Poliki-poliki bidea egiten doa munduko aberatsenei bideraturiko karbono-zergaren ezarpenaren ideia. Bistan da, ultra aberatsak sutsuki dira horren aurka eta dirua boterea denez, eragina dute erabakian. Baina, aldi berean, dela ekonomialarien argumentuak ala testuinguru sozioekologikoak, geroz eta datu gehiagok dute neurri fiskal horren beharra azpimarratzen. Azkenik, uztailaren 11n Suitzako eta Ingalaterrako bost zientifikok plazaraturiko ikerketa doa zentzu horretara: luxuzko kontsumoa zergapetzeak urtero %6 murriztuko lituzke pribatuen isurketak, 2050erako 100 gigatona karbono baliokideren isurketa saihestuta –beroketa globala bi gradutara mugatzeko herritarrok egin beharko genukeen murrizketaren %75–.
Trantsizio ekologikoa justizia klimatikoarekin errimatzen duen proposamen serio bat landu dute Lausanne (Suitza) eta Leeds (Ingalaterra) hirietako unibertsitateetako Yannick Oswald, Joel Millward-Hopkins, Julia K. Steinberger, Anne Owen eta Diana Ivanova ikerlariek, zeinetan ondokoa frogatzen duten: "Luxuzko ondasunen gaineko karbono-zergak nabarmen lagun dezake Parisko Akordioaren helburuen lorpena".
Uztailaren 11n plazaratu dute Luxury-focused carbon taxation improves fairness of climate policy ("Luxura bideratutako karbonoaren gaineko zergak klima-politikaren bidezkotasuna hobetzen du") ikerlana One Earth komunikabidean. Orotara 88 herritako errealitatetik abiaturik –munduko BPGaren eta biztanleriaren %90 ordezkatzen dutenak– luxuzko ondasunen zergapetzeak ingurumenean lituzkeen emaitzak aurkeztu dituzte. Emaitza esanguratsua da: urtero %6 murriztuko lituzke pribatuen isuriak, 2050erako 100 gigatona karbono baliokideren isurketa saihestuta –beroketa globala 2°C-tara mugatzeko herritarrok bideratu beharko genukeen isurketen murrizketaren %75 da, eta 1,5°C-ko heinaren azpitik egoteko egin beharko genukeenaren ia herena–.
Aberatsak ohiko herritarra baino anitzez gehiago kontsumitzen duelako: %10 aberatsenek isurketen %50 eragiten dute. Urtean, batez beste 8.190 tona CO2 ondorioztatzen ditu bilioidun bakar batek, herritar arruntak baino mila aldiz gehiago. Eta hori begirada kontsumora bakarrik mugatuta. Hau da, inbertituriko diruaren ondorio ekologikoa ez da kontuan hartzen: urtean 2,4 milioi tona CO2 ondorioztatzen du ultra aberats batek, ohiko herritarrak, 10,7 tona CO2.
Hori horrela, klima erronkari aurre egiteko orduan, aberatsei mugaturiko betebeharrak bideratzeak zentzu osoa du. Ikerketaren arduradunek, sinpleki bezain argiki oroitarazten dute: "Distantzia handiko hegaldi bat egitea edota udan Porsche kabrioleta gidatzea... aberastasunak du isurketa eragiten, ez dago oinarrizko beharrik hor".
1997an onarturiko Kyotoko protokoloak ireki zion bidea karbono gaineko zergari, ideia izanik karbono isurketari loturiko kontsumoa zergapetuta kostua emendatzea eta beraz kontsumoaren gutitzea ondorioztatzea –horrela lortuko litzateke karbono isurketen apaltzea–. Gerora, zergaren gauzapenak erakustera eman digu herritar zaurgarrienak kaltetzen dituela, eta azkenean, ez dela hain eraginkorra, horien oinarrizko beharrei erantzuteko kontsumoak direlako eta ezin direlako saihestu –demagun, lanera joateko autoa hartu beharra, edota negu gorrian etxea berotu beharra–. Hori izan zen Jaka Horien haserrea piztu zuen osagaietariko bat.
Ondorio hori oinarri harturik, zentratu dute zergapetze politika luxuzko produktuetara –hots, oinarrizko behar gisa sailkatu ezin diren kaprizetara–. "Egia den arren isurtzen den karbono-tona bakoitzak klima-eragin bera duela, hori ez da egia eskariaren edo justizia sozialaren ikuspegitik, karbono-tona horrek onura desberdinak ematen baititu kontsumitzailearen ala kontsumitzen duenaren arabera. Ondorioz, karbono-tona guztiak ezin dira modu berean saihestu". Produktuaren araberakoa litzateke zergaren heina eta herrien arabera ere ezberdintasunak egonen lirateke: herrialde txiroetan 10 dolar inguru litzateke karbono-tona, baina AEBetan 150 dolar inguru –kasuan kasu, gutiago ala gehiago izanik, kontsumiturikoaren arabera–.
Zentzu berera doa urte hastapenean Desberdintasunaren Munduko Laborategiak publikaturiko klima ezberdintasunei buruzko txostena. Beren kalkuluei segi, planetako aberatsenen %0,1 –5 milioi dolar baino gehiago dituzten ultra aberatsak– zergapetzeak urtean ia 1.100.000 milioi dolar ekar ditzake. Diru zama interesgarria, kontuan harturik herri zaurgarrienek trantsizio ekologikoa bideratzeko 1.800.000 milioi dolar behar dituztela...
Jet pribatu ala yate, ultra aberatsen neurrigabeko kontsumoa hobeki ulertzeko gakoak ematen ditu Reporterre komunikabideak Taxer les ultrariches, l’idée qui fait son chemin ("Ultra aberatsak zergapetu, bidean aitzina doan ideia") erreportajean. Zehazkiago, XIX. mendeko ekonomialari Thorstein Veblen-ek garaturiko teoriari tiraka dabil kazetaria: "Ekonomian ondoko printzipioa da nagusi: lehiatzeko joera –besteekin alderatu, besteak gutxiesteko– giza izaeraren ezaugarri ezabaezinetako bat da. Ezberdintzeko bitartekoa da aberastasuna, eta bere funtsezko helburua ez da behar material bat asetzea, baizik eta ‘bereizkuntza probokatzailea’ bermatzea, hau da, goi-mailako estatusaren seinaleak erakustea". Jendartea printzipio horrek bideraturikoa dela dio Veblenek, klase oro dagoelako bere goikoaren harrokeria keinuak imitatzen edo imitatu nahian. "Orotara, imitazioak hondakin uholdea dakar, piramidearen goialdean dagoen bizimodu negargarriak gizarte osoaren bizimoduak bideratzen dituen heinean. XXI. mendearen hastapen honetan bezala, desberdintasun izugarriak ditugunean, hondakin joera horiek asko eragiten dute bizimoduetan, eta ekologikoki jasanezin bihurtu dira".
Hala ere, One Earth-eko txostenaren egileek aitortzen dute zerga-politika horren gauzapena errealista bada ere, konplexua dela, besteak beste, kontsumo-produktu bakoitzaren sailkapena eta zerga-heina finkatzea bera ez direlako sinple. Eta nola ez, aberatsen partetik aurkako mugimendua dagoelako, eragin handikoa gainera. Horretaz aritu ginen otsailaren 26ko astekarian, zehazki, Klimaren auzian erabakiak bideratzea da ultra-aberatsen estrategia erreportajean.
Baina, egingarritasuna ez dute zalantzan jartzen. Azkenik, ehun bat ekonomialari eta eurodiputatuk testu bateratu bat izenpetu dute, zeinetan ondokoa irakurri dezakegun: "Multinazionalen gaineko zergak bideratzea lortu badugu, aberatsenen gainekoak ere lortu ditzakegu". Justizia klimatikoan aitzina egiteko urrats fiskal hori galdetzen diete NBEri eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeari.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]
Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]
Espainiako Estatuan 1.386 pertsona hil dira gehiegizko beroagatik abuztuan –iazko abuztuan baino %3 gehiago–, Osasun Ministerioaren Carlos III. Institutuak emandako datuen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 44 lagun hil dira, eta Nafarroan 22.