Palestina, maite zaitugu, aske

  • Titularra beste bat izan zitekeen: “Ez gaitzatela nahastu”, unibertsitatean kanpatzeagatik esaten digutenean Hamas babesten dugula, terroristak, antisemitak edo bortitzak garela leporatzen digutenean, unibertsitatetik kolpeka atera gaituzten arren. Aktibismoa kriminalizatzea da jendea desmobilizatzeko sistemak gehien erabiltzen duen jokamoldeetako bat.

AEBetako estatu idazkari Anthony Blinkenen hitzartze batean, genozidioaren konplizea izatea aurpegiratu zioten protestariek.
AEBetako estatu idazkari Anthony Blinkenen hitzartze batean, genozidioaren konplizea izatea aurpegiratu zioten protestariek.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez gaitzatela nahastu... Israel estatu demokratiko gisa homologatzen dutenean. Izan ere, bateragarria al da demokrazia genozidioarekin? Ez da gerra, sarraskia da. Eta ez da orain jaio krudeltasun sistemiko hau, hainbat hamarkadaz ari da luzatzen sarraskia.

Ez gaitzatela nahastu... esanez ez dela okupazioa. Palestinako demografia esponentzialki aldarazi zuten, “agindutako lurra” deitzen zioten lekura milaka juduk migratu izanak, eta aldi berean, milaka palestinar beren lurraldetik bortxaz kanporatu izanak.
Mundu osoko juduak erakartzeko Mugimendu Sionistak erabiltzen duen leloa ez da egia: “Jenderik gabeko lurra, lurrik gabeko herriarentzat”. Beraiek masiboki iritsi aurretik batez ere arabiar-palestinarrak bizi ziren.

Lurraldearen okupazio progresiboak, lurren desjabetzeak, etengabeko desplazamenduak eta kolonia berriak Palestina zatikatzen doaz. Elkarrengandik deskonektatutako lur-eremu txikiak, uharte modukoak, sortzen ari dira, hesiz edo harresiz isolatuak. Eta lurrik gabe, Palestinarik ez da existitzen.

Ez gaitzatela nahastu... esaten dutenean Israelek defendatzeko eskubidea duela. Norengandik baina? Lur horretan bizi direnengandik? Erailtzen ari diren milaka eta milaka palestinarrengandik? Mutilatzen ari diren gazatarrengandik?  Gosez hiltzen ari zaren horiengandik defendatzeko eskubidea daukazula diozu?

Frantzia okupatu zuten naziek ba al zuten beren burua defendatzeko eskubidea? Norengandik baina?  Okupazioari aurre egin zion erresistentziarengandik? Maki palestinarrengandik? Herrialde bat okupatzen baduzu bertako biztanleei izua gorputzean sartuta, zaila da pentsatzea ez dela erresistentziarik antolatuko. Naturaz kontrakoa litzateke aurkakoa.

Palestinaren aurkako sarraskia izateaz gain, mundua beste era batez eraikitzeko gogoen aurkako gerra ere bada

Ez gaitzatela nahastu... Holokaustoarekin, gu antisemitak garela esanda. Israelek Holokaustoaren memoria erabiltzen du bere burua biktimizatzeko. Holokaustoaren biktimak ohoratzen ditugu, eta horrexegatik ez dugu ulertzen nola hori pairatu zuen herri batek “gasifika” dezakeen beste bat bonbak jaurtita eta gosetea eraginez.

Ez gara antisemitak, ez gaude judu herriaren aurka, supremazismo sionistaren aurka gaude; eta aldi berean, genozidioaren aurka publikoki kokatu diren juduak miresten ditugu.

Ez gaitzatela nahastu... Israelen indar infinituarekin. Bere indar militarra askoz txikiagoa da herri palestinarraren koherentzia eta erresistentziaren iraunkortasuna baino.

Palestinaren aurkako sarraskia izateaz gain, mundua beste era batez eraikitzeko gogoen aurkako gerra ere bada. Hegoalde globala altxatzen ari da. Eremu horretan aginteari eusteko AEBek Israel behar dute. Europa genozidioaren txotxongiloa eta NBEren adierazpenak paper bustia besterik ez dira, ezerezean geratzen direnak.

Ez gaitzatela nahastu... esanez ezin dela ezer egin. Israelen hiltzeko makinak ez luke funtzionatuko oso ongi eraikitako aliantza diplomatiko, komertzial, finantzario eta asoziatiborik gabe. Gure egin beharra da, planetako txoko guztietatik aliantza horiek ahultzea. Soilik boikotaren bitartez eta sionismoarekin kolaborazio eta lotura oro etenda lortuko ditugu beren bortizkeria geldiaraztea eta geure burua berriz gizaki gisa ikustea.

Ez gaitzatela nahastu. Gazako blokeoa hautsi nahi dugu. Genozidioa geldiarazi nahi dugu. Baina, batez ere, Palestina herri librea izatea nahi dugu beste edozein herrialde bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Eguneraketa berriak daude