Azken asteetan euskararen eta hizkuntzen auziak oihartzun mediatiko berritua jaso du. Honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du kezkaz bizi duela euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialari hesia jartzeko ezintasuna. Auzitegi atzerakoi eta euskarafoboek ezarritako blokeoa gainditu eta hizkuntza-politika berdinzaleak garatzeko erakunde publikoen eskumena berrezartzeko ezinbestekoa da arkitektura juridiko berri bat adostea eta gauzatzea.
Euskara, bigarren mailako hizkuntza
Gogora ekarri behar da, gaur gaurkoz, herritar zein langile euskaldunek ez dituztela zerbitzu publikoetan dagozkien hizkuntza-eskubideak bermatuta, eta egunero jasaten dituztela eskubide hauen urraketak. Halaber, berezko hizkuntza izan arren, euskara bigarren mailako hizkuntza da administrazioan eta ez zaio gaztelaniaren balio bera aitortzen, normalizazioa eta biziberritze prozesua baldintzatuz eta oztopatuz.
Oldarraldia hasi zenetik, 29 sententzia medio, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta dozenaka udalerriren hizkuntza-politika erabakitzeko eskumena mugatu du botere judizialak, zuzenean 700 lanpostu publikori baino gehiagori eraginez.
Oldarraldi honek eragindako ziurgabetasun juridikoaren ondorioz, hainbat erakunde publikok iragarri dute jada adostuta dauden lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunak murriztuko dituztela. Botere judizialaren disuasio politikek beren fruituak eman dituzte eta, dagoeneko, ez dago aurkako sententzien beharrik, hauekiko beldurra nahikoa da euskararen normalizazioan atzerapausoak eragiteko.
Hau guztia, hain zuzen, administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa dagoenean heldu da. Izan ere, datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera. Jauzirako baldintzak badaude, baina epaitegietatik ezarritako doktrina berriak ez du baimentzen.
Administrazioa euskalduntzeko paradigma berri bat
Asko da orain arte aurreratu dena, baina paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, normalizazio erreal batera jotzeko. Komunitate gisara egindako bidea balioan jarri behar dugu, hain zuzen, bide beretik atzera ez egiteko. Euskarak, beste edozein hizkuntzaren pare, noranahikoa izatea behar du xede, orotarikoa eta ororena.
Guzti honengatik, ezinbestekoa da eztabaida epaitegietatik Legebiltzarrera eraman eta euskarari estatus berri bat ematea. Honenbestez, Kontseiluak dei egiten die Eusko Legebiltzarra osatzen duten eta euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdi eta ordezkari politiko guztiei hizkuntzaren auzia lehen lerroan jartzera eta egungo hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen markoa gainditzeko beharrezko lege moldaketak gauzatzera, kasuan kasu, salbuespen mekanismoak aurreikusiz eta dagokion malgutasunarekin. Printzipio argi bat oinarri: bi hizkuntza ofizial dauden lurralde bateko langile publiko izan nahi duenari bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzeko, euskara ez dadin azpi-hizkuntza izan eta hizkuntza berdintasuna bermatzeko.
Larrialdiaren aurrean, ausardia politikoa
Azkenik, iazko urte bukaeran, azken datu eta ikerketa demolinguistikoak oinarri, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela adierazi zuen. Larritasun testuinguru honetan, Kontseiluaren iritziz indarrak ezin dira oldarraldiari aurre egiten xahutu, aurrera egin beharra dago: euskararen geroa orain jokatzen da. Euskara betirako minorizatua nahi dutenen aurrean, ausardia politikoz eta herri-arduraz jokatzeko unea da.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: