"Sekulako saria da jakitea jendeak nire kantuetan babesgunea topatu duela"

  • Olatz Salvador Zalduak (1990, Donostia) berriki bukatu du Aho uhal diskoaren bira. Donostiako Victoria Eugenia antzokian agurtu zuen proiektua, 900 lagunen aurrean. “Babes handia sentitu nuen eta oso eskertuta nago”.  Orain, aho uhalik gabe jauzi berriak egiteko hautua egin du, eta horretarako, atsedena hartuko du lehenik. Trostan bezain lasai, bizitakoaz, bidaiez, zamaz eta xarmaz mintzatu gara berarekin.

"Nire gauza berrien zain dagoenari pazientzia eskatzen diot. Bizitza frenetiko honetan denbora hartzea aldarrikatzen dut". (Argazkia: Jon Xabier Zabala)

Zintzilik izan zen lehen diskoa, eta Aho uhal bigarrena. Bira amaierako kontzertu puskarekin uhala askatu duzu.
Horixe zen nahi nuena. Oraindik lan-karga handiarekin jarraitzen dut, edo nahi baino zeregin gehiagorekin, eta badut gogoa uhala guztiz askatzeko. Egia da bira amaitzeak zerbait handia eta ederra egin izanaren poztasuna eman didala: talde polita osatzearen atsegina, jendearekin konektatu izanaren sentsazioa… Oraindik ez ditut digeritu. Lasaitasuna da orain topatu nahiko nukeena.

Aurrera egiteko, beharrezkoa da gelditzea?
Niretzat bai. Badago bira amaitu aurretik hurrengo diskoa prest duen jendea, baina dena husteko prozesua behar izaten dut lehenago; leihoak irekita izan eta esponja gisa aritu, inguruan edo nire barnean gertatzen dena identifikatu eta jasotzeko. Esplorazioak bertigoa ematen du.

Zer izan da zuretzat Aho uhal?
Intentzio aitorpena izan daiteke, izenburutik hasita. Zaldia izatetik aho uhalak eramatera, bidea zaila egiten zait: gidari izateko erresistentziak izaten ditut nire barnean proiektu batzuetan, eta borroka horretan nabil oraindik ere.

Bestalde, leiho asko ireki dizkit: Italian eta Galizian izan ginen hizkuntza gutxituen jaialdietan, Europan euskara non kokatua dagoen ezagutzeko aukera eman zidan, Japonian egon ginen, Finlandian ere bai… Gure txikitasunarekin konplexua dugu hemen, eta beste toki batzuetan balio berezia du. Niri horrek euskaraz egiten jarraitzeko indarra eman dit, baita hemendik kanpo maitasun hori jasotzeko aukera ederrak ere.

Dena den, ezeren gainetik, oholtzan hobetzeko playgrounda izan da niretzat. Hasieran errespetu handia ematen zidan, baina geroz eta erosoago sentitzeko aukera eman dit bira honek. Beti ez duzu egun ona oholtzara igotzeko. Krisiak askotan egoten dira: esposizio maila altuak batzuetan erosoak ez diren uneak ematen dizkizu.

Argazkia: Olatz Salvador

Espero zenuen bidea hastean halako erantzunik jasotzea?
Nire helburua, lehen unetik, ausartzera pausua ematea zen. Nire gelako lau pareten artean sortu dira kanta batzuk, gitarrarekin, eta jendearengana iristeko zubia eraikitzea zen asmoa. Hasieran, badakit, horma handiak nituela prozesu horretan, beldurra edo.

Unean uneko prozesuan murgildu naiz, ez dut luzerako espektatibarik eduki. Ez dut uste osasuntsua denik, ezta errealista ere. Inoiz ez dakizu nora iritsi zaitezkeen. Sekulako saria da jakitea nire kantuetan babesgunea topatu duela jendeak beren esparru garrantzitsuetarako. Jarraitzeko dudan motore handiena da.

Lehen, Skakeitan taldean, bigarren planoan aritzen zinen, teklatuan. Lehen lerrora eta bakarkakora pasa zinen gero. Ahalduntze ariketa izan da bidea?
Bai. Egiteko beharra sentitu nuen, baina kosta zitzaidan klik egitea edo buelta handi horri tamaina hartzea. Bigarren mailan egotetik, izen-abizenekin lehen lerroan egotera pasatu nintzen. Oraindik ere batzuetan damutzen naiz ezizen bat asmatu ez izanaz, baina zintzotasun ariketa bat ere badago hor: maskara guztiak kendu eta ni behintzat agertu eta nolabait biluztearen ausardia.

"Oraindik ere batzuetan damutzen naiz ezizen bat asmatu ez izanaz, baina zintzotasun ariketa bat ere badago hor"

"On egiten badizu, gelditu hor; min ematen badizu, ez egon hor". Musika eraldaketarako armatzat duzu?
Bai, badu gugan eragiteko ahalmena. Esaldia Ane Labakarena da. Aldarrikapen berri bat bihurtu da neurri txikian bada ere, eta pintaketak ere iritsi zaizkit. Kanta bidez sendatzen laguntzea ederra da. Alaia Martinek, azken kontzertuan, nire musika "zauriturik gaudenontzako ospitalea" zela esan zuen. Ez diot behar ez duen boterea eman nahi: terapiak eta benetako ospitaleak beharrezkoak dira, baina musikak badu gauza txiki batzuk aldatzeko boterea. Eta, nire musikak hori edukitzea ere nahiko nuke, eta antza, klik txikiak egiteko balio izan du.

"Kanta bidez sendatzen laguntzea ederra da"

Salvador abizenak zure buruan edo inguruan, zer eman dizu: aukera, presioa ala indarra?
Ez dok hamairuko omenaldi gehienetan egon naiz, nire aitak eta osabak paper garrantzitsua izan dute euskal eszena honetan, baina horrekin apurtzeko beharra ere sentitu dut: nire lekua bilatzekoa, eta ez inertziaz jasotzekoa… Batzuk Mikel Laboa berria deitzen didate, eta mota honetako etiketak ez ditut nahi: asko pisatzen dute, eta ez dute laguntzen, nahiz eta nonbait politetik jaio direla jakin. Bakoitzak beretik egitea aldarrikatzen dut.

Rozalenekin abesten ikusi zaitugu, abestien istorioak bideoklipetan ere gorpuzten... Ez duzu mugarik?
Gustatuko litzaidake mugarik ez izatea (barreak). Beti egongo dira mugak: denborarenak, ekonomikoak, jakintzak emandakoak... Baina muga posible horiek desagerrarazi eta berriak eraikitzearekin amestu daiteke, gero berriro bota eta gehiago eraikitzeko.

Nire gauza berrien zain dagoenari pazientzia eskatzen diot; nire erabakia izan da lasai hartzea. Gainera, bizitza frenetiko honetan denbora hartzea aldarrikatuko dut, eta musika beste era batean entzutea. Musika hainbeste eta hain azkar entzutearekin agortu egiten dugu: musika zabaltzaile izan behar gara, eta ez horren kontsumitzaile. Slow food aldarrikatzen den gisa, nik slow music aldarrikatu nahi dut. Hau ez da txurreria bat.

Laguntasunari gorazarre

“Bide profesionalaz gain, oso aberasgarria izan da bidea. Istorio pertsonal polita izan dudan jendea aldean hartuta, laguntasunari gorazarre egin nahi nion, kritika batean esan zuten bezala. 900 pertsona ni ikustera etortzea ez da ohikoa, ezta normala ere: bost urteko bide hau horrela borobiltzea sekulako saria izan da. Babes handia sentitu nuen, eta oso eskertuta nago. Amaiera kontzertuak pena eta poza eman dizkit. Aurten bi agur kontzertu izan ditut, bata –Skakeitan– betirakoa, edo bueltatzeko espektatiba gabea; eta beste hau prozesu baten baitakoa, baina oholtzara bueltatzekoa. Biek dute bertigo sentsazioa, baina itxierak egitea beharrezkoa da, eta ongietorriak ere izan dira". Testua

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bakarlariak
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


‘Giza zarata’ diskoa aurkeztu du Anarik: "Lehen diskoko Anarirekin konektatu dut"

Martxoaren 7an aurkeztu du zazpigarren diskoa Anari Alberdik, Bilbon. Ideiak pilatu eta kantuetan banatu dituela adierazi du. Datorren astean berari eginiko elkarrizketa luzea argitaratuko du ARGIAk.


Eguneraketa berriak daude