"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

  • Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain erakusketa baten aitzakian dabil lanean, Bartzelonan inauguratuko dena maiatzean.

Laida Zapre / ARGIA CC BY SA
Laida Zapre / ARGIA CC BY SA
Jone Erzilla. Durango, 1999

EHUn Arte Ederretan graduatu ondotik, Ikerketa eta Sormena Artean Masterra egin zuen. Ikasketak bukatuta, Aire Galerian praktikak egin zituen eta lanean aritu da bertan bi urtez. Zenbait erakusketa izan ditu; tartean Ex3, bere bakarkako lehen erakusketa Durangoko Arte eta Historia museoan, eta Bi mila botoi lan kolektiboa Aire Galerian.

Nor da Jone Erzilla?
Oraindik ez dut sentitzen zilegitasunik artista naizela esateko. Eta, gainera, ez dut esan nahi hala naizenik, ez dudalako oso ondo ulertzen, arte hitza ulertzen ez dudan moduan. Nik badakit nortzuk diren artistak niretzat, badakit hori identifikatzen, baina nik momentuz ez diot nire buruari hori esan nahi. Ez dakit ez ote den presioa ez ipintzearren.

Artista hitzaren barruan uste dut badaudela definizio batzuk agian musikari hitzean ez daudenak, artista esatean handitasuna edo egoa barnean egongo balira-edo. Ez dakit, izango da musikariak urrunagotik ikusten ditudalako.

Izan daiteke artistarena lan “bakartiagoa” delako? Bertsolariek, oro har, ez dute arazorik izaten bertsolariak direla esateko.
Uste dut ez nagoela ados gure gizartean artista hitza ulertzen den erarekin. Eta ez nagoenez ados, ez dut erabili nahi. Ez dakit zein momentutan eta nork erabakitzen duen zer den artea. Nik, orain, expo bat eman didatenez, kontsideratzen dut suposatzen dela erakusketa horretan artea egon behar dela, baina ezer gutxi gehiago. Uste dut zerbait artea dela erabaki ahal dudala obra hori gai denean bere gain hartzeko jende askoren sentsibilitatea leku desberdinetatik.

Ulerkeraz ari garela, zein leku du zuretzat ulermenak artean?
Nik gehien flipatzen dudanean gauzekin, edo hurbildu eta egoten uzten didatenean, beti dago ez ulertze bat. Ez da hainbeste ez dudala ulertzen, baizik eta ez dudala beharrik nire buruan horren inguruko irakurketa bat egiteko. Batzuetan gura barik irakurketa egiten dut, baina ez dudanean egiten disfrutatzen dut, zeren bakarrik horretara nago, egote horretan. Eta nire burua isilik dago. Bilaketa batean nago, baina ez hitzetatik.

Niretzat erreferente garrantzitsuak dira Lorea Alfaro eta Jon Otamendi. Bartzelonan egin zuten erakusketa baten harira, Loreak esaten zuen erakusketan ez zegoela ezer ulertzeko, egon egon behar zela bakarrik. Literalki horrela dela uste dut.
Esperientzia estetikoak mundu guztiak ditu, baina oso zaila da hori museo baten barruan gertatzea. Askoz errazagoa da hemen gertatzea, Anbotori begira [leihotik kanpora seinalatzen du]. Hor kanpoan eguzki izpiak islatzen badira, flipatzen egon naiteke eta nire ama ere bai. Baina ez da ezer ulertu behar.

Gero, jendeari ezin zaio esan “ez ezazu ulertu”, zeren horrekin ere frustratu egiten da bat. Uste dut norberak zerikusi asko daukala horretan, pertsona gisa, edo zure gorputzak, leku horietara sartzeko duen moduan.

Beti jaso eta ematen da desberdin norbera dagoen lekuaren eta moduaren arabera. Unibertsitate garaia burbuila sentsazioko urteak izaten dira, zure arlo berean dabilen jendez inguratuta bizi ohi baikara hein batean. Garai hori atzean utzita, burbuilatik oso kanpo ikusten duzu orain zure burua?
Jarraitzen dut burbuila baten parte izaten, baina ez hainbeste. Unibertsitate garaia 24/7 horretan pentsatzen egotea da, eta horrekin zerikusia duen edozerez berbetan egotea. Handik kanpo gertatzen jarraitu ahal da, baina zailagoa da, zeren denok jausten gara hitzetan eta guk ez dugu hitzekin soilik egiten lan.

Arte Ederretatik irteten zaren momentuan ez dakizu non dagoen lurra, ezta non zapaldu behar duzun ere. Burbuila horretan, garrantzia ematen diozu izkina bati, esaterako, eta zure inguruko jende guztia ere ari da inportantzia bera ematen. Gero, handik irteten zara eta galdegiten diozu zeure buruari ea zer zentzu zuen horrek.

Uste dut oso zaila dela egiten zabiltzanak eta horrek munduan duen lekuak zentzua izatea maila berean.

Laida Zapre / ARGIA CC BY SA

Bartzelonan erakusketa aurkeztuko duzu aurten. Horretarako beka bat eman zizuten iaz. Zergatik zuri?
Ilusio handia egin zidan. Laguntza ekonomiko handia izan zen eta hori ez da askotan pasatzen. “Irabazi duzu”, esan zidaten. “Irabazi”. Eta grazia egin zidan. “Hautatua izan zara” esan ordez, ezta?

Esan zidaten gustatu zitzaiela zer baino gehiago, planteamendua nondik esaten eta idazten nuen. Erakusketa baten proposamena aurkeztu behar nuen. Aurkeztu nuen zein materialekin nengoen lanean momentu horretan eta zer egingo nukeen, baina banekien ez nuela hori egingo, urtebeteko prozesuaren ostean ezin zelako gauza bera izan. Eta hori ere argi utzi nuen.

Asko egiten dut lan nagoen espazioarekin. Kasu honetan interesatzen zaidana erakusketaren aretoa da, gela bera. Eta hortik abiatu nahi izan dut lana, espazioak erabat baldintzatuta, zentzua izan dezan hor.

Musikari familia batetik zatoz eta zu ere musikaria zara. Beste arte diziplina bat barrutik ezagutzeak uste duzu baduela nolabaiteko isla zure obran?
Edozer gauza garatzen baduzu txikitatik, edo zerbaitekiko sentsibilitate bat duen norbait baldin baduzu inguruan, normala da zuk ere garrantzia ematea horri. Nire kasuan aita musikaria delako da.

Dena den, igual gehiago eragin dit nire amamak. Gerora konturatu naiz, baina amamak gauza asko izan ditu beti etxean, beste edonorentzat zentzurik ez luketenak, batere funtzionalak ez direnak, gordetzen joan den gauzatxoak, apaingarri txikiak... Edonork duen zerbait da, edo ez. Eta eskerrak denok ez gauden horrelako gauza tontoekin erotuta, zeren bestela ez litzateke ezer sostenituko.

Master Amaierako Lanean [MAL] diozu dena dagoela esanda, baina pertinentea eta inportantea iruditzen zaizula gauza batzuk errepikatzea. Plagioaz zer pentsatzen duzu?
“Zerbait originala” egitea bilatzen ari den jende asko dago, eta egia esan... Ez nuke horretan pentsatzen egon nahi. Ez baituzu “zerbait originala” egingo. Edo bai, baina ez du horregatik gehiago balio. Hemen eta orain zerbait pasatzen ari bada, ez da kopia bat nik hori egitea, ni ere hemen eta orain nago-eta.

Gertatu ohi zait pertsona bat irakurtzen aritu eta denbora batez bere idazteko modua pegatzea. Oso polita iruditzen zait norbaiten idazteko forma nigan geratu ahal izatea, eta pentsatzen dut: “Ze maja, oparitu dit bere idazteko modua”. Hor inportantea dena da kontziente izatea nortzuk diren pertsona horiek eta ea artistikoki bat egiten duzun egiten dutenarekin. Nire erreferenteak dira hemen [MALa seinalatzen du] dauden denak. Eta nik eta nire lanak haien antza pixka bat badugu; beraz, eskerrik asko.

Etimologikoki, erreferente hitzak “berriro daramana” esan nahi du. Jakin nuenean oso polita iruditu zitzaidan, eta uste dut laguntzen duela hitza bera desidealizatzen. Batzuetan, zerbait egin ondoren begiratzen dugu zein pertsonek egin dituzten aurrez horrelako gauzak, eta horiek jartzen ditugu erreferente moduan, ez direnean batere horrela izan. Eta uste dut erreferenteak ez duela zertan kanala konpartitu zurekin. Esaterako, nire erreferenteen artean idazle gehiago daude artista plastikoak baino. Edota Bad Gyal edo Gossip Girl ere izan daitezke; badago hor interesatzen zaidan zerbait, nahiz eta ez jakin ondo zer.

"Hemen eta orain zerbait pasatzen ari bada, ez da kopia bat nik hori egitea, ni ere hemen eta orain nago-eta"

Gauzak gustuko ditut, gutxik liluratzen naute eta asko maite ditut dio zure MALeko kapitulu batek.
Gauza asko gustatzen zaizkit, egon naiteke flipatzen tontakeria askorekin, eta eskerrak, horrela bizirauten baitut. Baina liluratu, sorgintzera heltzeko puntu hori ez zait sarri pasatzen. Maite dut gehiago, liluratu baino.

Askotan, gainera, ez dakit bereizten zerbaitek ni liluratu nauen edo lantzen ari naizen horrek duen liluratu nauen horren beharra. Arriskutsua iruditzen zait, eta beldurtzen nau horri eusteak. Zalantzak sortzen zaizkit, ez ote ditudan gauza batzuk permititu dezakedana baino fuerteago desiratzen...

Hala ere, berea den leku batetik ari bada norbait zerbait lantzen, niretzat hori da artea.

Lurpekariak-en Itsasorik Iturrira diskoa dakarkit horrek burura. Itsaso zabaletik edanda ere, bakoitzak bere iturritik eskaintzea besterik ez duela nolabait…
Nik aurrekoan esaten nion Jon Otamendiri: munduan pasatzen ari diren gauzekin egoista sentitzen naiz, nire etxean egonda, gauza tontoak egiten eta horiekin flipatzen. Denbora bat dedikatzen horri, inor laguntzeko balio ez duena. Baina beno, horiek karrera absurdoak ikasi ditugunon pentsamenduak dira; egunero planteatzen dugu zer ari garen egiten bizitzarekin. Otamendik esan zidan pozten zela hori entzun izanaz, eta igual hain zurea den zerbait lantzeko ariketa egoista egin behar duzula, gero, kanporatzean, besteei zerbait aportatu ahal izateko.

Batzuetan zu eta zure ingurukoak zarete zure obraren eduki. Zein leku dute gorputz horiek zure lanean?
Askotan erabili dut nire gorputza, baina ez hurbilen dudana delako. Beno, nire gorputza baino gehiago, nire gorputzaren irudia erabili dut; oso diferentea da. Ez naiz dantzari bat. Nire gorputza erabili dut badudalako halako intuizio bat, kameraren aurrean nola agertu nahi dudan jakin badakidalako, landuta daukadalako.

Sare sozialek zein leku daukate momentu honetan zure jardunean?
24 urteko neska naiz, eta erabiltzen ditut gehiengoak erabiltzen dituen lekutik, “neure burua erakusteko”. Dena den, asko erabiltzen ditut tresna gisa. Asko permititzen didate espezializazio horretan jolastea, formatu konkretuetara moldatzea: publikazio bakoitzak gehienez ere hamar argazki izan ditzake, formatua denetan berdina izan behar da, testuarekin ala gabe... Ez da igartzen, baina badakit Instagrama jolasteko darabilten pertsona batzuk badirela, eta besteen lanekin harremantzeko bide ere ematen duela. Hori pasada bat iruditzen zait. Bada jende bat behartzen nauena gelditu eta haien perfila begiratzera, eta oso zaila iruditzen zait denboraren zentzurik ez duen plataforma batean denborari leku hori eskaintzea.

Era berean, nire perfila ikusten denbora pila pasatzen dut. Gustatzen zait ikustea erabaki batzuk nola errepikatzen diren; esaterako, ohartzea duela bi urte paper bat tolestatzeko hartu nuen modua gaurko berbera dela, ustez nahita egin barik.

Aparte, oso arriskutsua ere iruditzen zait Instagrama. Denbora guztian kontziente izan behar duzu formatu baten barruan ari zarela jolasten. Egun txar bat badut egon naiteke gauzak ikusten denbora luzez, eta min eman ahal dit, konparaketa super zikinak egon daitezkeelako eta desitxuratu ahal direlako gauza asko. Kontuan hartu behar da gauza batzuen irudiak ikusten ari zarela, eta ez direla sikiera gauza horiek.

"Munduan pasatzen ari diren gauzekin egoista sentitzen naiz, nire etxean egonda gauza tontoak egin eta horiekin flipatzen"

Ezin artista bat elkarrizketatu prekarietate hitza aipatu gabe.
Bai… Betikoa. Horrekin lotuta, adibidez, nik inguruan dudanarekin egiten dut lan, erabil ditzakedan materialekin. Ez zait okurritzen, adibidez, metalean ezer egitea, ez dudalako izan horretarako aukerarik. Ez dut inoiz izan dirurik hori egiteko. Eta orain, pasatzen zaidana da ez dakidala lokatzetatik urruntzen, baina oso inportantea iruditzen zait horretan ez erortzea. “Orain dirua dudalako egingo dut ez dakit zer” pentsamenduari ez diot zentzurik topatzen, edo ez behintzat handinahikeriatik denean.

Behin aipatu zenidan Ursula K. Le Guin-en azalpen batekin asko konektatu zenuela: Lokatza vs granitoa.
Uste dut arte prozesuek denboran beste erritmo eta modu batzuk dituztela. Arte prozesu batean zaudenean denbora guztian horretan zaude sartuta, nahiz eta modu pasibo batean izan askotan. Denbora guztian zaude gauza batzuekiko atentzio handiagoa jartzen.

Asko saiatu nintzen artea egiteko edo pentsatzeko modu horri hitzak ipintzen, eta momentu horretan irakurri nuen Ursula K. Le Guinen Contar es escuchar (Kontatzea entzutea da) liburuko Ser tomada por granito (Granito gisa hautemana izan) kapitulua. Esaten zituen gauza askok lan egiteko modu batzuk gogorarazten zizkidaten. Kontatzen du zelan lokatza den material bat zapaltzen uzten dena, markak geratzen zaizkiona eta markak uzten dituena, besteen pisua jasotzen duena eta eraldatzen ari dena etengabe, ingurua eraldatzen duen bitartean. Granitoa, aldiz, aldaezina den zerbait da kasik, ez bada lehergailuekin. Eskalatzen baduzu ez duzu markarik uzten eta oso zapata egokiekin egin behar duzu…

Lokatzak, dena den, behar du definizio puntu bat, granito puntu bat. Kontua da batzuetan saiatzen garela definizio puntu hori indartzen, eta gauza batzuk granito bihurtzen, lokatz izatetik pasa gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude