Emakumeak borrokan, instituzioak entzungor

  • Martxoaren 8a egun garrantzitsua da mugimendu feministarentzat, eta azken urteetako olatuari jarraiki, aurten ere ehunka herri eta hiritako kaleak beteko dituzte emakume langileen eskubideen aldeko aldarriz. Azaroaren 30eko greba orokorraren ildotik, zaintza eskubide publiko eta kolektiboa eskatzeko eguna izango da Hego Euskal Herrian, baina baita indarkeria matxistaren aurka egitekoa ere, besteak beste. Ipar Euskal Herrian autodefentsa eta antolaketa feministan jarri dute fokua, eta mugimendu feminista indartzeko eta artikulatzeko baliatu nahi dute eguna. Ostiral arratsean izango dira manifestazioak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publikoaren aldarria zabaltzen jarraituko du M8an. / Argazkia: Ecuador Etxea.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxoaren 8a "ospakizuna baino gehiago borroka eta salaketa eguna da". Euskal Herriko Mugimendu Feministak argi utzi du egunaren helburua. Azken urteetan berebiziko garrantzia hartu du emakume langileen nazioarteko egunak Euskal Herrian ere, eta 2018ko greba egun jendetsutik, aldarri feministak indarrez entzun dira ehunka herri eta hiritan. Aurten ere dei egin dute kalera ateratzera, Gure bizitzekin negoziorik ez lelopean, emakume langileen eskubideak, zaintza publiko komunitarioa eta indarkeria matxistaren aurkako borroka aldarrikatzera, besteak beste. Mugimendu Feministaren hiriburuetako deialdi nagusiak hauek dira: Baionan 18:00etan Herriko Etxeko plazatik, Bilbon 19:00etan Jesusen Bihotza plazatik, Donostian 18:30ean Antiguako tuneletik, Gasteizen 18:00etan San Anton plazatik, eta Iruñean 19:00etan Antoniutti parketik. Hainbat herritan ere antolatu dituzte manifestazioak.

Azaroaren 30eko greba feminista orokorra mugarri izan zen, eta hala berretsi du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak otsailaren 20ko prentsaurrekoan. Azpimarratu dute grebarako sortutako tokiko asanblada ugarik lanean jarraitzen dutela eta Mugimendu Feminista "gogoz eta anbizioz" dagoela: "Asanbladak aktibatu ditu, gogoak indartu ditu, sare batzuk piztu ditu", azaldu du Ainhoa Olaso plataformako kideak. Zaintza publiko eta komunitariorantz egiteko pausoak ematen jarraitzen dutela ziurtatu dute, besteak beste, tokiko dinamikak sustatzen eta Herri Akordioa zabaltzen. Olasok gogorarazi du Mugimendu Feministaren aliantzak estutzeko balio izan duela grebako lanketak, eta etxeko langileen elkarteekin, sindikatuekin, sexu langileekin zein eragile sozialetako kideekin batera, erabaki guneetan eragiteko prest daudela.

Hain zuzen, instituzioen jarrerari irakurketa negatiboa egin dio Denon Bizitzak Erdigunean plataformak: "Instituzioetatik jaso dugun erantzuna ez da behar genuena izan. Arduratuta gaudenon ahotsa ez dute kontuan hartzen, ez dute greba feminista orokor bat egin izana baloratzen". Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu zuten A30ean, baina Olasok dio erakundeek ez dituztela kontuan hartu haien eskariak: "Ez zaie interesatzen haien politikagintza zalantzan jartzea ezta aldatzea ere. Argi dago zein den gure bizitzen eta kapitalaren artean egiten duten hautaketa".

Argazkia: Ecuador Etxea.
Emakume langileak, prekarizatuta

M8an instituzioak eta erakundeak interpelatzen segituko dute feministek, eta Gure bizitzekin negoziorik ez lemapean ardura hartzeko eskatuko dute: "Zoritxarrez, ez da zaintza logika merkantilistetan dagoen afera bakarra, bizitzeko oinarrizko behar guztiak daude merkantilizatuta; elikadura, etxebizitza, osasuna… aski da!". EAEn onartutako zaintza ituna kritikatu dute, eta Jaurlaritzari leporatu diote Mugimendu Feministaren "diskurtsoaz jabetzeko saiakera". Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mezua bidali diete, esanez ez dutela itunik nahi baldintza hauek betetzen ez baditu: publifikazioaz eta pribatizazioaren aurka hitz egitea, baita Atzerritartasun Legea deuseztatzeaz ere, besteren artean. Exijitu dute itunak baldintza horiek betetzeko "plan eta aurrekontu zehatzak" izan behar dituela.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeen lan-indarra hainbat modutan esplotatzen duela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: "Enpleguan, lan feminizatuetan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean prekaritatera eta etengabeko zapalkuntza egoeran bizitzera kondenatzen gaitu". Lanaren banaketa sexuala salatu dute, eta nabarmendu dute emakumeek jasotzen dituztela pentsio baxuenak eta soldata arrakala dagoela. Urtean gizonek baino 7.000 euro gutxiago irabazten dituzte andreek Hego Euskal Herrian, 2020ko datuen arabera.

Ipar Euskal Herrian autodefentsa feminista artikulatzera deitu dute, mugimendu feminista indartzeko

Ipar Euskal Herrian ere lan eta zaintza eskubideen alde altxatzera dei egin du Baionako Manifeministen Kolektiboak, gutun ireki baten bitartez. Bizitzaren eta lanaren arteko "egiazko balantza" izateko, baliabide "ausartak" eskatu dizkiete erakundeei, esaterako, "etxean den gurasoaren estatusa onartzea gutxieneko hezkuntza soldata baten bidez".

Borroka feminista, zapaldutako guztien izenean

Mugimendu Feministak Martxoaren 8a baliatuko du gogorarazteko egoera bereziki zaurgarrian dauden emakumeen eskubideak; Europara migratu behar izan dutenak, eta Atzerritartasun Legearen ondorioz indarkeria eta arrazakeria jasaten dituztenak, hala nola lan munduan edota indarkeria matxistari dagokionean. Halaber, Israel egiten ari den genozidioa salatzeko probestuko dute eguna, eta Euskal Herritik Palestinara elkartasuna eta maitasuna helarazteko, "gaurko egunean bereziki emakume palestinarrei".

Baionako Manifeministen Kolektiboak ere borrokara batzeko deia luzatu die "munduko emazte eta zapaldu guztiei": "Norma hausten duzuen guztiak, borroka honetan elkarrekin gaude". Ipar Euskal Herrian autodefentsa eta antolaketa feministan jarri dute fokua, mobilizazioen prestaketa lanetan aritu den Irantzu Idoatek baieztatu duenez. Martxoaren 8a indarrak batzeko abiapuntutzat hartu dute, eta manifestazio ostean eskaintza kulturala emango dute, feministen arteko harremanak sendotzeko asmoz: "Lehen pauso bat izatea espero dugu, mugimendu feminista aktibatzen hasteko maila erregularrean, eta ez soilik Martxoak 8an edo Azaroak 25ean". Idoatek azpimarratu du feminista ugari borrokarako "gogoz" daudela, baina jakitun direla ez dutela Hego Euskal Herriko mugimendu feministaren egonkortasunik. Halere, ostiralean manifestazio jendetsua eta zabala espero dute, kontuan izanda Frantziako Estatuan greba eguna ere badela; intersindikalak ere bat egin du grebarekin. "Lan greba, etxeko lan greba, gorputz greba eta kontsumo greba eginen dugu", gogorarazi dute Ipar Euskal Herriko antolatzaileek.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC -BY-SA.

Hainbat kolektibok hartu dute parte Baionako mobilizazioa antolatzen, ildo eta ideologia anitzetakoak, baina Idoatek azpimarratu du garrantzia eman diotela irakurketa komun bat plazaratzeari, nahiz eta "zailtasunak" eta "desberdintasunak" topatu dituzten lanketa horretan: "Denen arteko oreka bilatu da". Argitaratu duten gutun ireki hori borrokara batzeko dei argia da, eta "ahizpa eta burkideei" zuzentzen zatzaizkie, "elkarrekin altxatzera", autodefentsa feminista artikulatzera.

M8aren harira aldarrikapen zerrenda zabala osatu dute, besteak beste, ondorengoa eskatu dute: hezkuntza parekidea, "aukeren berdintasuna bermatzeko eta genero dikotomiarik gabeko edukiak izateko"; gorputz askatasunaren eskubidea izateko, abortu eskubidea "behar den tokian bermatzea", eta laguntza bidezko ugalketa zein antisorgailuak denentzat urririk izatea; indarkeria matxistaren eta feminizidioen egileek erantzukizuna izatea; eta sistema kapitalista neo-kolonial eta arrazista hausteko, Espainia eta Frantziako estatu zapaltzaileek migrazio lege "basatiak" baztertzea.

Itaiak, estatu sozialista eraikitzera deia

Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere mobilizazioak iragarri ditu Martxoak 8rako: "Emakume langileon zapalkuntza amaitzeko oinarriak jarriko dituen gizarte sozialista eraikitzeko norabidean". Itaiak ohartarazi du gizartea gero eta aurrerakoiagoa dela sinestarazten ari diren arren, emakume langileek zapalduta jarraitzen dutela: "Egiturazko langabezia, etxeko zaintza lanen zama, indarkeria matxista, gure gorputzen objektibizazioa...". Salatu du enpresariek emakume langileen aurkako "esplotazio basatia" egiten dutela.

Gainera, jendartean ere zapalkuntza normalizatuta dagoela gogorarazi dute Itaiako kideek, eta ideia erreakzionario eta matxistak zabaldu direla. Azpimarratu dute "indar politiko independentea" hautatzeko beharra dagoela, ikusita "politika instituzional kapitalistek" ez dietela erantzuten emakume langileen interesei, baizik eta boteredunen eta klase ertaineko emakumeen beharrei.

Herri hauten izango dira mobilizazioak: Araban, Gasteizen; Bizkaian, Bilbo, Portugalete, Basauri, Gernika eta Durangon; Gipuzkoan, Mutriku, Donostia, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Bergara, Irun, Zarautz, Tolosa, Hernani, Urnieta eta Beasainen; Nafarroan, Lizarra, Gares, Altsasu, Lakuntza eta Iruñean; eta Ipar Euskal Herrian, Baionan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Gure istorioak berreskuratzea eskubideak defendatzeko

Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


2025-03-05 | Leire Artola Arin
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Irene Ruiz, Itaiako kidea
“Instituzioak beraiek ere badira oldarraldi matxistaren erantzule”

Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]


M8an faxismoaren kontra eta aliantza feministen alde egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude