Katalunian protesta, hemen paso

Kataluniako Hezkuntza Sailak (ERC) bertako ebaluazio diagnostikotik ahozko proba kentzea erabaki zuenean, segituan altxa ziren horren kontrako ahotsak: Junts alderdiak, Intersindical sindikatu independentistak eta Plataforma per la llengua eragile sozialak ikasleen ahozko gaitasuna neurtzea eskatu zioten Kataluniako Gobernuari.

Normala ere bada, ezta? Ahozkoa neurtu barik ez dago ikasle baten komunikazio-gaitasuna neurtzerik, ezta? Ezta?

Gurean bai. EAEn, ikasleen komunikazio-konpetentzia ahozkoa neurtu barik zehazten da: “Beraz, esan daiteke derrigorrezko eskolatzea amaitu duten ikasleen ia %80k euskarazko konpetentzia nahikoa dutela komunikatzeko eta hizkuntza horretan ikasten jarraitu ahal izateko”. (2022ko etapa amaierako ebaluazio diagnostikoa, 41. orrialdea). Baina “Euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentziaren Mintzamena dimentsioa ez da ebaluatu eta Idazmena dimentsioa hizkuntza-komunikazioko hiru konpetentzietatik bitan bakarrik ebaluatu da” (22. or.).

Katalunian, protestatuta, lortu dute gobernuak atzera egin eta ahozko konpetentzia ere neurtzea aurtengo ebaluazio diagnostikoan. Gurean?

Hezkuntza Sailaren curriculum-dekretuak (77/2023) definizio hauxe ematen du: “Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak esan nahi du ahoz, idatziz edo (zeinuz) modu koherente eta egokian jardun behar dela”. Dekretu horretako 41. artikuluak agintzen duenez, “diagnostiko-ebaluazioko prozesuen helburua da ikasleek funtsezko konpetentzietan eta konpetentzia espezifikoetan lortutako maila egiaztatzea”. Ahozkoa neurtu barik, ezin ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia egiaztatu.

Katalanez bezala, gurean ere behin baizik ez da neurtu DBH 4ko ikasleen mintzamen-gaitasuna euskaraz: HABEk, 2018an. 1.000 ikasle izan ziren, B2 maila neurtu zitzaien eta, nik dakidala, emaitzak ez dira argitaratu. Bitxia da 2022ko Ebaluazio Diagnostikoan horixe dela propio aipatzen den hizkuntza maila bakarra: HABEk ahozko B2 neurtu zuela; 2022an idazmena eta ulermenak neurtu ziren, baina ez da argitzen B1 maila izan zen, B2, tarteko zerbait…

Ez da, ostera, bitxitasun bakarra: 2017an, DBH 2ko ikasleen %45,6k zeukan maila apalena euskaraz; 2018an, DBH 4ko %27,7k; 2019an, DBH 2ko %47,9k. 2021ean, ehunekorik ez, baina: “Euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia nabarmen jaitsi da”; 2022an, ikasleen %20,8 maila apalenean. Urte batetik bestera, ikasleen %20k lortzen ei du maila apalenetik egokira pasatzea.

Hasierara bueltatuta: Katalunian, protestatuta, lortu dute gobernuak atzera egin eta ahozko konpetentzia ere neurtzea aurtengo ebaluazio diagnostikoan. Gurean? Animatuko gara protesta egitera?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude