Argentinaren aienea

  • Nola jakin zenuen Argentinan hauteskundeak zirela? Javier Milei ero baten bideo biralizatuari esker izan zen? Noiz utzi genion Hego Amerikako politikari begiratzeari? Noiz erabaki genuen geure lekua Europa zela? Argentina krisiengatik iristen zaigu, edo politikari ero bat presidentetzara iristeko zorian dagoelako... Argentinak, baina, botereari oso arriskutsu zaizkion ikasgai asko ditu guretzat, Argentina 2001eko krisitik modu batera, eta ez beste batera atera zelako, adibidez, herriak hala nahita, antolatuta. Nori begira gaude gu? Nor izan nahi dugu?

Zeresan handia eman du Javier Mileik. Argazkia: Vox / Wikimedia Commons

Ez da ezer saltzeko modu onena, baina testu hau triste hasiko dugu, eta berdin bukatu. Ezkerrak ez du lekurik izango Argentinako hauteskundeetako bigarren itzulian, eta hori ez da aldatuko azaroaren 19ko ballotagea irabazten duenak irabazita ere. Hauteskunde sistemak ez die alderdi txikiei aukera handirik ematen, horren froga presidentetza hartzeko aukera zuten hiru indarrak koalizioak izatea: koalizio horien baitatik joera bateko edo besteko hautagaiak atera izan dira, eta, oraingoan, bi oso eskuindar eta, peronismotik, ez-ezkertiar bat aurkeztu dira. Juan Graboisek, koalizio peronistan militatzen duen humanista ezkertiarrak, erregutu zuen telebistaz emateko botoa hautagai peronistari, nahi bezain ezkertiarra ez bada ere: "Si no es el amor, que sea el espanto". Nahi gabe (agian horrela aipatzen dute argentinarrek) Borgesek bere hiri Buenos Airesi idatzitako poema parafraseatzen ari zen, “ez gaitu maitasunak batzen, espantuak baizik, horregatik maite dut hainbeste”. Espantuak gauza asko esplikatzen ditu oraingoan.

Testuinguru hurbilekoena. Lehen itzulian “lasaitua” izan zen hitza demokraziaren edozein kontserbazionistaren ahotan; izan ere, Milei neoliberal eroa presidentetzatik apur bat nola urruntzen zen ikusi ahal izan zuten, peronismoak aurkeztutako hautagai liberala, Massa, aurretik zuela: espantuak irabazi zuen. Milei beharrezko zutenen beste garaipen bat da, agian, plastilinazko Massa bera (ez dakit Fouchéri aipamen bat egitea gehiegizkoa den, Massari duena baino kolore gehiago ez liokeen emango).

Testuingurua apurtxo bat zabaltzen badugu, eta PASOaren (primario irekiak) oso aurretik hasitako hauteskunde kanpainari erreparatzen badiogu, nahiko nabarmena dirudi, egoera nola tenkatu  duten ikusita (Cristina Fernández presidenteordeak zorionez huts egin zuen pistola bat eduki zuen burutik zentimetro gutxira), eskuinak asko zuela jokatzeko. Bistakoa dirudi alde batera edo bestera erabakiak hartu beharko direla, jakina da herritarrek, hor azpiko masa hori, daudena baino kolpatuago amaituko dutela, eta neurtu behar da hori matxinada noiz eta nola bihur daitekeen, 2001ean nola, aurkitu behar da, dirudienez, oihu hori txikizio ez bilakatzeko erdibide bat: biziraupenerako gutxieneko itxaropena izan, edo itxaropena guztiz erauzi. Dirudienez, lehen aukerak irabaziko du: ez dute azpikoen aldeko politika argirik egingo, baina elikadura eta giza itxura bermatuko dizkiete. 2001ean erdibide horiek ez zuten balio izan, eta egoerak gero eta antz handiagoa dauka.

Testuingurua beste pittin bat hedatuta, aurten Argentinako demokraziak 40 urte bete ditu. Kirchnerismoak 20. Eta bi-biek eman dute zeresana kanpaina honetan, eta  izan dira zenbait joera eta sinboloren oinarri. Eta, batez ere, biek dirudite arriskuan oraingo honetan.

Testuingurua, finean, Argentina da. Argentina munduan. Argentina FMIarekin zorpetuta. Argentina, nazioarteko geopolitikan txertatuta. Argentina hiru zifrako inflazioarekin, dolarraren mende, Brasileko politikari hark (Samuel Pinheiro) esan zuena bermatzen: “Hego Amerikako herrialde nagusia Ameriketako Estatu Batuak dira”. Argentina, berez, beste guztiak bezala, burujabetzarako bideen eta mendekotasun errepideen prezioak alderatzen. Bertako tertuliakide askoren ahotan ere entzuten da: “Ezin ezer aurresan Argentinan, Argentina aurresanezina da, Argentinan edozer gerta daiteke”. Tira, ba, berez, ez dirudi.

Mileik ardatza mugitu du. Milei jar ez dadin peronismoak Massa onartu du. Eskuina egotea komeni zaienei orain Mileik beldurra ematen die

Zein izan dira presidentetzara iristeko aukera izan duten, eta Argentinako politikaren konpasa markatu duten koalizioak? Ondorengo hiru hauek.

Unión por la Patria
Zeina den 2019ko Frente de Todos koalizioaren jarraipena, zeina zen 2003an sortutako Frente para la Victoria kirchneristaren jarraipena. Sergio Massa liberala izan da presidentetzarako hautagaia, peronismoaren aukera ezkertiarrak baztertuta, Cristina Fernández de Kirchnerren gertukoagoak, hala nola Kiciloff, Ekonomia ministro ohia; Wado. Kantu lehiaketetan herritarren botoen gainetik epaimahai kualifikatu batek erabakitzen duen bakoitzean bezala da. Ez duzu ulertzen zergatik irabazi behar lukeen tipo horrek, baina irabazi egiten du. Zerbait dakite zuk ez dakizuna. Eta peronismoak zerbait baldin badaki, eta zuk ez, jendeak zer nahi duen da. Eta jendea, batzuetan, enpresariak dira.

Sergio Massa oso gazte hasi zen militatzen, eta onartu behar zaio originaltasuna. Normalean, jendea ezkertiarragoa da gaztetan, eta heldu ahala, heldutasun ideologikoan ere sartzen gara, alegia, hil egiten zaigu sormen politikoa, eta kontserbadore egiten gara. Massari ez, Massa oso gazte alderdi liberal batean hasi baitzen militatzen. Eta liberala izaten jarraitu du, behar zenaz jantzita (horregatik etorri zait gogora Fouché hura). Massari denek deitu diote (Macri eskuindarrak, Kirchner ezkertiarragoak), psikopatiarako erraztasuna duen teknokrata trebe xamar bat behar izan duten bakoitzean. Eta berak ez die ezetzik esan. Eta orain ere horretarako kontratatu dutela dirudi.

Hautagai izendatu arteko bidea gorabeheratsua izan da; gobernu peronistak ez du asmatu bere masari erantzuten, eta agintaldi amaierara dezenteko kaosaz iritsi dira. Kaos horretatik ezkerretik ateratzeko aukerak ito ziren kirchnerismoaren hautagai behar zuenak, Wadok, bere burua erretiratu zuenean (pentsatzekoa da telefono deiren bat jaso ondoren), Massa, aurkezteko faborea egitekotan, lehiakiderik gabe izango baitzen. Grabois, kartoneroen eta ekonomia herrikoiaren errebelde humanista, apuntatu zen orduan primarioetara, Massari zegozkion epitetoak jartzeko, peronismoaren ezkerrari kopurua zehazteko, kopuru horrekin, orain, presio egiteko.

Argentinarrak argentinar izateagatik omen dituzten berezitasun horietakotzat jo da lehen itzuliko Massaren garaipena: “Nola da posible hainbesteko inflazioa duen Ekonomia ministroak presidentetzarako hauteskundeak irabaztea?! Hori Argentinan baino ez da gertatzen!”. Baina Massa ez da bere ministro lanetik apartatu, horixe izaten ari da bere kanpaina besteek platoz plato eztarria uzten duten bitartean: neurriak hartu, parekoak hartuko ez lituzkeenak agerian utzi, ekonomia hankaz gora jarri nahi dutenen aurrean sendo agertu (izan du lehen krisia gasolina horniketa eten diotenean). Tira, ez dira hain bereziak argentinarrak. Edozein suediarrek, Alemaniako kontserbadorek, edo sozialdemokrata frantziarrek emango lioke botoa Massari. Baita zure moduko euskaldun ezkertiar batek ere. Izan ere, nor dago parean?

Krisi hura telebistaz ikusi genuen. Cacerolazoak; Corralitoa; desesperazioa supermerkatuak sakeatzen; presidenteak helikopteroz alde egiten; herria antolatzen

La libertad avanza
javier Milei du parean, bere burua anarkokapitalistatzat eta libertariotzat definitzen duena. Gainerakoek beste epiteto batzuk jarri dizkiote: motozerraren eroa, profeta faltsua, demokraziarentzat arriskutsua, negazionista multiplea... eroa. Mileiren osasun mentala tertulietako ohiko gai bihurtu da, eta hainbat kazetariren analisi politikoaren erdigunean dago. Bereziki perturbatzaileak izan dira egin dituen deskribapen aztoragarriki zehatzak haurrak bortxatzeari buruz, emakumeak bortxatzeari buruz, baselinari buruz… Berak ere jarri du bere aldetik, beraz. Ez da biralizatu, ordea, arriskutsua zenean, biralizatu da pertsonaia arriskutsutik erridikulura eramateko ordua iritsi denean. Plana ez baitzen ezer aldatzea.

Baina zer dio Javier Mileik? Zeren eta Massak irabazten ez badu, bera izango da Argentinako presidente, ia zortzi milioi boto jaso zituenez lehen itzulian, eta ez dirudienez galduko dituenik. Eta, izan ere, Milei hizketan jarriz gero, badu esatekorik. Eta esateko zuenagatik eman diote botoa hainbeste pertsonak: soluzioak zituen, eta jendeak orain konponbideak behar ditu.

Lehen aipatutako Juan Graboisekin bost orduko eztabaida bat egin zuen telebistan. Berriro esango dut: bost orduko eztabaida bat. Izan ere, Milei idealista teoriko bat da. Dolarizazioa izan da gaitz ia guztien, batez ere inflazioaren, sendagarri saldu duen erremedioa: pesoa desagerrarazi, eta Ameriketako Estatu Batuetako txanpona hartu, berehala hasieran, mantsoago gero, oso geldo orain. Banku Zentrala ixtea. Justizia sozialari “aberrazio” esaten dio. Neoliberalismo ekonomikoa azken muturreraino eramaten du, teorian, organoen salerosketaren alde argudiatzera iritsita.

Eta, hara, erraz baretzen zaizkigu beldurrak. Beldurrak helburua lortu duenean, hain zuzen. Mileik ardatza mugitu du. Milei jar ez dadin peronismoak Massa onartu du. Eskuina egotea komeni zaienei orain Mileik beldurra ematen die, ezker “helduetan” ezkertiar itxura duen ezkertiarregi bat agertzen denean bezalatxo. Profeta faltsuarena egia bilakatzeko ez dugu presidente ikusi behar izango. Hori baino lehen aukeratu behar izan du koherentzia politiko-ekonomikoaren eta anbizioaren artean; eta bigarrenak irabazi du. Botoak behar ditu, Juntos por el Cambiorenak. Eta sistemak, batere aldatu gabe, badu neoliberal psikopata baten ametsak asetzeko adina mekanismo.

Juntos por el Cambio
Presidentetza lortzeko aukera zuten hiru koalizioetatik Juntos por el cambio geratu zen bigarren itzulitik kanpo. Argentinako hurrengo presidentea koalizio honetatik aterako ez bada, zergatik bereganatu du inork baino arreta mediatiko handiagoa ballotagearen bezperan? Bai Massak, bai Mileik beren boto emaileak behar dituztelako.

Koalizioak Patricia Bullrich aurkeztu zuen presidentegai, deskalifikazio pertsonalak gorabehera, Mileiren ikuspegitik ez hain urrun ibili den eskarmentu luzeko hautagaia, Massaren kontrako bide ideologikoa egina (gaztetan peronismoko alderdi ezkertiarrenetan ibili zen, Montoneros izenekoan, erradikalismoan militatu zuen, eta PRO eskuindarrean amaitu du). Ordena izan da bere lema, Mileik estatu errakitikoren bat utziz gero, onartuko lukeen ministerio bakanetakoa. Eta Bullrich izana da segurtasun ministro Macri presidente zen garaian, eta Santiago Maldonado, Rafael Nahuel… entzuten zaizkio atzetik mamuren batzuen oihuak.

Galdu egin zuen. Eta koalizioak eztanda egin du justu koalizioa osatzen duten bi arimen arteko pitzaduratik. Mileik haur eskoletan bonbak jartzen aritu izana leporatu dio Bullrichi kanpainan, baina lehen itzuliko emaitzak jakin orduko hasi ziren bien arteko hurbilketak. Macri presidente ohiak hasia zuen lehenago ere gerturatze hori, eta bera da koalizio barruko alderdi eskuindarraren sortzailea (PRO). Koalizioaren zati batek Mileiri emango dio botoa, eta, ziur asko, kenduko dio boterea: boto horiek eskaeraz betetako zerrenda batekin etorri baitira.

Mileik, ordea, eduki ditu hitzak koalizioaren beste arima handiarentzat ere, erradikalentzat. Erradikalek tradizio oso luzea dute Argentinan, eta herrialdeko hamar presidente atera dira bere kideen artetik. Alfonsin horietako bat, Videlaren diktadura ostean aurten 40 urte bete dituen aro demokratikoa estreinatu zuena. Mileik, besteak beste, esan du bere terapietako bat Alfonsinen aurpegia duen panpina bati jotzea dela. Erradikalismoaren mota guztietako oinarrien kontra doa Milei. Ez diote botoa emango. Horiek Massarenak dira.

Hainbat prozesu judizialetan kateatuta, kondenatuta, ia asasinatuta, erretiratzera doa, kirchnerismoaren buru izandako Cristina Fernández

Kirchnerismoa
Kalafate Taldea izenekoa 1998an sortu zen, peronismoaren baitan Menemen ildo politikoari aurre egiteko. Menemek peso bat dolar bat bihurgarritasuna ezarri zuen, fabrikak eta herrialdea saldu, zorpetu. Eta, jakina denez, 2001ean guztiak eztanda egin zuen: Que se vayan todos. Eta ikusi genituen, krisi hura telebistaz ikusi baikenuen, cacerolazoak;  hautesontziak boto zuriz edo “voto bronca” esan zitzaien nulo horiez beteta; Corralitoa; trueke klubak; desesperazioa supermerkatuak sakeatzen; piketeroak kalean eskubideak borrokatzen; errepresioa herritarrak asfaltoan hiltzen; harriak airean; fabrika berreskuratuak; setio egoerak; presidenteak dimititzen; presidenteak helikopteroz alde egiten; herria antolatzen. Eta oraingo arazo berberak: bihurgarritasuna eta zorra.

2003ra arte presidenteak jarri berritan kentzen ziren, herriak ez zuen erdibiderik onartzen, ezin zuen, goseak zegoen. Garai hartan politizatu ziren gaur egun kirchnerismoaren barruan Massarekin aurrez aurre ibili diren zenbait politikari: Wado eta Grabois.

Eta ez krisitik, baizik eta herriak krisiari era antolatuan erantzuteko izan zuen gaitasunetik, jaio zen kirchnerismoa, masaren amorruaren boterea irakurtzen jakin zuelako, hitzak eta manerak aurkitu zituelako kalean ereindakoari erantzuteko. Eta, hala, 2003ko maiatzaren 25ean Nestor Kirchnerrek irabazi zuen Argentinako presidentetza. Eta orduan markatu ziren kirchnerismoaren ildoak, Mauricio Macriren presidentetzaren lau urte suntsitzaileak kenduta, hogei urtez Argentina gobernatu duen indarrarenak. Ez da indar iraultzaile bat, baina gero Kiciloff Ekonomia ministroak hitzez hitz deskribatuko zuen keynesianismo moduko batekin, gutxienez, herria ez traizionatzeko bokazioa zuen (Menem zer izan zen traidore bat ez bazen). Diktadurako krimenengatiko epaiketak berrireki ziren; 2005eko Ameriketako Goi Bilerako irudi haiek ikusi genituen, Bushi Hegoamerika ustiatzeko bere ALCA hura, Chavezen hitzetan, “Al carajo” bidali ziotenekoak, Venezuela, Argentina eta Brasil buru zituen burujabetza erakustaldi batean; FMIarekin herrialdeak zuen zorra kitatu zen. Eta hasi zen hazten kirchnerismoa agintean egon zen garaian loratu zen klase ertaina.

Peronismoak, krisi testuinguru honetan, oraingoz, ez du 2003an kirchnerismoak egin zuen apustua egin, kontrakoa baizik. Kirchnerismoa zain gelditu da presidentetza baino beheragoko karguetan; agian, Kiciloff, botoen %45arekin berrirabazi duen Buenos Airesko gobernuan, esperoan baino ez da geratu, 2003 baten zain.

Cristina Fernández
Iazko abenduan, afari batean, buruzagi eta funtzionario peronistaz inguratuta, Cristina Fernández de Kirchnerrek bere erretirada aldarrikatu zuen ia: peronistak zirela gogorarazi zien han bildutakoei, eta eskatu, hala zirenez, hartzeko behingoz mariskalaren makila. Itzal luzeko hitzak dira. Peronek berak esana da peronista guztiek daramatela motxilan mariskalaren makila, Napoleonek soldaduei esaten omen zien moduan. Hartu mariskalaren makila. Hainbat prozesu judizialetan kateatuta, kondenatuta, ia asasinatuta, erretiratzera doa bi bider, 2007tik 2015era, Argentinako presidente eta hogei urtez (senarrarekin hasieran, bakarka azken 13 urteetan), peronismoa zuzendu duen kirchnerismoaren buru izandako emakume hau. Eta, momentuz, ez dirudi inork mariskalaren makila konbikzio handiegiz hartu duenik; ez dirudi, momentuz, Cristinak ondorengorik duenik.

2007an hartu zuen presidentetza, senarrak agintaldia amaitutakoan, eta zortzi urtez egon zen karguan, kirchnerismoari gorputza, kolorea eta etsaiak emanez.

Nekazaritzako grebak jasan zituen, aerolineak berreskuratu, korporazioen aurkako borroka etengabean ibili zen, babes sozialerako hainbat lege atera ziren, pobreziaren jaitsiera ikusgarria gertatu zen, klase ertainaren igoera, YPF berreskuratu zen, eskualdearen destino komun eta burujabea defendatu, komunikabideez argi hitz egin, legislatu…

Eta, gertaerekin batera, estilo bat. Oharkabean pasatzen ari zaiguna, eta hona guztiz erridikulizatua, karikaturizatua iritsi zaiguna. Ideia zoroko emakume ezegonkor eta ero samarra iritsi zaigu, gehiegi makillatua, bere ekonomia ministro gazteaz maitemindoa, Europako politikari grisen batere antzik gabea. Ezinezko erretirada honetan egin dituen agerpenetan ere, irmo ikusi dugu, suminduta, ozen hitz egiten: botereei aurre egiten esan baitu agur, eta ez dakigu espetxean ikusiko dugun. Agerpen beretan ikusi dugu hunkitzen, malko eta guzti. Oihu egiten duen emakume bat, ez dena afarietan bakea jartzen duena, gatazka sortzen duena baizik, eta, gero, ahul agertzeko inongo beldurrik gabe negar egiten duena. Bi bider presidente. Botoen %54 lortuta. Kirchnerismoa ez da Néstor Kirchner. Eta guri masak nahiko ezkerretik mugitzeko gaitasun populista izugarria izan duen emakume bat pasatzen ari zaigu. Eta krisietatik behetik gora irteten jakin duen herrialde baten ikasgaiak.

Argazkia: Augusto Starita Ministerio de Cultura / Wikimedia Commons

 


ASTEKARIA
2023ko azaroaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


"Shock" bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


Eguneraketa berriak daude