai haietan, hemengo etxeko andrea zuhur xamarra zen eta "ea nolabait arreglatzen zaren..." Eta horrela semeak tratua egin eta ekarri genuen. Año kuarentan jaioa da asto hau...
A.: Akordotzen al zara nola egin zen tratua?
J.: Bai, bai. Ahuntz bat genuen ehun duro eskenita, eta ehun duroko ahuntz hura eraman zuen astojabe hark, eta gero lanak zituen egin beharrak: gure etxeko seme horrek ikasia zuen zurgintzan piska bat, hamalau urte zituen, baina franko ikasia, eta hala esan zion, ea egingo zion gurdihesia, eta ondoak emango zion halako barrutiari, eta hala egin zuten tratoa trukaketa eta lanez ordainduaz, ez zen diruz ekarria izan "Pollino" astoa. Oraindik ere lanean aritzen da. Egunean karga bat ekartzen du. Nahikoa egiten du gaixoak.
A.: Eta itsutu eta gero nola egiten duzue lan?
J.: Gu ederki akostumbratuak gaude ikusi gabe lan egiten. Ez daukat inolako oztoporik eskubarea eta sega hartu eta karga bat belar ekartzeko. Lasai ekarriko dut. Horretarako ez dago beharra edukitzea baino maisu hoberik. Belardi batzuk ere baditugu hemendik kilometro erdi batetara edo gehixeago, eta pausurik galdu gabe joango nintzateke.
A.: Eta bakarrik egon zinenean etxeko lanak ere zeuk egiten al zenituen?
J.: Bertsotan nahiko errez jarduten naiz, baina ateratakoak gero buruan edukitzea asko kostatzen zait. Ez dut jatorri haundia, baina pentsatu eta ateratzen dira. Eginak ditut anaiari buruz, bi anaienak, plaza honi buruz, mendi hauei, e.a.
Agustin inguratu zaigu kontu-kontari ari garen lekura.
A.: Zenbat urte dituzu Agustin?
Ag.: Hirurogeitahiru Maiatzean kunplituak.
Ar.: Noiz etorri zinen honera?
Ag.: Orain dela bost bat urte.
Ar.: Zer egin zenuen honera etorri arte?
Ag.: Santa Marinan, Albisturren ondoan, morroi egon nintzen hogeitamar urtetan, eta lehenago basoan. Trontzalari ona nintzen. Morroi bezala besteak bezala lan egiten nuen, belarra karretuan bizkarka, eta denetatik eginaz, gero hamar edo dozena behi jetzi egin behar egunero, eta besteak bezala basoko lanak egiten ere bai. Txondorrak egiten, eta ikatza egiten.
Ar.: Eta zer Jornal jasotzen zenuen garai haietan?
Ag.: Morroi baino lehenago basoan ibiltzen nintzenean dezente, baina gero morroi nenbilenean berrogeitamar duro ilean.
Ar.: Eta nola etorri zinen honera?
Ag.: Nik urtero egiten nuen honera bisita. Hango norbaitek lagunduta etortzen nintzen. Baina halako batean gaisotu egin nintzen eta nahiko gaizki, gainez apetito gabe gelditu nintzen, eta orduan arrebari hotsegin nion Las Arenasera eta berehala etorri zen kotxea hartuta, eta orduan etorri nintzen eta gehiago ez naiz bueltatu. Deitzen naute joateko hamabost aldi bat pasatzera, baina ikusten ez duenarentzat lanbide txarra da. Gainerakoan oso ondo portatu dira nerekin. Hori bai, lana mandoak bezala egin. Laneko negozioa gogorra. Bizkarka lan asko. Lanbiderik txarrena hori nuen, bizkarka ibili beharra.
Ar: Etxez aldatzean ondo moldatu al zinen?
Ag.: Bai, berehala hartu nituen bazter guztiak buruz, eta orain herri guztitik buelta emango nuke bakarbakarrik. Badakizu leku txarrena zer den? Mahai hau bezalako zelaia. Bazterrik gabeko lekua. Ez dago inolako erreferentziarik eta.
Horrela pake eta zorionean aurkitzen dira bi itsu anai hauek baserriko lanak eginaz. Jubilatutako beste arreba bat ere berekin bizi da. Faustinari (horrela du izena) ez zaio faltako zer eginik.
Eta azkenik zera galdetu nien ea nola portatu zen Azpirozko herria beraiekin.
J.: Ezin hobeki. Laguntza asko jaso dugu eta ez dakigu nola eskertu. Nahiz edadetuak, nahiz gazteak oso ondo portatu dira gurekin. Guk ezin ditugu ordaindu eta eskerrak eman besterik ez zaigu galditzen.
Azkenik Jexuxi bertso batzuek kantatzeko eskatu genion eta bere bizitzari.jarritako hauek bota zituen:

Bi anai jaio ginen
bista pixkarekin,
izena bata Jesus,
bestea Agustin,
konformatu egin behar
emandakoakin,
Jainkoak berak daki
zer egin zeinekin.

Gaztetan zerbait argi
ikusitzen gendun,
zahartzera ohartu gabe
dena joan zitzaigun,
orain bihotzetikan
eskatu dezagun,
beste munduan argi
ikusi dezagun.

Erasunen jaioak
bere hartan haziak,
hiru anai ta arreba
Jaunari graziak,
anai gazte ta arreba
benetan argiak,
hori aitortuko du
Erasungo herriak.

Gure anai gaztea
beste asko bezala,
gerran bizi emana
gu utzirik hola,
haren begitik argi
ikusten genuela,
zer pena guretzako
hil beharra hala.

Azpirozko semea
Erasungo parroko,
berak bialdu zidan
nere herrirako,
esan zidazun: Jesus
here arrebentzako,
joango al zerade morroietarako?

Ez nion ba ukatu
ta bai deklaratu:
daukaten bista honekin
nola presentatu?
Kontesta: aizu Jesus
ondo hartuko zaitu,
gaur edo bihar ez zaizu
eginen damutu.

Hogeita hiru morrointzan
pasatutakuan,
familia Amerikara
zaizkidate juan,
Don Luis aberatsa
mutil zahar zeguan,
harekin esperantza
ontsa bazeguan.

Ni etxearen kargu
gainera kanpuak,
zer egina bazeukan
Zubiri itsuak,
bost behi eta txerriak
oilo eta katuak,
gainera ahuntzak eta
"Pollino" astua.

Hemezortzi urte pasa
horrela bakarrik,
asto "Pollino" lagun
nuelanularik,
Jesus Tokaio jauna
ez zegon ahazturik,
anai arrebak gaitu
hirurak bildurik.

Hemeretzi egun da
berroiko urtian,
nere astoa jaio zen
"Pastainen" etxian,
gaur larogeitabian
ondo da oraindikan,
hau fuerte dagon arte
nik ez besterikan.

Nere astoak baditu
zazpi espiritu,
hiru galduta ere
lau berekin ditu,
hamaika mila kilo
bai ibili ditu,
berrogei urte pasata
nork esango eztu.

Mila esker zerura
nere gidaria,
ez zait inoiz damutu
honera etorria,
gure señak Azpirotz
Larraungo bailia,
etxea Benitorea
plazakin batian.

ZALDUBI
"...Gero bixta joan egin zitzaidan raso..." Jexux Zubiri.
"Lana mandoak bezala. Laneko negozio gogorra". Agustin Zubiri.
"Gure señak Azpirotz, Larraungo bailia/etxea Benitorena, plazakin batian".
17-19

GaiezGizarteaBesteak
PertsonaiazUBIRI1
PertsonaiazUBIRI2
EgileezALDUBI1Gizartea

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude