EAEko Hezkuntza Legearen lehen zirriborrotik lege proiektura aldatu dena eta ez dena aldatu

  • Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko baldintzak zehaztu, ikasleen segregazioa gainditzeko neurri batzuk gehitu eta Erlijio orduak mugatu ditu EAEko Hezkuntza Lege Proiektuak; aldiz, ikasleen euskalduntzeari eta udal hezkuntza kontseiluen rolari lotuta apenas dagoen aldaketarik.


2023ko apirilaren 26an - 09:58
Azken eguneraketa: 11:25

Sorpresa gutxi, astearte honetan Gobernu kontseiluak onartutako lege proiektuan. Zalaparta ugari sortu zuen lege aurreproiektuarekin alderatuta, honakoak dira aldaketa nagusiak eta mantendu diren puntuak:

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa

Legearen (eta EAJ, PSE, EH Bildu eta IU-Elkarrekin Podemosek sinaturiko Hezkuntza Akordioaren) zutabe da zerbitzu publikoaren kontzeptua: sare publiko nahiz itunpeko, betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe orok %100eko finantzazio publikoa jasoko du. Jaurlaritzak landu zuen aurreproiektuan, baina, betebehar horien berri apenas zegoen, eta horixe kritikatu zuen ahots ugarik. Oraingo honetan, lege proiektuak zerbitzu publikoaren parte izateko bete beharreko printzipioak zerrendatzen ditu: “Diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenestea (…); era berean, ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna eta laikotasuna bermatu beharko dituzte (…); doako eta kalitatezko irakaskuntza”.

Badirudi progresiboki bete beharko dituztela ikastetxeek printzipio horiek. Betebehar horiek batzuek eta besteek nola ulertzen dituzten, zein irizpideren arabera eta nola neurtuko diren, eta betearazteko borondate politikoa zenbatekoa izango den, ikusteko dago.

Badirudi progresiboki bete beharko dituztela ikastetxeek printzipio horiek. Betebehar horiek batzuek eta besteek nola ulertzen dituzten, zein irizpideren arabera eta nola neurtuko diren, eta betearazteko borondate politikoa zenbatekoa izango den, ikusteko dago

Segregazioa eta eskolatze orekatua

Ikasleen segregazioari aurre egiteko aurreproiektuak neurri gutxi jasotzen zuela ere kritika-iturri izan zen. Dagoeneko datorren ikasturterako matrikulazio prozesuan ikusi ditugun (eta hautsak harrotu dituzten) hainbat neurri jaso ditu testu berriak: esaterako, eskolek plaza kopuru jakin bat gordetzea ikasle zaurgarrienentzako (premia bereziak dituztenentzako, hizkuntzan atzerapen handia dutenentzako, hezkuntza sisteman berandu sartzen direnentzako, egoera sozial zaila dutenentzako…) eta zaurgarritasun-indizearen inguruko argibideak.

Eskolatze orekatuari begira, zirriborroan ez zegoen esaldi esanguratsu bat gehitu dute: “Gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuko dira”, eta aurreko testuan egiten zen moduan, eskolatze orekaturako berme-mekanismoak eta plaza publikoak bermatzeko konpromisoa berretsi ditu lege proiektuak. Berme horiek nola gauzatzen diren izango da gakoa. Izan ere, matrikulazio prozesuan berriki ikusi dugu adibidez eragin-eremu bakoitzean ikastetxe publiko bat egotea bermatu dela, baina hainbat eragilek salatu duen moduan, eragin-eremua handituz egin dute hori (eta beraz, zure herrian ez, ondokoan egokitu dakizuke plaza publikoa, ondoko herria eragin-eremuaren barruan dagoela argudiatuz).

Aipagarria da, halaber, honako esaldia desagertu egin dela zirriborrotik azken testura: “Gurasoei edo legezko tutoreei dagokie ikastetxea askatasunez aukeratzeko eskubidea baliatzea, eskura dagoen hezkuntza-eskaintzaren barruan”. Ikastetxea aukeratzeko askatasuna aipatzen da lege proiektuan, baina aurreko testuan zuen protagonismoa galdu du.

Erlijioa eta laikotasuna

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxe orok (alegia, %100ean diru publikoz hornitzeko) bete beharreko printzipioetako bat da ikastetxeak laikoa izan behar duela, baina jakitun gara EAEn Kristau Eskolak pisu handia duela, eta hasierako zirriborroan, bereziki bi kontuk ematen zuten arreta: batetik, eskatzen zen “laikotasunean oinarritutako hezkuntza-eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz”, nahiko esaldi nahasgarri eta itxuraz behintzat kontraesankor batean. Orain, bigarren zati hori (“itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz”) desagertu egin da (nahiz eta beste puntu batean jasotzen den, "beren izaera propioari uko egin gabe" jardungo direla ikastetxeak), eta laikotasuna eta doktrinamendu eza defendatzen ditu legeak; aipamen hutsa da eta ez da sakontzen laikotasun horren atzean ulertzen denaren inguruan.

Bestetik, Hezkuntza Akordioan muga jarri zitzaion Erlijio ikasgaiari: Espainiako legeak Erlijio ikasgaia eskaintzera behartzen duela-eta, adostu zuten Espainiak ezartzen duen gutxiengo ordu kopurua izatea EAEn eskaini daitekeen gehienezko ordu kopurua. Bada, hasierako testuan ez zitzaion mugarik jartzen Erlijio ikasgaiari. Bigarren honetan ordea bai, berreskuratu da Akordioan adosturikoa: “Erlijioa irakasgaian, oinarrizko legediak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek eskain dezaketen gehienekoa”.

Lehen zirriborroan ez zitzaion mugarik jartzen Erlijio ikasgaiari. Bigarren honetan bai, berreskuratu da Akordioan adosturikoa

Euskalduntzea

Espero zen bezala, eta nahiz eta eragile ugarik aurkeztutako zuzenketa eta alegazioetan eskatu egungo A, B eta D ereduak gainditu eta murgiltze eredu orokortua ezartzeko ikastetxe guztietan, ez da halakorik jaso lege proiektuan. Bai Akordioan bai aurreproiektuan adierazitako eredua mantentzen da: “Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna”. Euskaraz B2 maila lortuta bukatu behar dute derrigorrezko hezkuntza ikasleek, eta horretarako ikastetxe bakoitzak erabakiko du bere hizkuntza proiektua, duen testuinguruaren araberakoa. Ikastetxeen hizkuntza proiektu bakoitza ebaluatzeko eta jarraipena egiteko konpromisoa hartzen du administrazioak.

Ez da zehazten euskara izango denik irakas-hizkuntza bakarra, eta horrek ere kezka sortzen du euskalgintzan, zenbat ikastordu izango diren euskaraz irakatsiko direnak eta zenbat beste hizkuntzaren batean. Euskalgintzaren Kontseiluak berehala egin du bere eskakizuna: “Dokumentuak ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna, ezta hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den. Hortaz, legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso behar du euskara izango dela irakas-hizkuntza orokorra”.

Hasierako zirriborroan jasota zegoen moduan, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortuko da, eta irakasleek euskaraz C1 maila lortzeko prestakuntza “sustatuko da”.

Ez da zehazten euskara izango denik irakas-hizkuntza bakarra, eta horrek ere kezka sortzen du, zenbat ikastordu izango diren euskaraz irakatsiko direnak eta zenbat beste hizkuntzaren batean

Hezkuntzaren deszentralizazioa

Hezkuntza deszentralizatu eta eskualde eta herrietako errealitatera eramatea izan zen Hezkuntza Akordioaren aldarrietako bat: horretarako, eskumen gehiago eskatu ziren udalentzat, eta udal hezkuntza kontseiluen sorrera iragarri zen, administrazioarekin sinergian hezkuntza proiektu komunitarioak garatzeko eta ikasleen eskolatze orekatua bermatzeko. Herri eta hirietan Hezkuntza Kontseilu hauek sortu ahal izatea baimentzen du legeak, baina lehen zirriborroan beraien funtzioa eta eskumenak urardotzen zirela kritikatu zuen hainbat eragilek. Azken testuak ez du zirriborroarekiko aldaketa berezirik ekarri gai honetan, eta aholkulari funtzioa ematen zaie kontseiluei: " Udal hezkuntza-kontseiluei kontsulta egingo zaie jarduera eta eduki hauei buruz (...)".

Lege proiektuak bidea du oraindik aurretik. Eusko Legebiltzarrean egingo duen ibilbidea eta Hezkuntza Akordioa sinatu zuten alderdien arteko harremana azaldu dugu artikulu honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude