"Tatuajean, emaitzaz gain, prozesua da oso garrantzitsua"

  • Bazkari batean Ahuntzaren Eztula tatuatzailearen alboan suertatu nintzen arte –iazko Feministaldian– ez nekien handpoke teknika existitzen zenik ere. Berehala aitortu nion azala markatzeak betidanik sortu izan dizkidala erakarmena eta bertigoa. Hizketan aritu ginen azkenburukoak arte. Eta orain tatuajeak ditut.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Ahuntzaren eztula. Pasaia, 1993

Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta orain dela sei urte inguru hasi zen tatuajeak egiten. Handpoke teknikarekin tatuatzen du, hau da, eskuz, makinarik gabe, eta tatuajearen prozesua zaintzea eta mimatzea gustatzen zaio. Badu estilo bereizgarri bat: marrak, bestelako forma geometrikoak, fauna eta flora, eta euskal iruditegiko elementuak egiten ditu, esate baterako. Haren Instagramean topatuko duzue lagin eder bat: @ahuntzareneztula.

Noiz eta nola hasi zinen tatuajeak egiten?
2017 inguruan. Bilbon bizi nintzela, lagun batekin eta lagunen azaletan saltseatzen hasi nintzen. Egia esan ez nuen inoiz proiektatu tatuatzaile izango nintzenik, jolasetik hasi ginen eta nahiko inprobisatua izan da urte hauetako ibilbidea. Gero hona itzuli nintzen, Gipuzkoara, jendea tatuatzen nuela enteratu zen, gainera handpoke teknikaz —nahiko ezezaguna zen— eta niregana etortzen hasi ziren. Pixkanaka joan naiz geroz eta jende gehiago tatuatzen.

Zure burua lan horretan proiektatu ez arren, gustuko zenituen tatuajeak?
Bai. Oso goiz egin nuen lehenengoa, izebak eta amak lagundu ninduten. Txikitatik izan dut tatuajea osatze-prozesu modura erabiltzen zuten zibilizazio zaharrekiko interes handia.

Handpoke teknika erabiltzen duzu. Zer da?
Beti konparatzen dut eskuz edo makinaz jostearekin. Kasu honetan handpoke teknikaz, orratz batez, haria erabili ordez, tinta da marra trazatzen duena, eta euskarria azala da, oihala beharrean.

Hasieratik izan zenuen interesa teknika horrekiko?
Ikasle-garaiko prekarietatea izan zen makina ez erostearen arrazoia. Probatzeko, orratzak erosi genituen, eta horrekin hasi ginen. Makina askoz garestiagoa zen, beste nolabaiteko jakintza bat ere eskatzen zuen. Handpoke teknikaz nola eta noraino ziztatu behar duzun ere ikasi behar da, baina gertukoagoa iruditzen zait, gordinagoa.

Dena den, une jakin batean makina bat erosi zenuen, eta gero utzi egin zenion erabiltzeari.
Erosi nuen, eta tatuaje batzuk egin ere bai, batez ere jendeak gauza handiak eskatzen zizkidalako, eta halakoetarako azkarragoa eta praktikoagoa da makina. Baina ez neukan handpoke-arekin neukan sentsazio berdina. Askoz ere konektatuago sentitzen naiz handpoke teknikarekin: soinurik gabe, soilik orratza, azala, eta ni; purutasun hori.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zein dira bi tekniken arteko alde nagusiak?
Niretzat handpoke-ak badakar zerbait energiaren aldetik, gertukoagoa iruditzen zait azalarekin edo beste pertsonarekin. Zikatrizazioa azkarragoa da handpoke teknikaz, azalak gutxiago sufritzen du eta, odol gutxiago botatzen da… Baina hori pertsonaren bizimoduaren baitan ere badago.

Handpoke-arekin, bestalde, elektrizitaterik behar ez denez, mugitzeko askatasun handiagoa duzu.
Bai, mugimendurako aukera gehiago ematen du, beste espazio batzuetan tatuatzeko, naturan tatuatzeko, betiere neurri higienikoak bermatuta, noski. Eta niri asko gustatzen zait naturan tatuatzea, asko gustatzen zait arrasto megalitikoak dauden espazioetan tatuatzea.

Zer interes duzu horrekiko?
Esaten da eraikuntza megalitikoak altxatzen zirela energia-fluxu handiak zeuden lekuetan, azpiko urak zeuden lekuetan, eta nolabait espazio horietan sortu dena sentitzeak berezi egiten du prozesua. Ez dakit aipatu dudan, baina niretzat, emaitzaz gain, prozesua oso garrantzitsua da.

"Askoz ere konektatuago sentitzen naiz ‘handpoke’ teknikarekin: soinurik gabe, soilik orratza, azala, eta ni; purutasun hori”

Ahuntzaren Eztula izena nondik datorkizu?
Atsotitzetik. Egia esan, ez naiz oso ondo gogoratzen. Bilboko garaian izan zen, Instagramen zer izen jarri pentsatzen. Ahuntza, nire mendizaletasunarengatik, eta suziri andrea izateagatik. Bestalde, ahuntzaren eztulak prozesuaren alderdi hori ere islatzen du: ikusezinak garrantzia du.  

Baduzu tatuatzeko estilo bat: landareak, forma geometrikoak…
Esango nuke alor ezberdinetan geometria badela erakartzen nauen zerbait: eskulturan, arkitekturan eta marrazketan ere bai. Naturako elementuak eta euskal iruditegiko lanabesak ere oso barrutik atera zaizkidan formak izan dira.

Eta marrak?
Gogoratzen naiz marrak egiten hasi nintzenean herrian esaten zidatela: marrak zertarako? Hasierako momentutik pila gozatu izan dut prozesu honekin: gorputza osotasun batean ikusi eta osotasun horrekin jolastearekin.  Gorputz horrek zer eskatzen didan ikusi eta marren bitartez antolatu.

Nolakoa izaten da tatuatzera datorren pertsonarekiko harremana? Nolabaiteko lankidetza bat gertatzen da? Zuk zeuk badituzu diseinu batzuk…
Nire erronketako bat da diseinu gehiago egitea, zeren egin izan ditut, baina nahi baino gutxiago, azkenean egunerokotasuneko beharrak asetzen joan naiz eta. Zerbait eskatu, hau egin.

Orduan jendeak eskatzen dizu hau edo bestea egin nahi duela…
Bai, ezezkoak ere eman izan ditut, erakartzen ez didaten formak edo elementuak eskatzen badizkidate, eta ezezkoak eman dizkiet baita ere sentsazio ona eman ez didaten pertsonei edo seguru sentiarazi ez didaten pertsonei. Normalean Instagrametik idazten didate, edo ahoz aho: mezu bat bidali edo deitu. Hortik sortzen da prozesua. Beraien ideia zein den esan, nik nire estiloan irudikatzen dut, eta saiatzen naiz ahalik eta gertukoena izaten eta bi aldeak eroso sentitzen. Inprobisatzen ere izan daiteke.

Jendeak zer eskatu ohi dizu gehien?
Ba, lehenagoko galderarekin lotuta, marrak, elementu geometrikoak, hemengo eta beste kultura batzuetako forma eta sinboloak ere. Gauza ornamentalak. Azkenean marrak badira ornamentalak, gorputzaren formarekin jolasten dute, belarrien, behatzen, oinen... formara egokitzen, adibidez.

Bihotzean gordeta daukazun esperientziarik?
Orokorrean pertsona jakin batzuekin izandako hartu-eman bereziak. Harreman politak sortu ditut tatuajearen bitartez, pertsona interesgarri asko ezagutu ditut, miresten ditudan pertsonak tatuatu, energia oso berezia sortzen da prozesuan... Beste leku batzuetan tatuatu.

Tatuajeak egiteko berariazko girorik edo sortzen duzu?
Esango nuke baditudala erritualtxo batzuk. Batetik eta nire bizitzan orokorrean oso garrantzitsua dena, usaina. Intsentsua eta beste usain batzuk. Gero musika ere, playlist-a aukeratzen dut momentuan sentitzen naizenaren arabera, edo ez dakit, agian aurreiritziak dira, baina zu tatuatzen bazaitut, Danele, ba playlist hau jarriko dut. Eta gero janzkera, beti beltzez. Bestalde, naturan tatuatu izan dudanetan, askotan gertatu izan da hartu-eman hori, espazio berriak ezagutzea. Aurrekoan Oiartzunera joan nintzen, eta ezagutzen ez nuen leku bat erakutsi zidaten, mairu-baratzekin, eta oso polita izan zen hor tatuatzea.  

Esan bezala, zure espazioan tatuatzeaz aparte, hortik kanpo ere egiten duzu.
Ez da askotan egiten dudan zerbait, baina bai. Aurten, adibidez, Greziako irla batean egon nintzen udan. Orratzak eraman nituen eta kristoren esperientzia izan zen.

Tatuajeak egin dituzu Grezian?
Bai. Karteltxo bat jarri nuen herrian, eta jende pila batek idatzi zidan. Ez nuen imajinatzen eta…Oso esperientzia berezia izan da. Atzerrian ez naiz inoiz horrelako hartu-eman berezi bat egiten jardun. Greziak badu kultura oso indartsua, lurrarekin eta beraien historiarekin oso lotua, eta horrelako prozesu batean hori jasotzea berezia izan da, iruditu zait beste modu bat dela espazio baten parte izateko eta harremanak sortzeko.

"Oso jende helduari ere egin dizkiot tatuajeak; 80 eta piko urteko emakume bati bere lehena egin nion. Etorri ziren bera, alaba eta iloba tatuaje berdina egitera”

Esaten dute, behin hasiz gero, tatuajeak adikzio baten modukoak direla… Hala uste duzu? Zer sinbolizatzen du tatuajeak?
Bakoitzak bere gorputzarekiko daukan konexioaren baitakoa da hori, eta tatuaje horrekin zer irudikatu nahi duen. Batzuek beren haurren edo beste norbaiten izena tatuatzen dute, edo beren baserriko harri bat... edozer. Niretzat adikzioa sortzen duena prozesua da, prozesuak ematen didana, baina badago gorputza eraldatzearen kontzeptu hori, jendeak piercing bitartez, janzkeraren bitartez, orrazkera aldatuz… ere egiten duena. Uste dut hori dela adiktiboa hein batean, horrek engantxatzen du, eta aparte modak jarraitzea ere bai, noski. Batzuek asmo oso argiak izaten dituzte: beso guztia tatuatuta eduki nahi dute, edo gorputz guztia, edo bizkarrean istorio bat kontatu, edo Japoniako elementuak soilik tatuatu… Beste batzuek, berriz, eta nire kasua hori da, momentuan momentukoa egiten dugu. Ezin dut irudikatu bi urte barru zer nahi izango dudan. Orain hemen nago eta erabakitzen dut hau egitea, baina etorkizunean zeinek daki.

Tatuatzeko uneak izan dezake puntu katartikoa ere, esku-hartze oso zuzen da gorputzean, sentsazio asko pizten ditu, mina eta plazera…
Hor ere pertsona bakoitzak minarekiko daukan tolerantzia eta lotura sartzen dira. Batzuek nahiago dute min handiagoa jasan baina denbora gutxiago; horiei ez diet gomendatzen handpokea, edo bai, baina kontuan har dezatela denbora gehiago izango dela makinaz baino. Beste batzuei ez zaien inporta denborarena. Trantze moduko batean sartzen dira, prozesuaz nolabait gozatzen: “Tatuajea egiten ari naiz, denbora X, ez dakit noiz bukatuko duen, baina aurrera”.

Tatoo Circus jaialdian eta Feministaldian ere aritu izan zara tatuatzen. Nolakoa izan da hori?
Beste esperientzia bat izan da, eta oso eskertuta nago. Gozatu izan dudan arren, nahiago dut modu intimoago eta lasaiago batean tatuatzea. Jaialdietan halako azkartasun batean sartzen zara: etorri, kalkoa jarri, egin eta agur. Bata bestearen atzetik. Halakoetan beti gelditzen naiz prozesu bakoitza gehiago ez mimatu eta zaintzearen penaz.

Badu puntu militanteago bat.
Tattoo Circusa espetxeen aurkako jardunaldia da, kartzelen aurkako borrokak ikusarazteko eta finantzatzeko. Errekaleorreko circusean egon nintzen, behin bakarrik. Neurri batean militantea da, nahiz eta tatuengatik dirurik ez lortu, asko jasotzen duzu, horri esker nire lana zabaldu eta beste artista batzuk ezagutu ditut. Halako beste jaialdi batean egon nintzen Lizarran, emakume eta transen Tattoo Circus bat, eta hor adibidez artista oso interesgarriak ezagutu nituen: trans, bollerak, emakumeak…

Izan ere, aktibismo bolleroan ere aritzen zara. Badu eraginik zure jardunean?
Nik uste dut horrek ate gehiago ireki dizkidala. Lagunartean beti komentatu izan dugu, mediku, ginekologo, masajista... tranfeministak edo bollerak ezagutuko bagenitu, horra joango ginatekeela, espazio seguru hori lortzearren. Eta nik uste dut logika horrekin ere niregana etortzen dela jende transmaribibollo asko. Horretaz gain egongo dira afinitate faltagatik edo gustu estetikoarengatik beste artista bat hautatzen dutenak.

Ezagutu dituzu antzeko posizionamendua duten beste tatuatzaile batzuk?
Bai, Bartzelona ingurukoak, bollerak, transak, tatuajearen mundu militante horretan asko ibiltzen direnak, eta batez ere kolektiboko jendearekin lan egiten dutenak. Oso interesgarria izan zen, esperientziak konpartitzeko eta errealitate ezberdinak ezagutzeko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zaila da bizibidea ateratzea tatuatzaile gisa?
Beste diru iturri batzuk izaten saiatu naiz, pasio hori ez galtzeko edo izan daiteke pasio hori galtzeko beldurrez. Tatuajeak nire behar ekonomikoetan pisu gehiago hartu duenean, esentzia hori pixka bat galdu egin duela sentitu izan dut. Kontraesanak izan ditut eta oraindik ere baditut, afizio-ofizio horretan. Niretzat, tatuajea bada mendi-puntara igo eta jaistearen antzeko zerbait, plazerra ematen dit, goraldi moduko bat…

Eta ez duzu nahi goraldi hori bihurtzea zure diru-iturri nagusia, tatuajearekiko duzun harremana aldatu egingo litzateke-eta diruaren eraginez.
Guztiz. Dena den, zaila egiten zait. Hainbat diru-iturri edukitzeak denbora eta energia eskatzen du, eta azkenean horrek nire bizitzan presaka ibiltzea eta beste gauza batzuk ez zaintzea eragiten du.

Etorkizunerako ametsik edo erronkarik baduzu?
Aurreko astean amestu nuen Aizkora izeneko tatuaje-estudio batean tatuatzen nenbilela. Estudio hori existitzen da, Nabarreria kalean dago, Iruñean, baina nire ametsean bertako langileak pertsona transmaribibolloak ginen, eta bereziki kolektibo horretako pertsonak tatuatzen genituen. Horrelako lan-militantzia eredu batek bai erakartzen nau eta, adibidez, nire lana lan arrunt bihurtzekotan bide hori aukeratuko nukeela eta gustatuko litzaidakeela uste dut.

Aurreiritziak ere badaude tatuajeen inguruan. Zuk halakorik jaso izan duzu tatuatzailea zarela esaten duzunean?
Familian, hasieran, bai esan zidaten: “Nola tatuatzen hasi zarela? Jendeak tatuajeak egiten ditu?”. Ez bakarrik nik tatuajeak nituelako gorputzean, baizik eta ni neu hasi nintzelako besteei egiten. Familian asko lotzen zuten kartzelarekin edo marinelekin, eta halako batean alabak tatuajeak egiten dituela… “Besterik ez genuen behar”. Oso hortik izan zen erreakzioa.

Orain ez dute horrela ikusten?
Ez, orain interesatu egiten zaie. Beraien ikuspegia ere aldatu da. Orokorrean ere aldatu da. Oso jende helduari ere egin dizkiot tatuajeak; 80 eta piko urteko emakume bati, adibidez, bere lehenengo tatuajea egin nion.

Hara.
Etorri ziren bera, alaba eta iloba tatuaje berdina egitera. Oso polita izan zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-05-24 | Ahotsa.info
Larunbatean Euskal Jaia Tafallan Nafarroako erdialdean euskararen alde egiten den lana goraipatzeko

Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean ospatuko da Tafallan egun osoko eta adin guztietarako egitarauarekin, euskarak eta bere kulturak Erriberriko merindadean daukan errotzea erakusteko helburuarekin.


2024-05-23 | Cira Crespo
Presbiziaren kontrako kronika

Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.


2024-05-22 | Edu Zelaieta Anta
Kontzertu estelarrean (fikzio espekulatibo bat)

Aurtengo jazzaldiaren kontzertu estelarrean zaude, zuk gehien maite duzun pertsona (multzo) batekin. Pradales dagoeneko lehendakaria da eta, beraz, Osakidetzaren arazo larria onbideratzen ari dira. Espiritu autonomikoa nagusi da jendearen aldartean; hori dela medio, berdin egon... [+]


Cristina Rivera Garza. Hildakoekin idaztea
"Zerbait gertatzen da munduan kolektiboki esaten dugunean norbait falta zaigula"

Bilbora etorri zen apirilean, idazketa sendatzaileei buruzko hitzaldi bat ematera, EHUko Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan masterrak gonbidatuta. Bazuen zer esanik: soziologia eta historia ikasitakoa, artxiboa baliatzen du idazteko, eta bere ahizparen bizitza eta... [+]


Eguneraketa berriak daude