Gabriel Arestiren bizitzari buruzko eleberri grafikoa aurkeztu dute

  • Gabriel Aresti BioGrafikoa eleberri grafikoa (egin klik aurrerapena ikusteko) aurkeztu dute Erroa argitaletxeak, Adur Larrea lanaren egileak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak. Poeta bilbotarraren obra baino, haren bizitza eta izaera islatzea izan du Larreak helburu. Helburu horretarako, komikia ezin euskarri egokiagoa dela iritzi dio Larreak.


2015eko azaroaren 19an - 16:53
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aresti zenaren senideek eta Zenbat Garak osatzen duten Gabriel Aresti Kultura Elkartea izan da lanaren sustatzailea. Lehenbizikoekin elkarrizketa luzeak egin ditu Adur Larreak, eleberrirako dokumentazio bila. Horrek balio izan dio idazlearen alderdi humanoaz jabetzeko, literarioaz ez ezik.

Emaitza Arestiri jazotako pasadizoak eta gertaera historikoak uztartzen dituen lana da, baita egileak asmatutako Arestiren zenbait gogoeta eta iritzi ere. Euskaraz eman arren, gaztelaniazkoak dira pasarte batzuk, garaiko hizkuntza egoera hobeto islatzeko, eta “idazlearen euskarekiko harremana erdaratik abiatu zelako”, aurkezpenean azaldu dutenez.

Zenbat Garako Xabier Monasteriok hitz egin du Gabriel Aresti Elkartearen izenean. Besteak beste esan du Arestiren ondarea zabaltzeko jardunean hiru ardatz dituztela kontuan: euskara, Bilbo eta justizia soziala. “Gabrielen biografia hau eginik hiru helburuok bete ditugulakoan gaude”.

Monasterioren esanetan, komikiaren ohiko ezaugarriei zinemako beste batzuk gehitu zaizkio Adur Larreak egindako lanean: plano aldaketak, zoomak, elipsiak, travellingak…

Liburuak 100 orrialde ditu eta 20 euroan egongo da salgai.

Xabier Monasterio (ezkerrean) eta Adur Larrea, liburuaren aurkezpenean.

 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...