Zin degizut, euskara eta bagara

  • Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da, euskara hutsezko plaza bat osatu izana eskertu dute parte hartzaileek eta argitaletxe zein diskoetxeekin ukandako balorapen informalei fidatuz gero, horiek ere poz-pozik itzuli dira etxera.

Dani Blanco

"Agendan finkatzen ari gara, hitzordu bilakatzen ari gara", dio batak eta "hitzordu bilakatu gara" ñabardura bideratzen dio besteak. Barra izkineko balorapen une informalean dabiltza Baltsan elkarteko eta ARGIA komunikabideko kide zenbait. Gaueko hamarrak pasaño, azoka gunea desmuntaturik eta arduren karga bizkar gainetik kendurik, tradizio bihurtu duten gin-tonic-arekin topa egin diote Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren bosgarren edizioari, erabat akiturik baina poz-pozik.

Beste behin bertaratu zaielako jendea azokara: Zarautz, Elizondo, Ortzaize, Arrangoitze, Zornotza, Iruña, Sara, Baigorri, Zumaia, Baiona, Irun, Ozta... Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak batu dira Ziburuko plazan, euskara ala ezkara lelopean osaturiko azokaren kari. Euskara ala ez gara hautapenari behingoan "euskara eta bagara" ihardesteko eguna izan zuten frantses ozeano baten erdian ofizialtasunik gabe euskaraz bizi nahian dabiltzan lekukoek. Euskara hutsean egun bat bizitzeko aukerak Ipar Euskal Herrian duen bakantasuna azpimarratuz, “jendea eskertua sentitzen da, heldu zaizu eskertzera”, ohartarazten zebilen antolatzaileetariko Maddi Zubeldia. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, %20,1 delako euskal hiztuna Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi mailan, eta horrek dakarrelako, azkenean, euskara nagusiki ala frantsesa bezainbeste erabiltzen dutenak %7,1 izatea. Testuinguru horretan dabiltza euskara hutsezko plaza bat eskaintzen antolatzaile diren Baltsan eta ARGIA. Bosgarren edizioa izan dute ekainaren 1ean, eta milaz gora bisitarik erantzun diote gomitari.

Maia Muruagak gidaturiko liburu aurkezpenak egon dira egun osoan zehar. Argazkian, Eider Beobidek itzulitako Rifqa liburuaren aurkezpena. Argazkia: Dani Blanco

Daniel Landart kulturgile "umila, langilea, luma ederrekoa eta militantea" omenduz hasi zuten eguna, 60 urtez euskal kulturari emandako "uzta emankor eta aberatsa" azpimarratuz. Esker onez eta "bozkarioz" hartu zuen omenaldia eta bere duen xumetasunetik hitz egin zuen, bizian ondoan ukan dituenak eskertuz: euskara landuaren musika helarazi zion amatxi, ezaguturiko euskaltzale eta abertzale suharrak –Jean Hiriart-Urruty, Marcel Etchehandy, Xabier Elosegi eta Jean-Louis Davant–, Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon, liburuak agertu aitzin laguntzen egondakoak –Pierre Narbaitz, Gexan Alfaro Lantziri, Beñat Oyharçabal, Piarres Charritton, Andolin Eguzkitza, Jon Cazenave eta Ladix Arrosagaray–,bere komerien jokalariak eta bere hitzak musikatu eta kantatu dizkieten artistak, ukandako publiko nasaia eta irakurleak, Euskal Kultur Erakundean ukandako bi zuzendari eta lankide ohiak eta azkenik, omentzen ari zitzaion Maialen Tapia eta azken aldian elkarrizketatzen aritu zaizkion kazetariak. Mikrofonoa eskuan, publiko arretatsu baten aitzinean, antzerkigintzaz aritu ziren ondotik Arantxa Hirigoien antzerkilariarekin batera, Gorka Peñagarikano kazetaria zutelarik galdera pausatzaile.

Daniel Landart izan da aurtengo omendua. Argazkia: Dani Blanco
“Etxetik lanean, sare sozialetatik, ordenagailu gibeletik... nahiago dut hemen egon. Aire hartze bat zait azoka”.
Ekhi Lambert

Landarten hitzetatik Pelax taldearen rock doinuetara salto eginen zuen entzuleak, atera berri duen Esan gabe doa diskoko abesti zenbait jasoz. Kontzertuetarako gune ere badelako iaztik Ziburuko hitzordua. Diskoetxeei leku gehiago eskaintzeko xedez abiatu zituzten aitzineko edizioan oren erdiko kontzertu ttipiak. Funtsean, liburu aurkezpen baten antzera, zuzenezkoa jaso ondoren, sortzailearekin solasteko edota diskoa erosteko aukerak ditu karpa pean entzuleak. Aurtengoan, Pelax-ez gain, baxenabartar Paxkal Irigoien eta Maia Iribarnek osaturiko Bloñ bikote liluragarria entzun ahal izan zen bazkalondoan. Hor ere mundu bat, poetikoa eta erakargarria, publikoak eskerturikoa, batzuk seguruenik bertan deskubriturikoa. Han kantuko "gure buruari egindako errespetu promesa" behin eta berriz ozenki errepikatuz bukatu zuten emanaldia, eta bakoitzak segitu zuen berean, mantra hori sakonean gorderik. Ondotik, Alayn Carazo eta Iosu Isaias Villanueva Isuo bikotearen Hegazkin taldeak hartu zuen oholtza, sintetizadore eta gitarraren soinuei ahotsa gehiturik, batzuetan motelago besteetan arinago, soinu errepikakorrez urrutira eramanez entzulegoa. Inguru horietakoa den Lumi taldearekin bukatu zen eskaintza musikala, arrastirian, bikoteak lagunak eta jarraitzaileak hor zituelarik giroa berotzen laguntzeko. Edo, agian, egun bukaerako taldea izateak zekarren hori: eguna aitzinatu arau, berotuz joan zelako giroa, goizeko edo bazkalondoko kafe kikarei garagardo basoek hartu ahala lekua.

Paperezko poltsak agergai ziren entzulearen ondoan pausaturik, azokaren itzulia egina zuenaren froga ukaezina. Egitarau kultural oparoa izanik ere, oinarrian hori duelako hitzorduak: Euskal Herriko 40 bat argitaletxe eta diskoetxe biltzen dituen gunea da. Hori, neurrian, hau da, neurri ttipian, sortzaile eta jasotzailearen arteko hartu-emana bermatzeko gisan. Ezaugarri hori inportantea zaio Etxe bat norberarena liburua aurkezten egondako Yolanda Arrietari. Eskertu du, funtsean, liburu aurkezpena salmenta gunetik aparte kokaturiko karpa ttipian egin izana: "Artearen alde onuragarriak eta osasungarria jasotzeko gune lasaiak behar ditugu. (...) Zaindu behar dugu espazioa, elkarrekin egoteko, elkarrekin hitz egiteko espazioak behar ditugu; azoka bilkura bat da, euskaldunen arteko bilkura bat eta gure harremana hitzezkoa da, eta harreman hori ez du laguntzen zaratak. Ekimen handiak ongi dira, baina txikiak behar ditugu, hitzari garrantzia bideratzeko, hitzari eta isiltasunari ere".

Beste osagai garrantzitsu bat bota zuen aurkezpenean, ondotik sortzaileekin hitz egiterakoan kazetariari azaleratzen zaion egiaztapen bat: "Sortzea ez da bakarrik liburu bat sortzea, hori merkatua da". Sortzea, dagoen hori antzematea da, dagoenari beste forma bat ematea, ez dagoena baina izan daitekeen hori kausitzea da, galdera berriak sortzea eta erantzun ezberdinak irudikatzea... hori guztia da sormena Arrietaren arabera.

Bloñ (argazkia), Pelax, Hegazkin eta Lumi taldeak egon dira aurten oholtza gainean. Argazkia: Dani Blanco

Hori da idazlearen eta musikariaren funtsa, eta horretan dabiltza, nahiz eta ekonomikoki ez duten bide luze, emankor eta leuna. Ekhi Lambert musikariarekin solasean hasi eta laster azaleratzen zaizkio bere barne mamu, galdera, kontraerran eta zalantzak. "Sorkuntzaren euforian" gustura egon ondoren, promozioarena tokatzen zaio orain eta ez du ariketarik erosoena: "Irudiaren kontu hori... irudiaren tirania ez da erraza", "bakoitzaren egoa dabil hor dantzan, eta enpresa handiek dute horretaz profitatzen". Baina hortik pasa beharra dauka, eta sare sozialetan egoteko hautu mikatza ere egin berri du. Azokan atxiki du mahaia, Mukuru eta Xofaldia diskoetxeetako lagunekin batera. Entzulearekilako trukaketarako espazioa eskertzen du: "Etxetik lanean, sare sozialetatik, ordenagailu atzetik... nahiago dut hemendik bideratu nirea. Azokak mundua ezin du aldatu, baina alternatiba bat da, aire hartze bat da".

Irakurlearekin egoteko une horren inportantzia azpimarratzen du Mesfida zaitez liburua atera berri duen Bea Sallaberrik ere. Bakarrik euskaraz publikaturiko liburuen plaza izateak dakarrena ere argi du: "Euskal litaraturaren baitan dugun aniztasun handia agerian gelditzen da, eta hori anitz da ikusia izateko aukera ematen diozulako euskarazko ekoizpenari. Pentsa, batzuetan liburu bat atera dela ez da jakiten ere ez, hori terriblea da idazlearentzat". Literaturako izen handi, hasi berri ala aspaldiko idazle, Ziburuko plazan juntatu ohi da euskal idazleen mundua. Hor egon da, beste urte batez Auxtin Zamora Hatsaren Poesia liburua aurkezten: "Plazer bat da hemen izatea, gure ideien pasarazteko aukera da. Liburu guti saltzen badugu ere, hitz anitz zabaltzen ditugu. Dena dela, guk beti erran izan dugu poesia ez dela saltzen, poesia egiten dela".

Parisera ere zuzendu zitzaien mezua azokatik, ‘Azterketak euskaraz’ pankarta oholtzara igoz eta argazkia ateraz

Maiatz argitaletxearekin poesia liburua atera berri du Maddi Sarasuak ere, jorratzen dabilen bertsolaritzaren bidetik olerkigintzara emanez saltoa. Biharraren hegietan izena jarri dio lehen liburuari, aspalditik pilatuz joan zaizkion testuen bilketa bat denari: "Betidanik anitz testu idatzi izan dut, anitz gogoeta eta batzuk poesiaren forma hartu izan dute. Ahizpak kantuetarako galdeturik, berriz atera nituen eta hor ohartu nintzen nuenaz. Interesgarria zitzaidan, bizipen, gogoeta, jarrera eta amets batzuk irudikatzeko balio zutelako". Mamia izanik ere, liburu bihurtzeko urratsa ez zaio erraza izan eta bidean Luzien Etxezaharretaren eta Peru Iparragirreren partetik ukandako sustengua eskertzen ditu. Ideia politikoen transmisiorako ere erreminta interesgarria zaio olerkia, mugimendu sozialistako kide ere den Sarasuari. Liburu bihurtzearen urrats zailena gainditurik, zabalpenerako gogotsu dago eta ezer argi ez baldin badu ere, baliteke irakurtaldi edota poesia musikatuen forma hartzea zabalpenak.

Bertsoak eta marrazkiak nahasten dituen Zirriborroka saioa. Argazkia: Dani Blanco

Generoaren aniztasunaren ispilu ere izan nahi du azokak eta horren isla da, demagun, liburu aurkezpenetan genero bakoitzetik izatea bat: poesia, nobela, itzulpengintza, komikia eta saiakera. Komikigintzari dagokionez, Harriet, Xabiroi eta Herrima argitaletxeak zein Tupust kolektibo feministakoak egon dira Ziburuko plazan. Nahiz eta gauzek hobera egin eta euskarazko komikigintzak geroz eta uzta handiagoa ukan, lortzeko oraindik anitz gelditzen dela uste dute Tupust-eko Ainara Azpiazu Axpi eta Maite Caballerok. Diotenaz, ondoko herrialdeetan komikiak duen lekuari begiratuz gero, konturatzen zara Euskal Herrian duen toki murritzaz, eta horrek balio du osagai kulturala azpimarratzeko: "Komikigintza ez da kontsideratzen literaturako arlo bezala"; "arlo oso murritz bezala ikusten da komikigintza; mila gauza kontatzeko gaitasuna daukan medio bezala ez da ikusten", eta oro har, "ez gara bereziki kultura bisuala lantzen duena jendarte bat". Horregatik ere zaie inportantea Ziburuko Azokan egotearena: ikuspuntuak eta aurreiritziak aldatzeko eta komikigintzari buruzko urrats bat gehiago emanarazteko irakurzaleari.

Argitaletxe ez den eragile bat zegoen azokan, Hatsaren Poesia eta Zirrinta argitaletxearen artean: Haria. Mirentxu Ibargarai lakartarrak sorturiko elkartea, eta haur eta gazte literatura zabaltzeko harpidetza sistema bat muntatu berri duena: hilabetero euskarazko liburu bat bidaltzen dio harpidedunari, ipuinaren audioarekin eta helduei zuzendutako aurkezpen dokumentu batekin. Beste behin, Ipar Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoan euskarari esparru berri bat  emateko xedez osatutako proiektua da: umea ikastolan edota sail elebidunean duten gurasoentzako tresna izan nahi du, baina ez bakarrik, azkenean, euskarazko literatura eskuratzeko liburu denda arras guti izanik, eskaera orokorrago bati erantzuten dabilelako. "Haurren artean dagoen irakurzaletasuna harrigarria da. Haurrak beti lotzen dira album ilustratuei. Horregatik da inportantea euskara eremu horretan egotea. Ama hizkuntza euskara ez dutenek bizi behar dituzte emozio momentu horiek euskaraz".  Bistan denez, argitaletxeekin zuzenean erlazionatzeko eguna zuen Ibargaraik, eta bera bezala beste guztiek ere, funtsean. Hori du gustuko lehen aldikoz bertan egondako 1545 argitaletxeko Xabi Salaberriak: "Urtero egon naiz ikusle bezala, eta oso-oso gustura egon naiz, giro berezia duelako azoka honek. Aurten mahaia hartu dugu, parte hartzeko gogoa ematen duen azoka delako. Gu, berez, ez gara azoka askotan egoten, ez garelako horretatik bizi, ni berez irakaslea naiz. Baina Ziburun egon nahi genuen".

“Euskara hutsezko azoka izanik, euskal literaturaren baitako aniztasun handia agerian gelditzen da”
Bea Salaberri

Eta horrela iragan da azoka, kontu-kontari bata eta bestearekin, mahai batetik bestera, liburu eta diskoen artean joan-jinka, karpatik atera eta ekimen kultural bat kausitzeko bermearekin: liburu aurkezpenak, kontzertuak, Txiki-ren umorezko bakarrizketa, haurrentzako tailer zenbait edota Mattin eta Amane Apalategi marrazkilariek eta Maddi Sarasua eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek osaturiko Zirriborroka.

Argazkia: Dani Blanco

Parisera ere zuzendu zitzaien mezua azokatik, hain justu, Frantziako Estatuaren menpe diren hizkuntza gutxituen aitorpena aldarrikatzeko mobilizazio eguna zelako ekainaren 1a. Azterketak euskaraz pankarta oholtza gainera igo eta argazkia atera zitzaien. Politikoki, begirada Palestinara bideratzeko hautua ere egin zen, liburu aurkezpenetan Katakrak-ek plazaraturiko Mohammed El-Kurd palestinarraren Rifqa liburuaren itzulpena sartzeko hautua eginez. Honengatik egiten dugu dantza olerkia irakurri eta Gazan bideraturiko genozidioa gogora ekarri zuen itzultzaile Eider Beobidek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Euskaltzaleen parte-hartze bizia nabarmendu dute Ziburuko Azokaren antolatzaileek

Euskara hutseko liburu eta disko azoka euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizitzeko gunea bilakatu da. Urtez urte ekitaldiak aurrera egiten du eta euskaltzaleentzat ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, azokaren antolatzaileek nabarmendu dutenez... [+]


Eguneraketa berriak daude