"Zer identitate da norberaren hizkuntzarik gabeko hori?"

  • Carlos Santiago Moreta kitxua hiztuna da gaur egun. Ekuadorreko Otavalo herrian jaio zen, Imbabura probintzian. Gaztetxo zela sartu zuen muturra Imbaburako Kitxua Gazteen Elkartean. Han jabetu zen hizkuntzaren garrantziaz. Indigena bai, baina ez zuen etxeko hizkuntza hitz egiten. 12 urterekin hasi zen hizketan, eta gaur egun, hizkuntza biziberritzeko lanean ari da buru-belarri.

“Mestizoak ikusi nituen, indigena hura gaizki tratatzen: ‘Kitxua hizkuntzak hemen ez dizu balio, hitz egin kristianoz!’, eta horrek zausk egin zidan”. Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
“Mestizoak ikusi nituen, indigena hura gaizki tratatzen: ‘Kitxua hizkuntzak hemen ez dizu balio, hitz egin kristianoz!’, eta horrek zausk egin zidan”. Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Iragan urriaren 2tik azaroaren 9ra Garabide Elkartearen Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Formazio Programa gauzatu zuten hamabi hizkuntza gutxiagotutako hamasei ordezkarik Aretxabaletan (Gipuzkoa). Erdialdeko eta Hego Amerikakoak gutiz gehienak, bazen Afrikatik etorritakorik ere. Egonaldiaren amaieran, kitxuaren berri eman zigun Ekuadorretik heldutako partaideak.

Carlos Santiago Moreta…
... hurrengoa Cachiguango, izen kitxua natiboa, alegia. Ekuadorren ez dago deitura kitxua askorik, baina batzuk bai, hala ere. Imbabura probintzian jaio nintzen, Otavalo udalerrian; horrek ere, lehenago, Sarance zuen izena, baina Otavalo da konkistaz gero. San Juan de Ilumanen bizi naiz, Otavalotik bertara. 1986an jaioa, Gizarte Komunikazio gaietan trebatzen ari naiz, 15 urtez gero izan baitut irratigintza eta komunikazioa lantzeko zaletasuna. Aitagandik datorkit joera, irrati zale amorratua baitzen.

Zer bide egin duzu kitxuari dagokionean?
Gazterik batu nintzen AJQIra, zeina baita Imbaburako Kitxua Gazteen Elkartea, alegia. Elkarteak hainbat proiektu zituen, eta ditu, Otavaloko kitxua herriaren kultur identitatea sustatzeko edota berreskuratzeko. Niri dagokidanez, elkartean sartu orduko, hizkuntzaren auziak harrapatu ninduen. Indigena naiz sortzez, baina ez nuen kitxua hitz egiten. Gurasoek hitz egiten zuten, baina hein batean besterik ez. Hizkuntzaren erabilera “estrategikoa” egiten zuten; zerbait pribatua zenean-eta, jotzen zuten kitxuara. Nik uste konkistaren menderakuntzaren ondorio zela, kontsigna zaharren ondorena: “Kitxua hitz egitea bekatu da... Kitxua hitz egiteak isuna dakar, kartzela-zigorra…”. Halakoak beti.

"Uste dut kitxua transmititzen asmatuko dugula, hemen izan eta gero, modu efikazagoan jardungo dugula lanean"



Baina, zuk giro hori ezagutu duzu? Oraindik oraingoa da?
Giro hori ezagutu nik, hein batean baizik ez. Haatik, gogoan dut behin, eskolaren bat jasotzera hirira [Otavalo] joan, eta, hiriaren erdialdera sartuta, espainiera hitz egiten zuten mestizo batzuk ikusi nituela indigena bat bortxaz tratatzen, kitxuaz hitz egiten ari zelako, hain zuzen. Tokia arretagune bat zen, eta, oroz gain, adinekoek jotzen zuten hara, argindar zerbitzua eteteko eskatzera, adibidez. Kontua da mestizo haiek gaizki tratatzen ari zirela indigena hura: “Kitxua hizkuntzak hemen ez dizu balio, hitz egin kristianoz!”. Niretzat bortxa hura gauza berria zen, eta zausk egin zidan. Etxera itzuli, aitaita-amamei ikusitakoa kontatu, tulpa-ren [beheko sua] inguruan jarrita geundela beren bizipenez galdetu, eta beren larruan ezagututakoa kontatu zidaten. Gaztetan etxaldean lan eginak ziren, eta errealitate garratza bizia zuten. Orduan ere, maiordomoak, edo patroiak, ez zituen ongi tratatu.

Indigena zarela, baina ez zenuela kitxuaz hitz egiten azpimarratu duzu gorago...
Halaxe da. 12 urte nituela-edo hasi nintzen ikasten, Kitxua Gazteen Elkarteari esker. Hori baino lehen, amarekin nola-hala hitz egiten nuen kitxuaz. Aitarekin, beti gaztelaniaz, baina egiaz hura ez zen gaztelania ere, chapushca bat baizik, nahaste-borraste bat. Gazteen Elkartera sartu nintzenean, ohartu nintzen kultur identitateari dagokionean sakontzea zela helburua. Eta, jakina, identitate horren barruan dira hizkuntza, janzkera, ohiturak, dantza, musika… Xede horren eragile nagusi, eta kitxuaren lehen irakaslea Gonzalo Díaz izan zen.  Bisio horixe izan zuen: irratsaio guztiak kitxuaz egitea. Hizkuntza ikasteari dagokionez, asteburuan pare bat eskola izaten genituen. Indigena nintzen, baina ordu arte irakasleak kontsideratzen zuen ez bezala kontsideratzen nuen nik kitxua.

Eta nola kontsideratzen zenuen zuk kitxua?
Esate baterako, elkartean hainbat kitxua hiztun ziren, baina hitz egiteko lotsatan bizi ziren, kalean hitz egiteko errezelotan. Zaila zitzaien irratsaio batean kitxuaz hitz egitea. Gogoan dut orduantxe erabaki eta esan nuela: “Irratsaio bat nahi dut, kitxuaz hitz egiteko”. Eta ez nintzen ongi hitz egiteko gai, baina, hala eta ere, hasi nintzen. Eta poliki-poliki, kitxuaz mintzatzen trebatu nintzen, eta inoren lotsak eta errezeloak gainditu, eta egin nuen irratsaioa. Erroetara itzuli nintzen, inportantea iruditu zitzaidan: indigena nintzen, bertako janzkera ibiltzen nuen, baina ez nuen kitxuaz hitz egiten. Orduan, zer identitate da norberaren hizkuntzarik gabeko hori?

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA



Zertan da kitxuaren ezagutza Ekuadorren?
Ezagutzarik handiena iparraldeko Andeetako lau indigena-herrietako jendearen artean da, hau da, Imbabura probintzietan diren Otavalo, Karanki, Natabuela, eta Kayambi herrietan, Kolonbiako mugan. Hitz egin ere, hantxe hitz egiten dute kitxua gehiena. Andeetan, baina hegoaldera, badira kitxuaz mintzo diren herri gehiago ere. Imbaburari dagokionez, nik esango nuke %60 kitxua hiztunak direla, baina esan dizut, bateko lotsa, besteko beldur eta errezelo, askoz gutxiagok hitz egiten dute. Ni neu ere, adibidez, adinekoekin kitxuaz mintzo naiz nire herrian, San Juan de Ilumanen. Hirira orduko, ordea, eta nahiz eta ez dudan gaztelaniaz guztiz zuzen hitz egiten, espainolez hitz egiten dut.

Zer lege-aitortza du zuen hizkuntzak?
Aitortzarik ez du. 2007ko Konstituzioan, Ekuador estatu nazioaniztuna eta kulturaniztuna zela erabaki zuten, eta gure hizkuntzari ofizialtasun estatusa onartu zioten. Sozialismoa Venezuela, Bolivia eta gainerako herrietara zabaldu zen garaia duzu. Kitxuaren onarpen hori ez zen besterik gabe etorri, ezpada gure zenbait erakunde politiko –Conaie, Ecuarunari, Fici…–, helburu hori lortzen saiatu zirelako. Erakunde politiko horien ardura da Ekuadorreko Gobernuak herri eta nazionalitateen aldeko politikak eratzea. Orduko hartan, gobernuak kitxua hizkuntza ofizialtzat hartzea lortu zuten, eta harrezkero hortxe da hizkuntzaren ofizialtasuna Konstituzioan, eta bateko agiri eta besteko dokumentutan: paperean. Baina paperean besterik ez, horrek ez baitu errealitatean ondoriorik izan, islarik ez. Zorigaitzez, agindutakorik ez da gauzatu: hitza da dena, egintzarik ez.

Zertan da kitxuaren belaunez belauneko transmisioa?
Gure alderdian, transmisioa %30-40an besterik ez da gauzatzen. Nire lehengusu-lehengusina askok –hogei laguneko pertsona multzoaz ari naiz–, ez dute kitxuaz hitz egiten, edo erdizka hitz egiten dute, errezelotan, lotsatan... zuzen hitz egingo ote duten, inork burla egingo ote dien. Gazteen artean asko zabaldua da konplexu hori. Gaitz erdi, baditugu kitxuaz kantatzen duten musika taldeak, tendentzia dira gaur egun, eta beren kantuen bidez kitxuaz ziurtasunik gabe hitz egiten duten gazte horietara heltzen dira. Hori baliatzeko asmoa dugu.

Kitxuak badu sarbiderik hezkuntzan?
Orain dela zenbait urte, Ekuadorreko Gobernuaren barruan bagenuen halako ministerio bat, Hezkuntza Kulturanitz Elebidunarena. Instantzia horretatik probintzia-zuzendaritza bat eratortzen zen, ikastetxeetan irakaskintza kitxuaz egin zedin bultzatzen zuena. Ministeriotik agintzen zen  kitxua-irakasleak ere izango zirela. Oraingo gobernua, ordea, aurreko ministerio haren asmo onak saihesten saiatu da. Laguntzeko itxurak egin, bai, baina, zinetan eta minetan ezer egin, ez. Edo alde batetik egin, eta bestetik desegin. Kontraesanean jardun, alegia. Zorigaitzez, ministerio hura desegin egin zuten, kitxua irakasteko asmo hura hezkuntza sistemaren barruan urtu zen. Handik hona, haurrei kitxua irakasteko programarik ez da. Indigenen komunitateetan badira eskolatxo batzuk, baina gaztelaniatik kitxuara zenbait hitz itzultzeko besterik ez. Kitxuazko irakaskintzarik ez da.

"Poliki-poliki, kitxuaz mintzatzen trebatu nintzen, eta inoren lotsak eta errezeloak gainditu, eta egin nuen irratsaioa"


Eta hedabideetan? Bada kitxuazko prentsa, edota irrati-telebistarik?
Kitxua Gazteen Elkarteak irrati emisore bat du, kitxuaz guztiz, eta hainbat kultur irratsaio. Horrekin batera, baita aldizkari bat ere. Iraganean bizi izan dugun hizkuntz egoera kontatzen dugu, eta, horrekin batera, oraingoa: kitxuaz kantatzen duten musika taldeen berri ematen dugu, adibidez, haien musika ipintzen dugu, kitxuaz hitz egiten duten haurrak entzunarazten ditugu… Hogei urte daramatzagu irratiko lanean, eta ez da erraza izan. Bestalde, beti pentsatu izan dugu hedabide alternatiboa garela, komunitatearekin, kabildoekin eta haurrekin bat eginak, gorago aipatu dudan Gazteen Elkarte horrek ere halaxe agintzen baitu bere klausuletan. Eta, horrela, alternatibotzat identifikatu izan dugu beti geure burua. Eta, gutaz landa, ez dago kitxuaz ari den beste irratirik, gure funtzio bera egiten duenik. Guk, hala ere, gure hizkuntza eta kultura proiektua urrutiago eraman nahi dugu, eta gure hedabide horretatik bestelako hedabideetara heldu, izan hedabide pribatuak edota komertzialak.

Eta lortu duzue urrutiago eramaten?
Saiatu gara, baina hedabide horiei bost axola kitxua, dirua beste helbururik ez dute. Gure probintzia berean, esaterako, bada beste irrati bat, eta gure programazio-parrilla bertsua du, baina, zorigaitzez, haiekin bildu izan garenetan, kitxua sustatzeko hitzarmenak egiteko, adibidez, betikoa: “Eta kitxua sustatzearen truke, diru-ordainik emango diguzue?”… Telebistari dagokionez, zorigaitzez, kitxuaz ez dugu. Iparreko Unibertsitate Teknikoak badu telebista kanal bat, gobernuarena, eta eskualde mailakoa. Unibertsitatekoa denez, ordea, haien edukiak ere halakoxeak dira, akademikoak, oroz gain. Zorigaitzez, ez da kitxuazko telebistarik jendearentzat.

Eta informazio eta komunikazio teknologietan, tokirik egin du kitxuak?
Digitalitatea dela-eta, oraingo egunean nornahi ari da edukiak sortzen, eta hortxe ikusten ditugu batzuk: “Eta nola esaten da bat kitxuaz?... Shuk. Eta nola esaten da bi? Ishkay… Segitu gaitzazue gure sare sozialetan!”. Eta kito. Hori ere tendentzia da, nornahik egiten du. Horretan gaituzue, eta hona etorri, zuen herrialdea ikusi, hedabideak ikusi, eta zausk egin dit ikusitakoak: zuen irrati-telebisten egitura, hizkuntza biziberritzeko indarra, euskarari eusteko borondatea… Oraintxe hartu, eta eramango nuke hemengo eredua gure herrira, hantxe aplikatu. Ez da egun batetik bestera lortuko, baina bideratzen hasi nahi nuke, behintzat.

Zer ikusi duzu gure artean egin duzun egonaldian?
Euskal Herrian, dena artikulatuta dagoela, eragileak badirela, eta bakoitzak bere espazioa duela. Gure herrialdearekin konparatzerik ez dago. Guk hizkuntza proiektu bat aurkeztu eta garatu nahi izanez gero, eta gobernuari laguntza eskatu, ez dakit ezer lortuko ote genukeen. Hitzak bai, “eleaniztasuna”, “kulturaniztasuna”… baina errealitatean, hutsaren hurrena. Hala ere, jakingarri bat: iragan urriaren 12an, Aretxabaletan geundela, albiste bat jaso genuen Ekuadorretik, esanez Imbaburako prefeturak ohar bat argitaratu zuela, esanez kitxua hizkuntza ofizialtzat hartua zela delako prefeturan. Arreta eman zidan: historian lehenengo aldiz, gisako erabakia hartu zuten nire probintzian. Bistan da, AJQI eta gainerako elkarte eragileen lanari zor zaiola gure hizkuntzaren onarpen ofizial hori.

Lan munduan, negozioetan, kiroletan...
Kitxuarik ez, zorigaitzez.

Lehen aldia duzu Garabiden, baina zure komunitateko kide bat baino gehiago ezagutu dugu Aditu formazio programan…
Zinetan diotsut, bata da inork hemengoa kontatzea, eta bestea, zeharo diferentea, zeure begiz ikustea. Motibagarri da, guztiz. Asko ikasi dut, egiten dugunari nola zentzua eman, prozesua nola bideratu, nola garatu, nola artikulatu gauza guztiak, kitxua biziberritzeko eta sustatzeko bideak zein izan litezkeen ohartzeko… zeren eta, bai, kitxuaz hitz egiten dugu –pentsatu gabe, kasik–, baina hizkuntza nola ondorengotu, nola transmititu, nola bermatu erabilera… besterik da. Hemen egon, eta bestelako zentzua hartu du egiten dugun lanak, eta uste dut kitxua transmititzen asmatuko dugula, hemen izan eta gero, modu efikazagoan jardungo dugula lanean.

Zirkua, eta manifestazioa

“Esperientzia berezi bat izan dut hemen egon garen bitartean. Garabidek zirkura eraman gintuen: Euskal Zirkua. Euskaraz! Hunkigarria izan zen! Hitzak ez ulertuta ere, ongi sentitu nintzen: etxean. Emozio bat izan zen, esplikaezina. Eta kale izenak euskaraz ikustea, edo euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilboko manifestazioaren irudiak… Ez nintzen han izan, baina irudiak ikusi nituen, eta nire Whatsappean jarri nituen, nire lagun Ekuadorrekoek ikusteko, galdera eginez: ‘Noiz elkartuko ote gara denok, gure anai-arreba euskaldunak bezala, gure hizkuntzaren alde, kitxuaren aldeko manifestazioan?’. Eta hainbat mezu jaso nituen, harriturik nire lagunak: ‘Eta hizkuntzaren defentsan irten dira horiek denak? Hainbeste jende?’… Sei aste izan dira Euskal Herrian, baina zenbat ikusi dudan, eta zenbat ikasi! Ekuadorrera itzuli, eta egingo dudan lehen gauza izango da kitxuaz ari diren musika taldeekin biltzea –goraldian baitaude–, eta gazteetara hurbildu, eta eduki berriak asmatu… Hamaika gauza bururatzen zaizkit, baina, azkenean, dena gauza bat besterik ez da: dena kitxuaz egitea, kitxuaz kontsumitzea, kitxua estimatzea…”.


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kitxua
2022-05-16 | Sustatu
Google Translate: 24 hizkuntza gehiago, eredu berri batekin

Google Translatek 24 hizkuntza gehitu dizkio bere itzulpen sistema automatikoari. Kolonialismoak zanpatu baina hil ez zituen Afrika eta Amerikako hizkuntza batzuk daude tartean, hala nola guarani, aimara, bambara edo ewe hizkuntza Ghanakoa.


2021-07-06 | ARGIA
STREAMING | Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoez nazioarteko jardunaldiak

Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]


2019-10-28 | ARGIA
Lehen doktoretza-tesia kitxuaz

Peruko Literaturan aditua da Roxana Quispe Collantes. Bere jatorrizko hizkuntza lehen lerrora ekarri nahi zuen eta historian lehenengo aldiz idatzi den doktoretza-tesiaren egilea da.


Joana Elisabet Muñoz Castillo. Etxeko langilea
"Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino"

Haur Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza ikasi zituen. Ordea, euskararik gabe ezingo zuela hezitzaile izan esaten zioten. Hizkuntza ikastera behartzeak ez zion graziarik egin. Halako batean, Amin Maaloufen Identidades asesinas liburua irakurri zuen. Hizkuntza gutxituak ditu gaitzat,... [+]


Eguneraketa berriak daude