Bartzelona galtzea

Joan den maiatzaren 28an egin ziren azken udal hauteskundeek, beste behin, emaitza oso estua utzi zuten Bartzelonan. 2015ean Ada Colau sartu zen arte, alkate izan zen Xavier Trias convergent-ak, 76 urterekin, inkestak gezurtatu zituen eta ia 150.000 boto eta 11 zinegotzirekin irabazi zuen. Zalantzarik gabe, Colauren aurkako alternatiba bakarra bihurtu izanak botoak biltzen lagundu zion, batez ere hiriko gunerik dirudunenetan, partaidetzak behera egin ez zuen leku bakarretan, hiri osoan sei puntuko beherakada izan baitzuen 2019koen aldean.

Jaume Collboniren Kataluniako Sozialisten Alderdia (PSC) eta Ada Colauren Barcelona en Comú (BeC), azken lau urteetan hiria koalizioan gobernatu duten bi alderdiak, bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren, 141 botoren aldearekin. Beraz, PSCren 10 eserlekuek eta BeC-ren 9ek beste talde baten babesa behar zuten nahitaez, gehiengo absolutua lortzeko (21) eta irabazlea kargutik kentzeko. Hasiera batean, presio guztia ERCk zuen, 5 zinegotziraino hondoratu zenak, 85.000 boto eta aurreko legegintzaldian zituen eserlekuen erdia galduta.

ERCk paper garrantzitsua jokatu du azken urteotan Kataluniako politikan, eta harrigarria bada ere, etorkizun hurbilean bigarren postura itzul liteke. Junts alderdiaren independentismo eskuindar eta neoliberal berriaren mendeko rolean harrapatuta –procès-a aurrera eramateko–, apustu egin du emantzipatzeko eta akordioak egiteko politika aldatzeko, profila ezkerrera markatzeko eta PSC eta Comúnseko boto-emaileak erakartzeko; baina badirudi horrek kolokan jarri duela ustez lortuta zuen hegemonia. Alde batetik irabazten badu, bestetik galtzen du eta alderantziz, eta jendea ez dago erdizka aritzeko.

Bartzelonako eragile, erakunde eta gizarte-mugimendu askok Barcelona en Comú-rekin sentitu dituzten haserrea eta etsipena izugarriak izan dira

Horren jakitun, Comúnsetik hordagoa bota zioten Ernest Maragalli, 80 urterekin Bartzelonarako ERCren hautagaia izan denari. Alkatetza kendu zioten duela lau urte –nahiz eta hauteskundeak irabazi zituen–, PSCrekin gobernatzeko akordioa eginda Manuel Vallsen (Ciudadanosen marka zuria ordezkatzen duen Frantziako lehen ministro ohia) babesari esker; eta orain, eskatzen zioten babesteko PSCrekin egindako beste "ezkerreko" akordio bat, alde batera utzita PSCk Junts alderdiaren politika neoliberal bera sustatzen duela. Aitzitik, ERCk ardatz nazionala lehenetsi zuen, eta Triasekin negoziatu zuen alkatetza ematea eta gobernu bateratua osatzea. Azken orduan, Madrilek dena eztandarazi zuen.

Jaume Collboni bakarkako gobernurako alkate izendatu zuten, Comuns-en botoekin eta, sorpresa, Alderdi Popularreko lau zinegotzien botoekin. Colauren eskuineko eskuak egun batzuk lehenago publikoki ziurtatu zuen beraien botoekin ez zutela ekuazio hori erraztuko, baina guztia aldatu zuten bipartidismo espainolaren itunak eta alkate ohiak, inbestidura saioa baino ordu gutxi lehenago bere zinegotziekin bildu ostean, izandako jarrera aldaketak.

Hiriko eragile, erakunde eta gizarte-mugimendu askok BeC-rekin sentitu dituzten haserrea eta etsipena izugarriak izan dira. Azken bi hauteskundeetan boto asko lortu dituzte beren ezkerretik, neurri handi batean CUPi eragin diona bigarren legegintzaldiz jarraian udaletxetik kanpo geratzea. BeC-ek erakutsi du lehentasuna ematen diela estatuko politikaren segida egiteari eta PSOEren makulu izateari, ezker subiranista eta independentistarekin zubiak eraiki beharrean. Eta hori, zoritxarrez, berri txarra da gutako askorentzat, baina beraientzat ere bai; horrela, Iniciativa per Catalunya Verds-ek (ICV) M15a baino lehen zuen hondar-eremu berera murriztuta bukatuko dute. Eta ez, ez zuten esaten hori zutenik helburua Guanyem Barcelona izenez jaio zirenean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude