Lagun zaharrekin elkartzen naiz bertan...

  • Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen IV. Azoka egin da ekainaren 3an, larunbatez. Inoiz baino handiagoa izan da metro, saltzaile eta bisitari kopuruari dagokionean. Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu da euskararen festa. Aurten, gainera, estreinakoz, zuzeneko musikaz gozatzeko parada izan da, baita Ziburuko ikasle gazteen lanen erakusketa bisitatzeko aukera ere.


2023ko ekainaren 05an - 12:00
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Eguzkiak gogor jotzen zuela, karparen azpian gozo egoten zen azokaren lehen orduetan, babesean, euskara hutsezko liburu eta diskoen artean gotorturik. Makina bat postu baziren barnean, eta haietan zirin-zaran aritzea eguzkitik babesteko aitzakia baino are gehiago zen. Jakina, deluxe momentuak akabo esan zuen karpa bera berotu zenean, eta orduan etorri ziren komeriak. Negutegiko tomate eta piperren pare biziraun behar izan zuten saltzaile eta bisitariek, eta irribarre egin jendeari; tartean, norbaitek aipatu zuen, lehen, musukoen babespean, salbuetsita geundela irribarre egiteaz.

Ziburuko hondartzan bainua hartzea biziki ekintza plazent eta atsegina zatekeen karparen azpiko berotik ihes egiteko, baina gertuago, eskuragarriago, azokaren atarian kokaturiko oholtza parera ederto heltzen zen itsasoko brisa, tamainan freskatzeko gisa, gainera. Bertsolari eta marrazkilarien bat-bateko jarduna ziren ikusgarri orduantxe; eszena bikaina, bai horixe. Eta bertan lekua hartuta, ahal bazen jaima txikiaren gerizpean, eta ai... Zeinen ederra xingar eta talo usain hura, sudur zuloetatik barruraino sartzen zena, tripazorriak astintzeraino, zenbatek esango ote zuen. Eta ozen entzun ez bazen ere, jendea gose zela aise sumatu zuten burdinazko plantxa eta kanbor artean boluntario gisa lanean zebiltzan lagunek. Taloari laguntzeko, alboan, eztarria freskatzeko txosnako barran zerbait eskatzeko parada ere bazen. Ziur Bidasoaren beste aldeko norbaitek pentsatu zuela Seaskako ikastolen elkarteko edalontzia txikiegia zela zeukan egarri-goserako. Ez garagardo gutxi sartzen zelako, jendeak eztarria freskatu beharra zeukalako baizik. Edo baten bati galdetuta, biak erantzungo zituzkeen.

'Makilakixki' haurren ikusgarria. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bien bitartean, metro karratu horietan, muturturik zegoen haur bat baino gehiago. Nekaturik egongo ziren ziur, beroaren eragina ez ezik, goizeko lehen ordutik emozioak dezente azaleratu zituztelako Makilakixki haurren ikusgarrian, Ziburuko Iturri Zaharrean. Haien onena eman zuten Maddi Zubeldiak eta Bernadette Luro artistek, eta meritu handiz lortu zuten Ziburura gerturatutako etxeko txikienak kantuan saldoka jartzea. Firin-faran aritu ziren gaztetxoenak, poz-pozik; begirik ezin kendu egon ziren haur batzuk, harri eta zur, ziurrenik, Ziburuko kaleetan halako euskarazko saiorik ez dutela urtean zehar bizi izan.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Beraz, eguerdian, nolabait ere esperotakoa zen haurrek kasu gehiegirik ez egitea Mauriziaz, Iruñeko alkateaz, patriarkatuaz eta feminismoaz sortu zituzten bertsolarien kopla eta marrazkilarien irudiei. Bazen ordea, txapel lauso eta zabalaren azpitik, Marrakatue-ren eta Aitor Txartxerinaren marrazkiei adi-adi erreparatzen zien haurrik; ez dakigu, ordea, Maddalen Arzallusen eta Unai Iturriagaren errima eder eta bertso-biziei tankerarik antzeman ote zien. Ziurrenik, Adur Larreak publikoari erakusten zizkion bertsorako hizketagai ziren hitzetan, karteletan, zer jartzen zuen jakin gabe, beste era batera bizituko zuten Zirriborroka saioa. Baina berdin dio: ondo ezkontzen dira bertsoa eta marrazkia, eta gai-jartzaileak transmititzen zuen patxadak eta gertutasunak lagunduta, ikusgarri bikaina eskaini zuten eguerdiko pausaren aurretiko uneetan. Plaza dotorea osatu zuten.

Adur Larrea hitzak bistaratzen 'Zirriborroka' saioan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
'Zirriborroka' saioa. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Liburu arteko solasaldi demasa

Liburu eta diskoen erresuman, bien bitartean, abaniko funtzioa bete zuten ARGIAko kideek azokarako sarreran banatu zituzten esku orriek. “Babestu kazetaritza independentea” edo “babestu eguzkitik bero-kolpeak jo baino lehen”. Baina inolako dramarik ez zen jazo, ezta sortu ere. Umoreko zegoen postuetako jendea, eta eguraldiaren antzera, bero zen jendea ere. Eta gose, liburu eta disko gose.

Lehen edizioan hamasei argitaletxek jarri zuten salmenta puntua; laugarren edizioan 36 izan dira

Bisitarien zenbaketa egin zuten Baltsan elkarteko bi emazte jator eta prestuek lurraldetasunari ez zioten erreparatu, ezta nahi ere, baina haiek ere antzeman zuten, kazetari honen pertzepzioaren antzera, gehien goseturik zeudenak Bidasoatik iparraldera bizi direnak izan zirela gehienbat. Bistan zen Ziburuko Azoka dela eskualdeko aukera bakanetakoa euskarazko liburuak eskuratzeko. Beste aukera Baionako Elkar denda da, edo Ortzaizeko Menta kafe liburu denda; ez da beste parada finkorik hiru lurralde biltzen dituen Euskal Herrian. Premia horri erantzuteko sortu zen Ziburuko Azoka, eta agerian geratu da laugarrenez jendeak duen beharra.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Azokak, egun batez bada ere, asetzen duen beste premia da argitaletxe, kulturgile eta sortzaileen arteko topaketa, are behar handiagoz ase ere Bidasoaren alde bietako jendearena. Luzien Etxezaharretak zioen goizeko mahai inguruan badirudiela Bidasoa zabaltzen ari dela, alegia, urrunago bageunde gisa sentitzen dugula elkar, eta ez lukeela hala izan behar. Horretarako ere balio dezala, beraz, halako elkarguneak. Eta arazoari aurre nola egin hausnartzeko ere bai, egun bakarreko arnasaldiko satisfazioan gera baino.

Urtez urte hazten joan da bisitari kopurua: 2021ean 700 inguru izan ziren, eta 2023an, 1.200

Halako azoka eta elkarguneetan, aspaldiko lagunen giza-topaketa trafiko zinez handia bizi izaten da. Hau da, zalantza izpirik gabe, hainbat jenderen arteko “zenbat denbora ikusi gabe”, “zertan darabilzu” eta antzerakoen kontaketan, ratioetan, Ziburuko Azoka oso maila altuan dago –EHZ festibala ere ez da atzean geratzen, eta Durangoko Azokan, kantitatez gehiago bai, baina masiboegia da solasaldiak luze eta ganorazkoak gertatzeko–. Alegia, kultur munduko jende baten topaketetarako zita egonkor bilakatu dela jada Ziburu. Eta Ziburun, asko eta fuerte pentsatzen duen jendea batzen da, hala nabaritzen eta usaintzen da giroan. Guztia txikiagoa izanik, ikusteko errazagoa da, eta ez da zoria behar, ez baita zerbait puntuala. Liburu eta diskoetatik burua apur bat altxatu, ingurura begiratu, eta ustea baieztatzen da karparako sarrerako pare horretan Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia eta Pello Zubiria solasean direla aurkitzean. Eta halako adibideak, mila.

Joseba Sarrionandia, Ziburuko Azokan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Jendea desbirtualizatzeko ere balio dute halako elkarguneek. Bateko email, besteko mezu eta hainbat telefono dei tarteko, inoiz aurrez aurre ikusi gabeko horri edo horiei aurpegia jartzeko parada eskaintzen du Ziburuko Azokak, eta agurtzeko bi musu, besarkada eta besoa mimoz ukitzeko aukera ere bai. Halako topaketek ere balio dute besteen berri izateko, ez-dakit-nork ez-dakit-zer egingo duela ez-dakit-noiz eta halako kontuez jabetzeko. Iragarpenak dira, asmoen iragarpenak bederen, harremanari eta afinitateari bide emateko aitzakia ere bai.

Salerosketaren ikuspegi kapitalista eta kontsumitzaile ororen gainetik, elkargune ere bada azoka, bistan da. Bidasoaren alde bietako jendea batzeko aitzakia, Bidasoaren zabalera murrizteko motiboa, eta arnas une bat ematekoa arnasgunerik apenas duten horientzat.

Hainbat emanaldi konkreturen berri, jarraian:

"Nire lagun Mark"

Maryse Urruty autore eta antzerkilaria. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

"Baltsan Elkarteak norabide aldaketa baterako aholkuak emateko eskatu zidan, eta hona nator azalpenak ematera". Hori esanez abiatu zuen umorezko saioa Maryse Urruty autore eta antzerkilariak, bazkalosteko logaleari eusteko lan franko zuen publikoaren aurrean. Baina irri dezente egin zen  azkenerako. Izan ere,  ikuspegi oso komertzialarekin, perfil kapitalista sutsuan, euskarazko kulturgintzari hauspoa eman behar zaiola argudiatu zuen Urrutyk. Umorez, jakina.

Funtsean, "euskal business-a" sortu behar dugula esan zuen Urrutyk. Eta hori nola egin, pausoz pauso, honela aletu zuen, helburua best seller-ak egitea delako. Lehenik eta behin, euskal idazlea kanpora bidali behar da –Kirmen Uribe adibide ona da; Joseba Sarrionandiarena ere bai, eta bistan da,  Euskal Herrira itzuli denetik ez duela ezer argitaratu–. Ondoren, gaia hautatu: kontu tradizional eta historikoek xarma dutela bai, baina drama erromantikoak ere sartu behar dira, sexua tarteko.

"Lagunok, open your mind". Bere lagun Mark-ek (Zuckerberg) emandako gomendioak ziren. Ordu laurden pasatxoko umorezko saioan, oso zorrotz eta labankadak bata bestearen atzetik jaurtita, algaraka utzi zuen publikoa Urrutyk.

Ño komikia

Eli Pagola eta Maitane Gartziandia, komiki liburuaren egileak. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

ARGIAren azken liburua inpretatik irten eta hiru egun eskasera heldu da haren lehendabiziko azoka, eta postutxoan izan ditu dezente salmenta, komiki formatuari gustua hartzen ari baitzaio euskal irakurlea. Bertsolaritza eta feminismoa gai gisa jarrita, gainera, are gusturago irakurtzen da.

Eli Pagolak eta Maitane Gartziandiak aurkeztu zuten liburua karpa txikian, dozenaka lagun eta ezagunen aurrean. "Botere harremanak eta genero talkak" aztergai dituztela nabarmendu zuen Pagolak, eta Gartziandiak, berriz, "tono koloretsuak behar dituen auziak" direla azpimarratu".

(Oraindik eskuratu ez baduzu, hemen duzu aukera)

Nostalgia ez da salgai liburua

Xan Idiart, bere azken liburua aurkezten Ziburun. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Xan Idiart idazle gaztearen bigarren liburua udaberrian argitaratu du Maiatz argitaletxeak, eta editorea bera ere, Luzien Etxezaharreta, batu da solasera.

Umoretik, umore beltzetik, ironiatik egindako ipuin sorta da. "Ipuin absurduak" Idiarteren arabera, loturarik ez dutelako haien artean. Hainbat pertsonairen bitartez, euskalduntasunaren zenbait perfil harilkatzen ditu liburuan.

Euskara batua darabil liburuan idazle garaztarrak, euskara bera 15 urterekin berreskuratu zuelako, eta horregatik uste du eutsi diola batuari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude