"Unibertso bat eskaini behar du abestiak, Beatles-ek egiten zuen moduan"

  • Willis Drummonden "betirako amaiera" izan zitekeenaren kontzientzia Intxaurrondoko kontzertuaren egunean hartu zuen, burua Rüdiger proiektu pertsonalaren The Dancing King diskoaren plazaratzean murgildurik zuelako. Elkarrizketaren biharamunean Petit Fantôme taldearekin zihoan Frantziara, kontzertua eskaintzera. Eta horrela, beti eta beti, musikari talde batetik bestera, lagun talde batetik bestera. Musika ezinbesteko osagai baldin bazaio ere, musikari esker osaturiko "familia" handi hori duelako gehienik behar bizian. Elkarrizketan behin eta berriz azaleraturiko hitza dugu familiarena, eta funtsean, abesti bat eskaini die familiak sortzen dizkion gogoetei: Where I Belong.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Willis Drummond, Duncan Dhu, Petit Fantôme, Botibol, Rafel Berrio, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Atom Rhumba, Dual-split, Testura… zerrenda luzeegia da guztiak izendatzeko. 30 proiektuz goratan parte hartu izan duzu. Zer zara? Lanaz errabiatua den workaholica ala pasionatua?
(Barrea) bietarik pixka bat, baina batez ere pasionatua. Musikaria baino gehiago, musika fan handia naiz. Sei urterekin hasi nituen bateria kurtsoak, lehen taldea Monarch izan nuen, laster etorriko ziren Willis Drummond, Joseba Irazoki… batetik bestera Euskal Herriko musika eszenako jende asko ezagutu dut eta bata eta bestearekin kolaboratu dut. Anaiaren [Johannes Buff] Shorebreaker estudioan ere musikarien zerbitzuak eskaintzen gabiltza. Musikari berriak ezagutzeko tirak ere eramaten nau beti proiektu bat buruan ukatera. Gainera, Berara heldu nintzen duela hamar bat urte eta erran beharra dago musikari andana dituen herria dela, musika mintegi aberatsa daukadala hor.

Bukaera bat izan daitekeenaz –Willis Drummond– edo hasiera batez –Rüdiger–, zerekin hasiko dugu elkarrizketa?
Hasi gaitezke Willisekin.

500 txupitoak altxa eta zeri egin genion topa Intxaurrondoko azken kontzertuan?
Ia hogei urte iraun duen ziklo luze bati. Oso une ederra izan zen. Pertsonalki, Rüdiger-en diskoa plazaratzearen zurrunbiloan nintzen eta egunean bertan konturatu nintzen agian azken kontzertua bizitzera gindoazela. Bilbo, Gasteiz, Mutriku, Baiona… Aurpegi ezagun asko zeuden eta oholtzatik bakoitza begiratu eta elkarrekin pasatako hamaika une gogora etorri zitzaizkidan! Nahiko eroa zen sentimendua eta noski, musikan zentratu behar nintzen eta ez zitzaidan baitezpada erraza izan. Biharamuneko story-ak eta bideoak ikustearekin ohartu nintzen jendea kantuz ari zela; oholtzaren atzealdetik ez nintzen konturatu eta hunkitu ninduen horrek. Oraindik freskoegia da, badirudi ez naizela erabat ohartzen, baina badakit hemendik gutira nostalgia sentituko dudala momentu horretaz oroitzerakoan.

"Musikari berriak ezagutzeko tirak eramaten nau etengabean proiektu bat buruan ukatera"

Hogei urteko ibilbidea, errazki erraten da. Zer erran nahi du horrek zuretzat?
Familia da niretzat Willis Drummond. Elkarrekin bizi izan gara Larrondoa-n, elkarrekin osatu genuen taldea… Egia da beste jende batzuk ere izan direla taldearen parte, baina taldearen nukleo gogorra izan da Xan eta Jurgirekilako topaketa. Anaiak bezala ditut eta ez dago dudarik: bizi osorako elkarrekin gara. Elkar ikusten segituko dugu, elkarrekin musikan segituko dugu. Familia istorio bat da Willis Drummond, laguntasun zaharra da, lotura sendoa. Baina niretzat, Euskal Herriarekiko lotura ere irudikatzen du. Herri honen geografia ezagutu dut, herri honen osaketa soziala, gauzak aldatzeko edota sortzeko militatzen dabiltzanak… Kausa batentzat ala beste batentzat, maiz deitu izan gaituzte eta plazer handiz jo dugu aldi oro; egia da ezagutuko ez nuen errealitate sozial bat ezagutu izan dudala horri esker.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Goazen Rüdiger begiratzera. Zure bigarren izena jarri diozu taldeari. Alemanian dituzun sustraietara jo nahia izan da edo ezagutzen ez genuen Felixen alde horren berri eman nahia edo…
Nire aita alemaniarra da eta ama euskalduna, mauletarra. Felix Rüdiger jarri zidaten izen gisa. Egia erran taldearen izena jartzerakoan ez nuen gehiegi pentsatu eta ez dizut gogoeta sakonik partekatuko. Soinuz gustatzen zitzaidan, eta nirearen parte den zerbait izatea ere gustuko nuen.

Oholtza atzealdetik lehen lerrora pasa zara, bateriatik kantura. Ez da aldaketa ttipia.
Ez da hain erraza ez. Gainera, gitarra eskuan nabil eta hori ere berria da niretzat. Pandemia garaian atera nuen lehen diskoa. Bapatean guztiak etxean geratu beharra ginen, eta nire aldetik, hamabost urteko bira eta gero tokatu zitzaidan. Ongietorria izan zitzaidan, burn-out-aren mugan nintzelako. Workaholica ote naizen galdatzen zenidan, baina bai, bira ezberdinak nituen aldi berean: Petit fantome Frantzian, Atom Rhumba Espainiatik, Willis Drummond gehienbat Euskal Herrian eta mundu mailan ere pixka bat... Horri gehiturik hamabost urtez metaturiko nekadura, ordura arte inoiz ez nintzelako benetan gelditu. Pandemia etorri zitzaigun eta hiru hilabetez pausatu nintzen. Baina, noski, momentu baten buruan aspertu nintzen, sorkuntzarako eta proiektuetarako tira beti hor dudalako nire barnean. Disko gogorra miatzen hasi eta jaberik gabeko abestiak atzeman nituen. Ez ziren Willis Drummondentzat, ezta Joseba Irazokirentzat ere; azkenean, pop-agoak zirelako, ez ziren haiekin egin ohi nuenaren hats berekoak. Zortzi abesti aukeratu eta isil-gordeka atera genuen lehen diskoa (Before it's vanished), 40 bat kontzertu egiteak balio izan zidan gitarrari eta kantuari ohitzeko. Niretzako musika-tresna berria da gitarra, eta kantuari dagokionez, lehen diskorako lehen grabaketa izan zen mikrofono baten aurrean abesten nuen lehen aldia. Ez nuen ezer menperatzen eta ez nintzen abesti horien biziarazteko gai sentitzen. Ez nuen kontzerturik irudikatzen ere. Baina, azkenean, etxean gitarra lantzen segituz, lehen kontzertuak irudikatu eta Joseba Irazokiri galdetu nion lehen kontzertuetarako laguntza. Horrela abiatu nintzen eta Irungo Bloody Mary-ko Juan Carlos Garcia Albercak erran zidan taldea osatzen banuen jokaraziko zidala Andoain Rock jaialdian. Lagun musikariak deitu eta horrela abiatu nuen poz-pozik abentura berria.

The Dancing King bigarren diskoa atera berri duzu. Musika esfera propioa osatu duzu, elkar osatzen duten erritmo eta geruza ugariren batuketa interesgarria plazaratuz kantu oro.
Ez dut disko bati pentsatuz sortzen abestia. Abestiak bakar-bakarrik geratu behar du zutik, osotasun batean. Unibertso bat eskaini behar du abestiak, Beatlesek egiten zuen moduan. Banaiz Beatlesen eta pop estilo horren zale handia. Beraz, unibertso txiki batzuk sortzen ditut eta ondotik nire anaiak laguntzen nau, elkarren artean osotasun koherente hori atzemateko ariketarako.

Before it's vanished diskoan americana musikan gara, folk amerikarrean; emaitza oso sinple eta garbitu batean.The Dancing King, haatik, alde pop edo ingelesagoa du, popagoa, musika elektronikoa eta sintetizadore soinuak ere badauzka. Konplexutasun gehiago daukaten abestien batuketa bat da bigarren diskoa. Bateria erritmoak ere konplexuagoak dira, jazzean edo musika progresiboan kausituriko erritmoak ditu. Ez da konplexutasuna bilatu dudala, horrela atera da.

"Bi urtez biziturikoa biltzen duen ohar-liburuxka batekin konpara dezakegu 'The Dancing King' diskoa"

Disko bakoitzak du bere unibertsoa. Azkenean, zirrara sorrarazten dizuten doinuen batuketa dugu Rüdiger.
Bai, erabat. Etxean entzuten dudanaren erakusleihoa da. Hunkitzen nauen musika asko bada, eta guztiak ezin ditut dauzkadan beste taldeetara bideratu. Kabitzen ez zirenak Rüdigerera bideratu ditut. Pentsatzen dut Rüdigeren disko bakoitzak mundu propio bat eskainiko duela eta aldiro disko oso ezberdin bat izango dudala. Seguruenik jendea galduko dut bidean eta berri batzuk irabaziko. Nihaurk plazer hartzeko proiektu bat da oroz gainetik.

Zuzenezkoetan plazer hartzen duzu?
Bai, orain bai. Eskerrak aspaldian ezagutzen dudala oholtza gaina! Zortzi urte luzez sekulako izua nuen, literalki ikaran nintzen, baina doi bat pasa zait eta eskerrak. Noski, gitarrista-abeslari izatea konplikatuagoa zait, ez naizelako bateria jole naizenean bezain ezkutua. Gainera, publikoarekilako harremana bideratu behar duzu, zeozer pasarazi behar diozu, baita taldekideei ere. Baina ari naiz, poliki-poliki. Oraindik ere mentalean naiz gehiegi, alde teknikoak leku gehiegi hartzen dit buruan, baina datozen kontzertuei esker eta etxean lantzearen bortxaz emango ditut pauso batzuk aurrera, naturalki. Lan handia da, baina aldi berean oso interesgarria zait, asko ikasten dut eta bateria jole gisa ere balioko dit.

Zu aitzinean eta bateria atzealdean, beraz.
Bateriaren gaineko kontrola uztea oraindik zaila zait eta ni egon naiz disko honen baterian. Baina erran beharra daukat Rüdigereko bateria zatiak izan direla zailtasun gehien ekarri dizkidatenak. Ohikotik ezberdina zitzaidan, abestiak eskatzen zituen erritmo batzuk antinaturalak zitzaikidan. Batzuetan beso bat bizkarraren atzean blokeatu behar izan dut ezberdina zen hori jo ahal izateko. Azkenean, ezberdinki harremandu behar izan naiz bateriarekin.

Deseraikuntzatik pasa zera hortaz.
Bai, deseraikuntza metala izan da. Sorpresa izan da eta aldi berean desafio interesgarria.

Eta hitzei dagokienez, zer nolako gogoetak kanturatzen dizkiguzu?
Nahiko letra sinpleak dira, gai berezi bat dute oinarri, poesia gutirekin. Memory abestian lehen pertsonan kontatua izan zitzaidan migratzaile baten bidaiaz ari naiz, Breathe munduaren egoeraz izan dezakegun solasaldi bat izan daiteke… Letra politikoak daude, baina ez bakarrik. Once I Was Away maitasun balada letargiko bat izan daiteke, maitaturiko izaki bat topatzen dudan LSD bidaia bat. Familiaz ere mintzo naiz, familiaren muinaz eta funtsaz, laguntasunak dakarren familia unibertsoaz... Zer da familia? Agian bi urteetan biziturikoa biltzen duen ohar-liburuxka bati konparatu dezakegu diskoa. Istorioak asmatzea zaila zait, kontu oso konkretuez ari naiz.

Ingelesez kantatzeko hautua egin duzu.
Doi bat konplexua izan zait hizkuntzarena, eta azkenean izan da hizkuntzen bazterketa bat, eta ez hautaketa. Euskarari dagokionez, ikasten nabil baina ez dut oraindik maila nahikoa. Badaukat euskarazko abesti baten gogoa eta prozesuan nago. Lagun batzuen proposamenak dauzkat, beraz etorriko da noizpait. Frantsesez ez nuen sentitzen, ez dut chanson française kulturarik, etxean New Orleans Jazz-a genuen gehiago entzungai, edota hitz batez laburbiltzeko, Beatles-ak! Ondotik ere, rock alternatibo amerikar edota ingelesa entzun izan dut. Horregatik, ingelesa atera zait. Espainola ere ez nuen sentitzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Anaia, arreba eta zu, senitarte osoa zarete musikaren munduan. Familia-istorio bat da musika zuentzat?
Gurasoek eman ziguten bai musikaren zaletasuna. Aitaren aldetik familia-ohitura bat zeukaten: sei anai-arreba ziren, bakoitzak zuen instrumentu bat (aitak zehar flauta, izeba batek biolontxeloa, beste batek biolina eta horrela) eta urte guztian errepikan ibili ondoren eguberriko kontzertua eskaintzen zuten! Agian familia-tradizio batetik datorkigu, ez dakit. Dena dela, sei urte genituela galdera ez zen “musika egin nahi duzu?”, baizik eta “zein musika-tresna nahi duzu ikasi?”. Nik bateria aukeratu nuen, anaiak gitarra eta arrebak klarinetea. Ama ere artista dut, margolaria eta txikitan eta nerabezaroan beti ikusi izan dut marraz-mahaian lanean. Azkenean, etxetik normalizatua genuen arteaz bizitzeko aukera.

Taldekideak, estudioa, diskoetxeak… Badirudi lagunez inguraturik dituzula fase guztiak.
Shorebreaker estudioa anaiak sortu zuen baina hiru urtez egon gara han Willis Drummondekin eta Hala ere azken diskoa han grabatu genuen. Pentsatzen dut musikari guztientzat horrela dela, baina nik ere konfiantza sentitu behar dut sorkuntzaren unean. Leku batek ez du gauza handirik erraten, betetzen duten jendeek dute lekua mamitzen. Ongi sentitzen naiz Shorebreakeren gabiltzanen artean, familia txiki bat osatzen dugu. Diskoetxeekin gauza bera, Usopop eta Forbidden Colours ditut. Musikaz pasionatu batzuk osaturiko diskoetxeak dira. Beti gustuko ukan dut familiaren parte sentitzea, elkarrekin aurrera egitea.

"Uste dut Rüdiger-en disko bakoitzak mundu propio bat eskainiko duela eta disko oso ezberdina izango dela aldiro"

Artista gisa, intermitente estatusa baduzu?
Nire bizi administratiboa Frantzian daukadanez bai, intermitente gisa nabil lanean. Suerte handia dut. Hego Euskal Herriko eta Espainiako lagunentzat egoera askoz konplikatuagoa da, autonomo gisa dabiltza, tasa asko dituzte, lanean ez badabiltza ez dute diru sarrerarik, erritmo gogorrean dabiltza, geldialdiak egiteko aukera gutirekin. Agian ni ere horrela nabil, baina nahi izanez gero, erritmoa arindu nezake eta intermitente estatusak diru sarrera bermatuko lidake. Estatusaren erreforma edota desagerpena aipagai dute gobernukideek; espero dezakegun ez gertatzea, segurtasun handia delako artistentzat.

Bidasoaren bi aldeetako errealitateak ezagutzen dituzula, zer luke Hegoaldeak Iparraldeko musika eszenatik hartzekoa eta vice-versa?
Ez zait galdera erraza, ez dudalako inoiz gehiegi sentitu bi aldeen arteko alderik. Orokorrean, osasuntsu ikusten dut Euskal Herriko eszena musikala, talde asko daude! Hori bai, errepikak egiteko lekuak eskas daude. Norbaitek zeozer politikoa egin nahi badu musikaren alde, arlo hori sustatu dezala. Ongietorria legoke. Ikusten dudana da Ipar Euskal Herrian jende gutiago dagoela, beraz logikoa iduritzen zait talde gutiago egotea –nahiz eta badauden asko–. Hego Euskal Herrian jende gehiago bizi da, hiri handiak badira eta horrek dakar kontzertu gune eta talde gehiago egotea.

Uste dut Ipar Euskal Herriak galdu duela gaztetxeen dinamika eta hori oso penagarria zait, azkenean taldeentzako oholtzak direlako gaztetxeak. Willis Drummondekin gaztetxeetan hasi ginen eta asko ekarri ziguten musikalki baita sozialki ere: gune autogestionatuak ezagutzea, bertako jende interesgarria… Baina 40 urteetatik hurbil dagoen baten erantzuna duzu hor eta aitortu beharra dizut doi bat zahar sentitzen naizela. Agian hobe duzu hogei urteko bati galdetzea... Azken aldi hauetako elkarrizketetan beti egoten da une bat non zehazten dudan zaharra naizela! [barrea]. Horrela da eta nahi edo ez, horrela doa! 

LABURREAN

Euskal Herriko kontzertu gela bat: Matadeixe Azkoitian.

Willis Drummonden kantu bat: Ur gainean

Euskal Herriko disko bat: Ke Lepo taldearen Izpi

Mundu mailako disko bat: Water From Your Eyes taldearen Everyone´s Crushed

Amets musikal bat: Victoria Eugenian jotzea Rüdigerekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Puccini: gogokoen artean gogokoena

Maiatzaren erdialdean OLBEk bere opera ederrenetako bat, La Bohème, eskainiko digula aprobetxatuta, eta aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela kontuan izanda, Giacomo Pucciniren azalpen biografiko/artistiko bat ezinbestekoa dela uste dut.
Jakina, opera maite... [+]


2024-04-26 | ARGIA
Iparragirreren musika entzungo da Kantabriako auditorio nagusian

Larunbat honetan Jose Mari Iparragirre urretxuarraren musika entzungo da Santanderren, Kantabrian, bi urretxuarren eskutik: Gorka Hermosa konpositorea eta Juan Luis Escudero aktorea.


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


Eguneraketa berriak daude