Dewayne Johnsonen minbiziak balioko ote du Roundupa debekatzeko?

  • Monsantok 289 milioi dolar ordaindu beharko dizkio San Frantziskoko udal langile bati Roundup herbizidak eragin duelako gizona hil-hurren daukan minbizia. Hala ebatzi du abuztuaren 11n Kaliforniako epaitegi batek. Epai historikoak berriro atera du eztabaida publikora munduan gehien kontsumitutako herbizida kimiko aspalditik susmagarria. Balioko du nekazaritza industrialaren oinarrietako bat dena debekatzeko? Ala nekazari profesional eta amateurrek jarraituko dute itsu erabiltzen?

NBC katearen irudietan, Dewayne Johnson ondoan duela munduko laborari eta baratzezain orok ezaguna duen ‘Roundup’ pote bat. 46 urteko Johnsonek, bi gaztetxoren aita, Ez-Hodgkin linfoma oso aurreratua dauka. Hiru urtez erabili zuen pozoia eskola publiko ba
NBC katearen irudietan, Dewayne Johnson ondoan duela munduko laborari eta baratzezain orok ezaguna duen ‘Roundup’ pote bat. 46 urteko Johnsonek, bi gaztetxoren aita, Ez-Hodgkin linfoma oso aurreratua dauka. Hiru urtez erabili zuen pozoia eskola publiko bateko berdeguneetan udal langile lanetan. Hartu behar duen kimioterapia ordaindu ahal izateko bere emazteak bi lan egin beharra dauzka. Kaliforniako epaitegiak Monsanto deklaraturik minbiziaren eragile, konpainiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela.

Erabaki historikoa da Kaliforniako herritarrez osatutako epaimahaiak hartu duena, lehen aldiz AEBetako epai batek lotu baitu baratze eta soroetako belar txarrak hiltzeko erabiltzen den glifosatoa –komertzialki gehien bat Roundup izenez ezaguna– minbiziarekin. Epaimahaiak frogatutzat jo du 46 urterekin hilabete gutxiko bizia iragarri dioten Dewayne Johnsonen Ez-Hodgkin Linfoma Roundup-ak eragin ziola, San Frantziskoko udalarentzako lorezaintzako lanetan erabiltzearen poderioz.

Epaiak ondorio garrantzitsuak ekar ditzake Europan ere, Europar Batasuneko legeen arabera ezin da-eta komertzializatu eragin kantzerigenoak dauzkan produktu fitosanitariorik. Ala, oso bestela, haizeak eramango duela 2018ko abuztuko beste opor-albiste zalapartatsuekin batera?

Gertatuaren mamiaz France Culture irratiak bi aditu elkarrizketatu ditu, Stéphane Foucart Le Monde-ko kazetaria Monsantoren informazio ezkutuak plazaratuz saritua izan dena eta Emilie Gaillard Normandiako unibertsitateko irakaslea Hagan Monsantori 2016an egin zitzaion herri epaiketako kidea. Haien analisiak laburbildu ditugu.

Kaliforniako epaileen abuztuko sententziak duela bi urteko gertakizun batean du oinarria. 2015ean IARC Kantzerraren Ikerketarako Nazioarteko Zentroak –Munduko Osasun Erakundearen adarra denak– “probabletzat” ezarri zuen glifosatoak eragin ditzakeela minbiziak gizakiengan. Geroztik 4.000 familiak dauzkate AEBetan kereilak aurkeztuak Monsantoren kontra Ez-Hodgkin linfomak nozitzen dituzten senideen erantzuletzat joz.

Krisiari aurre egiteko, Monsantok eta oro har industria agro-kimiko osoak lobby kanpaina bortitza egin du bi urteotan IARCren txostena indargabetzeko. Eta lortu dute bai Europar Batasuneko eta bai AEBetako elikadura segurtasunerako arduradunek auzitan jartzea IARCren 2015eko txostena.

“Horrek erakusten du –dio Foucartek– zein dibortzio larria dagoen alde batetik zientzia akademikoaren eta bestetik zientzia erregulatzailearen artean. Lehenak [IARCek bildu duen aditu taldeak] gaia ikertzen du zientzialarien modu klasikoan, hipotesiak aztertu eta alderatuz. Baina Europa eta AEBetako agintari araugileek kontutan hartzen duten zientzia da industrialek berek baimenak eskatzeko sortzen dutena, zientzia kontrolatua”.

Akademiko ospetsuen izenez mozorrotutako zientzia kontrolatuaren funtzionatzeko era hobeto ezagutzeko aukera eman zuten 2017an AEBetako epaileen aginduz desklasifikatutako barne paperek. Haietan ageri zen Monsanto multinazionaleko ikertzaileek berek ere kezkak badituztela aspalditik beren produktuez, baina ikerlari arduradunek diotenez ez dela komeni muturrik sartzea produktuon merkaturatzea arriskuan jar dezakeen bideetatik.

Monsantok bere produktuen alde egiten duen lobbygintzak oroitarazten du duela 40 urte tabakoaren industriak egiten zuena, baina handiagoan. Epaileen aginduz 2017an Monsantori aurkitutako barne agirietan demostratu da Roundup-a zuritzeko ikerlanak enpresak berak espreski sortu eta gero –ondo pagatuta– sinatzera ematen zizkiela zientzialari ezagunei hauek beren izenpean aldizkari zientifikoetan publikatu zitzaten. Txosten horietako batzuk dira urte luzez glifosatoaren arrisku gabetasuna justifikatu duten nagusietakoak.

Nekazaritza gehiena pozoiaren 'yonki'

Eztabaida zientifikoaren ikuspegitik, 2017an eskuratutako Monsantoren agiri ezkutuek asko argitu zuten gaia: enpresak berak tranpatan zabaldutako dokumentazio guztia auzitan jarriz gero, glifosatoa arriskutsua dela dioen zientzia askoz gardenago ageri da. Eta abuztu honetan San Frantziskoko zinpekoek sententzia bidez jurisprudentzia ezarri dute IARC-ek esandakoarekin.

Luze joko du, ordea, epaia betiko finkatzea. Monsantok –berrikitan Bayer multinazional alemanak erosia– armada bat abokatu dauka eta apelazioa egingo du. Transgeniko, etxalde erraldoien eta mekanizazioaren gainean antolatutako agro-industriaren eskeman Roundup-a gakoa baita.

Kaliforniako epaiak aktualitatera ekarri du 2016an Hagan burutu zen Monsanto Auzitegia-ren lana. Holandako hiriburuan Roundup-aren arrisku eta kalteak aztertzean, ekozidio delituaz egindako lanketa garrantzitsuaz gain, epaimahaiak agerian utzi zuen munduko agintariek aurre egin behar diotela fenomeno berri bati: produktu baten arriskuek etorkizuneko jendeen bizitzak baldintzatzeari.  

Monsanto Epaitegia-n parte hartu zuen Emilie Gaillardek dioenez, glifosatoarekin eta oro har beste hainbat pestizidarekin ari da gertatzen urte luzez amiantoarekin gertatu denaren oso antzekoa: amiantoaren industriak hamarkada luzez egin zuen moduan kalteak aspalditik egon arren demostratuak industriak eten gabe argudiatzen duela batetik arrisku horiek aski frogatuta ez daudela eta, beste, alternatiba hoberik ez dela horretarako nekazarien bidez presio eginez.

Kontua da Europako legediak aitortzen duela prekauzio printzipioa, hau da, produktu batek gizakientzako edo ingurumenarentzako eduki dezakeen arriskuaz susmo sendorik egonez gero agintariek prekauzio printzipioaren arabera jokatu behar dutela, behar izanez gero merkaturatzea debekatuz. Alde horretatik, Hagako Monsanto Auzitegia-k multinazionalaren salaketa erretorikotik urrats bat aurreratuta argudio juridikoak osoki landuta utzi zizkien prest agintariei hauek erabaki politikoak hartzeko.

Hala ere, Kaliforniako epaiak aldatuko ditu gauzak? Zein abiaduratan? Glifosatoa da munduan gehien saldu eta erabilitako produktu fitosanitarioa. Urtean 800.000 tona erabiltzen dira munduan. Nekazari gehienak, behintzat ekonomikoki garrantzia dutenak, ohitu egin dira beren soro eta baratzeetako belarrak Roundup-ez kontrolatzera, ezingo lukete funtzionatu hura gabe.

Baina glifosatoak laborariez gain baditu yonki askoz gehiago. Administrazio publikoek trenbide eta errepide bazter, kale, parke eta abarren mantenuan banalizatu dute Roundup-a. Baratzezain amateurrak dira beste pozoizale amorratuak, herbizidak bezala klase guztiko xomorro akabatzaileak kontrolik gabe barreiatzen dituztenak. Hainbeste zalaparta eta gero, harrigarria badirudi ere, kilo erdiko Roundup potea libreki saltzen da Euskal Herriko komertzioetan: pozoi arriskutsuak manejatzeko administrazioak ematen duen karneta ez da behar kiloa baino gutxiagoko kopuruetan. Bitxia: bai eskatuko dizute nekazaritza ekologikoan onartuta dagoen salda bordelesa erosteko!

(ADEGA talde ekologista galiziarrak zabaldutako bideo honek erakusten du ADIF trenbide sare publiko espainiarraren konboi bat Galizian trenbide bazterrak glifosatoz igurzten, administrazioko beste zerbitzu askok egiten duten moduan)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Glifosatoa
Lobbygintza toxiko bat dago glifosatoa baimentzeko Europaren erabakiaren gibelean

Glifosato herbizida erabiltzeko baimena beste hamar urterentzat luzatu zuen azaroaren 16an Europako Batzordeak. Erabaki inkoherentea, ikusirik produktuaren toxikotasuna frogatzen duten ehunka ikerketa zientifiko daudela publikaturik. Inkoherentea ere, jakinik AEBetako 113.000... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


2023-10-04 | Euskal Irratiak
Glifosatoaren baimentzea
"Laborariengan minbizi gehiago atzematen ohi dira, produktu kimikoen erabileraren ondorioz"

Glifosatoa baliatzeko hamar urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien erabiltzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da.


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eguneraketa berriak daude