EAEko Hezkuntza Legeak atzerako kontaketa hasi du: azken fasea ulertzeko gakoak

  • EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborrotik beste bizpahiru zirriborro berridatzi –eta negoziatu– ostean, zenbat aldaketa espero ditzakegu Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartuko duen lege proiektuan? Noiz iritsiko da testu berria Legebiltzarrera eta zein bide egingo du behin betiko lege bihurtu arte? Zein puntuk sortuko dute eztabaida gehien? Nolakoa da uneotan Hezkuntza Akordioa sinatu zuten alderdien arteko harremana? Hona hainbat argibide.

Behin Gobernu Kontseiluak onartuta, ziurrenik udal eta foru hauteskundeen ondoren iritsiko da lege proiektua Eusko Legebiltzarrera. Argazkian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua (Irekia.eus)

2023ko apirilaren 25an - 02:13
Azken eguneraketa: 06:42

Nondik dator, zenbat bide du aurretik?

2022ko martxoan hainbat alderdik sinaturiko Hezkuntza Akordioa oinarri hartuta, Hezkuntza legearen aurreproiektua idatzi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta iraila erdialdean jarri zuen audientzia publikoan. 34 eragileren ekarpen eta alegazioak jaso zituen lehenengo zirriborro horrek, eta Akordioa sinatu zuten alderdi guztiek adierazi zuten testuak aldaketak behar zituela. Testu berria –teorian alegazioak eta ekarpenak kontuan hartuta– Gobernu Kontseiluak iragan abenduan onartuko zuela aurreikusi zen, baina dezente atzeratu da, eta apirilaren 25 honetan onartuko dute azkenean, lege proiektu gisa. Tartean, bigarren eta hirugarren zirriborro bat ere egon da gutxienez, eta alderdi batzuen artean testua negoziatzen aritu dira.

Behin Gobernu Kontseiluak onartuta, ziurrenik udal eta foru hauteskundeen ondoren iritsiko da lege proiektua Eusko Legebiltzarrera, eta alderdi batzuek eta besteek izan ditzaketen zuzenketen faseari ekingo zaio. Legea legegintzaldi honetan onartuko dela esana du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak.

Zein aldaketa jasoko ditu lege proiektuak?

Lege aurreproiektuak kritika ugari jaso zituen, eta pentsatzekoa da Gobernu Kontseilura helduko den lege proiektuak aldaketa pare bat gutxienez jasoko dituela (artikulu honetan xeheago kontatu genuen). Batetik, Euskal hezkuntza zerbitzua delakoari lotua. Legearen zutabeetako bat den zerbitzu horren arabera, sare publiko nahiz itunpeko, betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe orok %100eko finantzazio publikoa jasoko du. Bada, hasierako zirriborroan alderdi guztiek argi utzi zuten betebehar horiek ez zeudela nahikoa zehaztuta, eta seguruena gehiago zehaztuko ditu lege proiektuak. Beste kontu bat da hezkuntza zerbitzuaren atzean zer ulertzen duten alderdi batzuek eta besteek, PSEk ongi azaldu zigun moduan: “Zerbitzu hau helmuga gisa ikusten dugu, betebehar batzuk jarri eta betez gero azkenerako zerbitzu honen partaide izan; baina aurreproiektuan abiapuntu gisa irudikatzen da, badirudielako itunpeko guztiak automatikoki zerbitzuaren parte direla”.

Bestetik, ikasleen segregazioaren kontrako neurriek Hezkuntza Akordioan zuten protagonismoa eta legearen aurreproiektuan galdu zuen nagusitasuna ikusirik, ziurrenik eskolatze orekatu baten aldeko neurri eta irizpide gehiago eta zehatzagoak agertuko dira aurreproiektuan.

Beste kontu bat da Euskal hezkuntza zerbitzuaren atzean zer ulertzen duten alderdi batzuek eta besteek. "Zerbitzu hau helmuga gisa ikusten dugu, baina aurreproiektuan badirudi itunpeko guztiak automatikoki zerbitzuaren parte direla"

Aurreproiektuari eragileek jarri dizkioten alegazio ugarik euskara izan dute hizpide: egungo A, B eta D ereduak gainditu eta euskararen murgiltze eredu orokortua eskatu du hainbatek. Aldiz, ez dirudi lege proiektuak hori jasoko duenik, bai Hezkuntza Akordioak bai lehenengo zirriborroak “euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” duelako oinarri, ez murgiltze eredua. Akordioaren arabera, gainera, irakas-hizkuntza euskara izango da lehentasunez, baina ez irakas-hizkuntza bakarra –hainbat eragilek eskatu dutenaren kontra–.

Laikotasunari lotutako aldaketarik izango ote den ere ikusgai dago: lehen zirriborroan oso lausoa zen eskolak laikoa izan behar duela zioen betebeharra, ikastetxe bat laikoa eta aldi berean kristaua izatea ahalbidetzeraino: izan ere, lege aurreproiektuak eskatzen zuen “laikotasunean oinarritutako hezkuntza-eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz”. Zorroztuko al da definizioa? Gainera, Hezkuntza Akordioan ordu kopuru muga bat adostu zen Erlijioa ikasgaiarentzat, baina aurreproiektuan ez zen inongo mugarik ageri. Agertuko al da mugarik lege proiektuan?

Neurriak betearazteko mekanismorik jasoko al du lege proiektuak –Akordioak zioenari jarraiki–? Tokian tokiko hezkuntza aldarri, udalei eta udal eskola kontseiluei Akordioan atxikitzen zitzaien rol garrantzitsua emango al dio testu berriak, ala urardotuta geratuko da udal eskola kontseiluen funtzioa, aurreproiektuko testuan ikusi genuen moduan?

 Aurreko paragrafoetan aipaturiko gaiek ziur sortuko dutela ika-mika, baina bada beste gai bat zentralitate handia hartzen duena: sare publikoak legean duen –izan beharko lukeen– protagonismoa

Zein puntuk piztuko dute eztabaida Legebiltzarrean?

Hezkuntza Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera ailegatzen denean, aurreko paragrafoetan aipaturiko gaiek ziur sortuko dutela ika-mika, baina bada beste gai bat zentralitate handia hartzen duena: sare publikoak legean duen –izan beharko lukeen– protagonismoa. Eskola publikoa lehenetsi behar dela diote alderdi guztiek, baina denek ez dute uste legean benetan hori islatzen denik: plaza publikoak bermatzeko eta sare publikoa haztea ahalbidetzeko neurriak eskatzen ditu hainbatek. Ikusiko dugu testu berriak zein leku eskaintzen dion sare publikoari eta nola baloratzen duten alderdi batzuek eta besteek. Ikastetxeak publifikatzeko aukera –titulartasun pribatua duten ikastetxeak sare publikoan integratzekoa–, esaterako, xedapen gehigarri gisa baino ez zen ageri aurreproiektuan, eta EAJk adierazi zigunaren arabera, “agertzen den lekuan ondo dago”.

Nola daude alderdi sinatzaileen arteko harremanak?

EAJ, PSE, EH Bildu eta IU-Elkarrekin Podemos dira Hezkuntza Akordioaren sinatzaileak, eta agerikoa da Hezkuntza Legea onartzeko unea iristen denean ere, alderdi horien guztien aldeko botoa nahi duela Jaurlaritzak, babes parlamentario zabala irudikatzen duen legea izan dadin. Ordea, Hezkuntza Legeari lotuta Eusko Jaurlaritzaren ildoarekin publikoki desadostasun handiak azaleratu ditu behin baino gehiagotan IU-Elkarrekin Podemosek. Eskola publikoaren defendatzaile sutsu gisa agertu nahi du bere burua, eta berriki adibidez Jaurlaritzaren planifikazio dekretua eta itunpeko ikastetxeekin sei urterako sinatu duen ituna kritikatu ditu alderdiak: “Jaurlaritzaren erabakiak ez dira eskola publikoaren aldekoak. Momentu honetan, Hezkuntza Legearen kontra gaude, eta asko aldatu beharko dira gauzak, gure aldeko botoa izan dezan”. Baina hau ez da amaitu, eta kapitulu batzuk oraindik falta zaizkio Hezkuntza Legeari, azken etapa honetan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude