2024ko abenduaren 04an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera ditut paredun eta parerik gabeko galtzerdi batzuk, baina alperrik, zerbaitek ez zidan uzten altzaria laukizuzentasunera itzultzen.

Laneko kaxoian ez zait folio bakar bat gehiago kabitzen. Karpetak ditut paperez beteta, inprimakiak eta klaserako artikuluak eta jolasak eta liburu bat eta beste irakasleren baten oharren bat eta botila bat ardo eta mototsak egiteko xingola bat. Motxila lanean utzi nuen pasa den astean, eta han hasi naiz gordetzen botatzeko astirik, gogorik, asmorik izan ez dudan gehienetan paperak.

Azken aldian, bidaltzen ditudan mezuak ezin omen dira gorde emailean, ez daukat lekurik. Ez helbide batean, ez bestean. Ez daukat lekurik telefonoan ere, fitxategi astun asko baitut; adibidez, umez betetako bideoak. Whatsappa abisatu eta abisatu ari zait fitxategiak kudeatu behar ditudala espazioa edukitzeko. Ordenagailuko disko gogorra ere goraino, eta word-eko orrialdea irekitzerako kafesnea bukatuta izaten dut. Drive berdin. Eta aldiro agintzen diot nire buruari kanpoko disko gogor batean sartuko ditudala argazki guztiak, bideo guztiak, kanta guztiak, film guztiak, sinfalta, aste honetan.

Ixteko bultzatzen diodan bakoitzean atzean malgukia balu bezala irekitzen ari zaidan kaxoia guztiz hustu, eta atera egin dut altzaritik, apur bat indarka. Eta han hondoan zegoen etxean goxo egoteko erabiltzen dudan pare gorri lodi-lodia, tiraderatik atzeko aldetik erorita. Jantzi egin ditut. Orain lurra daukat galtzerdiz beteta, zulodunez eta zulorik gabeez. Kaxoia ohe gainean, ezin izan baitut atzera jarri (“apur bat indarka” horrek edukiko du zerikusia). Gehiegi bete zait dena. Ea orain ez naizen ni kabituko, eta bizitza hau itxita utzi, eta beste bat hasi behar dudan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude