Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ohea altzari bat da. Hain erosoa den ia edozeren moduan, artifiziala, gizakiak perfekzionatua. Ez gara hezetuta jaikitzen, lehor eta goxo baizik; ez dugu hotzik pasatzen; ez dugu inongo minik izaten esnatzean. Ohea zoragarria da, ez digu beharrik sortu, bagenuen bat, lo egitea, plazer bilakatu du. Etxe, gordeleku sabairik gabe ere. Lo ondo egin badezakezu, ahula izan bazaitezke, zeure etxea da.

Oheari begiratuta, batzuek ikusten dituzte tapakiak, ondo aireztatu beharrekoak goizero, ohea egin aurretik. Ohea egiten baduzu, logela ordenatuta dagoela dirudi; egin gabe, ez dago gela txukuntzerik. Izarak, mantak, koltxa, nordikoa. Fundak. Funden kolorea logelarena da, egunean azkena ikusten duzunetakoa, goizean lehenengoetakoa.

Izan daiteke bikoitza, lehen matrimoniokoa, orain bakoitzak daki. Bikoitza bakarrarentzat. Koltxoiak malgukidunak, aparrezkoak, latexezkoak, biskoelastikoak. Oheburu klasikoak, modernoak, minimalistak, doratuak, geometrikoak, bihurrituak. Ohebururik ez. Ohe errezeldunak txikitako ametsetan. Koltxoia lurrean bota eta kitto.

Ohea altzari bat da, bagenuen behar bat plazer bilakatu du. Etxe. Ahula izan bazaitezke, zeure etxea da. Ahula. Eta beste inon izan ezin bazara, besterik izan ezin duzun egunetan, ohean baino ez zara.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude